GERRA UKRAINAN

Ukrainako energia sareari erasotzeak nazioarteko zuzenbide humanitarioa urratu dezakeela ohartarazi dute

NBEren agentzia batek gaur argitaratu duen txosten baten arabera, «arrazoiak daude pentsatzeko» Errusiak nazioarteko zuzenbide humanitarioa urratu duela energia azpiegiturei eraso eginda.

Ukrainako elektrizitate azpiegituren aurkako eraso bat, martxoan. SERGEI KOZLOV / EFE
Ukrainako elektrizitate azpiegituren aurkako eraso bat, martxoan. SERGEI KOZLOV / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2024ko irailaren 19a
16:18
Entzun

Martxotik hasita behin eta berriz egin die eraso Errusiako armadak Ukrainako elektrizitate azpiegiturei. Horrek «kalte eta estutasun handiak» eragin dizkie Ukrainako herritarrei, Ukrainan Giza Eskubideak Behatzeko Nazio Batuen Misioaren arabera. Gainera, negua iristean eraso horien ondorioak «suntsitzaileak» izan daitezkeela jakinarazi dute. Gaur argitaratu du NBEren agentziak gai horren inguruko txostena, eta ondorioztatu du balitekeela Errusia nazioarteko zuzenbide humanitarioa urratzen aritzea.

Ukrainako energia azpiegituren aurkako bederatzi eraso olde zenbatu ditu NBEren misioak iragan martxotik irailera arte. Horietan, Ukrainaren kontrolpean dauden 24 eskualdeetatik hogeitan eragin dituzte kalteak; besteak beste, Kiev hiriburuan. Erasoak misilekin eta droneekin egin dituzte, eta kaltetutako azpiegituren artean daude eguzki zentralak, zentral termikoak eta zentral hidroelektrikoak.

Txostenaren arabera, erasoek arriskuan jarri dituzte ukrainarren oinarrizko zerbitzuak, hala nola uraren banaketa, estolderia sistemak, berogailuak eta ur beroa, osasun publikoa, hezkuntza eta ekonomia. Gainera, txostenak dio bereziki kalte egin zaiela biztanlerik zaurgarrienei: adinekoak, diru sarrera apalak dituztenak eta barne desplazatuak.

Eraso horiek argindar etenak eragin dituzte herrialde osoan zehar. Gainera, txostenean aipatu dute hiri askotan egunean hamabi ordu baino gehiagoko etenak jasan zituztela bero bolada betean, uda honetan. Eta NBEren misioak ohartarazi du egoerak okerrera egingo duela neguan, tenperaturek behera egiten dutenean. Horren inguruan hitz egiteko, Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyen Ukrainako presidente Volodimir Zelenskirekin batzekoa da bihar. Von der Leyenek prentsaurrekoa eman du gaur Fatih Birol Nazioarteko Energia Agentziako zuzendari nagusiarekin batera. Biek adierazi dute EB Europako Batasunak Ukrainari laguntza ematen jarraitu behar duela energiaren arloan.

Kursken, berriz atzera

Moskuk jakinarazi du gaur Ukrainako bi drone suntsitu dituela Kursk eskualdean. Iragan abuztuaren hasieran erasoaldi bat hasi zuen Ukrainak Errusiako lurralde horretan. Zenbait herri hartu zituen Ukrainako armadak, baina Errusia berriz ere lurraldearen kontrola berreskuratzen ari da. Aurrez Ukrainako militarrek harturiko bi herri berreskuratu dituzte azken egunetan, Moskuk jakinarazi duenez.

Bestalde, Europako Parlamentuak estatu kideei eskatu die ahalbidetzeko Ukrainari Mendebaldeak emaniko armak erabiltzea Errusian. Parlamentuan onartutako ebazpenak dioenez, hori egin ezean Ukrainak ezingo du «autodefentsarako eskubidea» osorik baliatu. Ebazpenaren alde agertu dira 425 eurodiputatu, kontra 131, eta 63 abstenitu egin dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.