Gerra Ukrainan

Ukrainako gerragatik, 15 milioi lagun gosete arriskuan

Mikel O. Iribar.
2022ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
FAO Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundeak ohartarazpen ozen bat egin dio nazioarteari, beste behin: hamabost milioi pertsonatik gora «gosete arriskuan» egongo dira aurten, Ukrainako gerrak zuzenean eraginda. Erakundeak, gainera, adierazi du Errusian eta Ukrainan ereindako uztak ezingo direla beste herrialde batzuetakoekin ordezkatu. Horiek horrela, FAOk nazioarteko komunitateari eskatu dio gudak elikagaien segurtasunean eragindako kalteak «sendotzeko eta ezabatzeko».

Ukrainak eta Errusiak munduko gariaren %30 inguru esportatzen dute; Munduko Elikadura Programak, esaterako, gariaren %55 Ukrainatik bertatik erosten du. Gaur-gaurkoz, ordea, herrialde horretako portuetan otsail amaieratik hogei milioi tona gari baino gehiago blokeatuta daude, ez aurrera ez atzera, Moskuk ez dielako uzten itsasontziei Itsaso Beltzera irteten. Bada, Errusiako Defentsa Ministerioak atzo jakinarazi zuen itsasontziak portuetatik atera ahal direla, eta ziurtatu zuen korridore humanitarioak irekiko dituztela horretarako. Errusiako presidente Vladimir Putin, bestalde, Afrikako Batasuneko eta Senegalgo presidente Macky Sallekin batzartuko da gaur.

Bitartean, Ukraina bere aliatuekin operazio bat martxan jartzeko lanean ari da, Nazio Batuen Erakundeak babestuta, Itsaso Beltzaren merkataritza ibilbideak berreskuratzeko eta lehengaiei irteera emateko. Hala jakinarazi zuen atzo Ukrainako Atzerri ministroaren eledun Oleg Nikolenkok.

Atea ixteko asmorik ez

Errusiak Ukrainaren inbasioa hasi zuenetik ehun egun igaro diren honetan, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak atzo ziurtatu zuen herrialdearen bosten bat Errusiako armadaren menpe dagoela; ia 125.000 kilometro karratu inguru.

Kremlineko bozeramaile Dmitri Peskovek atzo esan zuen Errusia ez dagoela kezkatuta EB Europako Batasunak aste honetan bere petrolioari ezarri berri dion bahituragatik. «Eskaria alde batetik murrizten bada, bestetik handituko da». Zigorrak, gainera, EBri berari kalte egin diezaiokeela ohartarazi zuen, eta Errusiako petrolioarentzat «eskari nahikoa» egongo dela erantsi. Hori bai, Peskovek gogorarazi zuen Kremlinek ez duela asmorik Europari atea ixteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.