Ukrainako gerra bukatzeko «irtenbide politikoaren alde» azaldu dira Xi eta Putin

Errusiako presidentea eta Txinakoa Pekinen bildu dira. Palestinaz galdetuta, gatazka hori amaitzeak «premia ezin handiagoa» duela esan dute, eta uste dute irtenbide bakarra bi estatuena dela, «bakea iraunkorra izan dadin».

Xi eta Putin, harremanak sakontzeko akordioa sinatu ostean, gaur, Pekinen. SERGEY BOBYLEV / SPUTNIK / KREML/EFE
Xi eta Putin, harremanak sakontzeko akordioa sinatu ostean, gaur, Pekinen. SERGEY BOBYLEV / SPUTNIK / KREML/EFE
asier gonzalez de san pedro
2024ko maiatzaren 16a
13:55
Entzun

Vladimir Putin Errusiako presidenteak eta Xi Jinping Txinakoak uste dute Ukrainako gerra bukatzeko «irtenbide politikoaren alde» egin behar dela, eta hori dela «jarraitu beharreko bidea». Putin eta Xi gaur goizean bildu dira, Errusiako presidentea Txinan egiten ari den bi eguneko bidaia baliatuta. Txinako estatuburuak, bilera horren ostean emandako prentsaurrekoan, azaldu du soluzio hori lortzeko «alde guztiek onartzen duten» konferentzia bat egin behar dela, eta, Errusiako armada egunotan Kharkiven (Ukraina) aurrera egiten ari diren honetan, elkarrizketei berriro ekin behar zaiela.

Txinak bere eginkizun «eraikitzailearekin» jarraituko duela jakinarazi du Xik, eta Europak «bakea eta egonkortasuna» berreskuratzea espero duela adierazi du. Gainera, Palestinako egoeraz galdetuta, gatazka bukatzea «premia ezin handiagoa» duela esan du Txinako presidenteak, eta uste du irtenbide bakarra bi estatuena dela, «bakea iraunkorra izan dadin».

Dena den, datorren ekainean bake konferentzia bat egingo dute Suitzan, Ukrainako gerra amaitzea helburu, eta Txinak oraindik ez du izena eman. Gainera, Pekinek oraindik ez du Errusiaren jarrera gaitzetsi, eta «alde bakarreko zigorren» aurka azaldu da. Horregatik, Errusiarekin salerosketa harreman «normal bat» izan nahi du oraindik ere.

Bestalde, Putinek esan du Txinak egindako proposamenak «egoera egonkortzeko nahia» azaltzen duela, eta Gerra Hotzeko pentsamoldearen aurka egiten. Errusiako presidenteak G20 eta Munduko Merkataritza Erakundea kritikatu ditu, eta horiek «eraberritu eta despolitizatu» behar direla gehitu du, «munduko ekonomia globalaren gobernantza hobetzeko».

Ameriketako Estatu Batuetako Estatu idazkari Anthony Blikenek, aldiz, atzo Ukrainako hiriburuan egindako adierazpenetan, salatu zuen Txinak Errusiari «laguntzen» duela oraindik ere, Ukrainako gerrarako klabeak diren piezak eta osagai elektronikoak salduz.

Harremanak sakontzen

Bi herrialdeen arteko harremanari dagokionez, Errusiak eta Txinak dituztenek beste herrialdeentzat «eredu bat» izan behar dutela uste du Xik, eta horiek garatzea «munduko bakea, egonkortasuna eta goraldia» bultzatzen duela. Hala, bi agintariek erlazioa «sakontzeko» akordio bat sinatu dute, bien arteko harreman diplomatikoen 75. urteurrena den honetan.

Elkarlanerako akordioak egitea ere adostu dute. Bi herrialdeen arteko harremanak hainbat alorretan: ekonomian eta merkataritzan, inbertsioetan, energian eta pertsonen arteko trukeetan. Harreman horiek «munduko egonkortasuna mantentzeko balio izan dutela, eta nazioarteko harremanak demokratikoak» izatea lortu dutela gehitu du.

Gainera, Xik gogorarazi du Putinekin berrogei aldiz baino gehiagotan bildu dela, eta asko hitz egiten dutela. Bi herrialdeetako presidenteak azken urtean hiru aldiz bildu dira: Putin bi aldiz joan da Pekinera, eta Xi behin Moskura. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.