Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak eskari asko egin dizkie Mendebaldeko aliatuei Errusiaren kontrako gerrarako. Asteotan, ordea, arreta honako afera honetan jarri du: gatazka militarra irabazteko, bere herrialdeko armadak Errusian barnerago egin behar duela eraso, eta ez, orain arte gehienetan egin duen gisara, mugako eskualdeetan. Horregatik, Zelenskik uste du irismen luzeko misilak erabili behar dituztela, eta horiek botatzeko baimena lortzen saiatzen aritu da egunotan; besteak beste, AEB Ameriketako Estatu Batuetako Estatu idazkari Antony Blinkenekin eta Erresuma Batuko haren homologo David Lammyrekin batzartuta. Kievek baiezkoa jasoko balu, horrek beste koska bat estutuko luke gerra.
Eta badirudi, lehen informazioen arabera, Zelenskik nahi zuen erantzuna jasoko duela. Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroa AEBetan da, Joe Biden hango presidentearekin gaur gauean batzartzeko, eta, hain justu, irismen luzeko misilak erabiltzeaz arituko dira bi agintariak. The New York Times egunkariak «Europako iturriak» aipatuta argitaratu duenez, Bidenek baiezkoa emango dio, baina baldintza bat jarrita: Ukrainako armadak ez ditzala AEBenak erabili.
Starmer baimena ematearen aldekoa da, eta Emmanuel Macron Frantziako presidentearekin koordinatu ostean —hark ere iritzi hori du—, AEBetako estatuburuarekin ere mintzatu nahi zuen, afera horretan fronte eta estrategia komun bat islatzeko.
Vladimir Putin Errusiako presidenteak esan zuen ezen, Ukrainako armadak herrialde aliatuek bidalitako irismen luzeko misilak erabiliz gero, Mendebaldea bera legokeela borrokan Errusiaren kontra. Eta horrek, Putinen ustetan, gerraren «izaera eta tamaina aldatuko» lituzke: «NATOko [Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko] herrialdeak gatazka militar batean zuzenean inplikatzeaz erabakitzeari buruzko afera bat da».
Arlo diplomatikoan, berriz, Errusiak gaur jakinarazi du Erresuma Batuaren enbaxadako sei diplomazialariri espioitza leporatu diela, eta horren ondorioz akreditazioak kendu dizkiela; FSB Segurtasun Zerbitzu Federalak kaleraturiko bertsioaren arabera —zerbitzu sekretuak dira—, Ukrainan «egoera politikoa eta militarra koska bat estutzea» zuten helburu, eta, beraz, horien «ekintzak mehatxu bilakatu» ziren Errusiarentzat.
Londresentzat, ordea, akusazio horiek «erabat oinarririk gabeak» dira. Atzerri Ministerioak ohar baten bidez zehaztu du, gainera, sei diplomazialari horiei duela hilabete kendu zizkietela akreditazioak, eta jada Erresuma Batuan direla. Bertsioak bertsio, aferak agerian utzi du Putinek Starmerren kontrako presioa handitu nahi zuela, erabaki horren berri eman baitute Erresuma Batuko lehen ministroa Washingtonen lurreratzear zela.
Zelenskiren eta Bidenen arteko bilkura, hilabete amaieran
Zelenski «garaipenerako plan bat» aurkeztekoa da Bideni, eta, Ukrainako presidenteak gaur jakinarazi duenez, horretarako bilkura hilabete amaieran egingo dute bi agintariek —ez du data zehatzik eman—. «Elkar konektatua dauden irtenbideen multzo bat izango da, Ukrainari gerra hau bakera bidean jartzeko behar adina botere eta gauza emango dizkiona», esan du Zelenskik prentsaurreko batean.
AEBetako presidentearekin elkartzeaz gain, Ukrainako estatuburua Alderdi Demokrataren eta Alderdi Errepublikanoaren hautagaiekin ere batzartuko da; Kamala Harrisekin eta Donald Trumpekin, hurrenez hurren. Presidentetzarako hauteskundeak datorren azaroaren 5ean egingo dituzte AEBetan.
3.569Ukrainako zenbat preso itzuli diren Errusiatik. Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak jakinarazi du Errusian preso zeuden 49 lagun askatu dituztela, eta Ukrainara itzuli direla dagoeneko; hori bai, X sare sozialean idatzitako mezuan, ez du zehaztu Moskurekin negoziaturiko truke baten ondorio izan den, nahiz eta orain arte hala aritu diren. Gerora, Giza Eskubideen Ukrainako komisario Dmitro Lubinetsek azaldu du 2022ko otsailean gerra hasi zenetik hona 3.569 pertsona bueltatu direla auzo herrialdetik.