Ukrainako azpiegitura energetikoentzako 30 eguneko su eten bat adostu dute Trumpek eta Putinek

Telefono bidez egin dute bileran, bi agintariek adostu dute behin betiko bake akordio baterako hurrengo urratsak «gutxi barru» negoziatzen hasiko direla. Moskuk iritzi dio «nahitaezkoa» dela Kievek jasotzen duen nazioarteko laguntza militarra etetea.

Errusiak eraso batean txikitutako petrolio findegi bat, Kharkiven (Ukraina). SERGEY KOZLOV / EFE
Errusiak eraso batean txikitutako petrolio findegi bat, Kharkiven (Ukraina). SERGEY KOZLOV / EFE
Igor Susaeta - Mikel Garcia Martikorena
2025eko martxoaren 18a
19:05
Entzun 00:00:0000:00:00

AEB Ameriketako Estatu Batuek eta Errusiak segurtasun globala ziurtatzeko betebeharra dute. Hori izan da AEBetako presidente Donald Trumpek eta haren homologo Vladimir Putinek gaur izandako elkarrizketaren ondorioetako bat. Horiek horrela, Ukrainarako akordio bat adostu dute bi agintariek: 30 egunez Moskuk ez die erasorik egingo Ukrainako azpiegitura energetikoei.

Euskal Herrian 15:00 zirenean hasi dute elkarrizketa Putinek eta Trumpek, eta bi ordu eta erdi baino gehiagoren ostean amaitu dute solasaldia. Bertan, besteak beste, Ukrainarako akordio bat egin dute, «bake iraunkor» baterako bidea urratzen hasteko. Hala jakinarazi du Etxe Zuriak ohar baten bidez, solasaldia amaitu denean. Oharrean jaso dutenez, adostutakoa aurreneko pauso bat besterik ez da, eta «gutxi barru Itsaso Beltzerako su eten bat» negoziatzen hasiko dira, Ekialde Hurbilean. Ez da ezustekoa eskualde hori aukeratu izana negoziazioak aurrera eramateko. Izan ere, azken asteetan herrialdeetako ordezkaritzak Saudi Arabian bildu izan dira. Ohar bidez, Errusiak adierazi du behin betiko akordio bat sinatzeko, hala ere, «arazoaren sustraietara joan eta haiek amaiarazi» behar direla.

Ukrainako azpiegiturei eraso egiteari uzteaz gain, gaur hitzartutako akordioak beste ezaugarri batzuk ditu. Kremlinek argitaratu duen oharrean azaldu duenez, Ukrainaren eta Errusiaren arteko gatibu truke bat egitea adostu dute Trumpek eta Putinek. Ukrainak eta Errusiak 175 preso askatu beharko dituzte; ez dute zehaztu, ordea, hori noiz egingo duten.

Ez da ezustekorik izan jorratu dituzten gaien inguruan. Izan ere, Kremlineko bozeramaile Dmitri Peskovek egunero egiten duen agerraldian jada jakinarazia zuen zeintzuk izango ziren bileraren ildo nagusiak: Ukrainako gerra «era baketsu batean» amaitzeko plan bat zehazten hastea eta bi herrialdeen arteko harremanak «normalizatzea». Reutersek kaleratu duenez, bi gai horietaz eta energiaren eta Ekialde Hurbileko egoeraren inguruan mintzatu dira bi agintariak.

Bileraren ostean agerraldi bat egin du Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik. Kazetariei esan die «begi onez» ikusten duela Moskuk eta Washingtonek egindako erabakia, baina «zehaztasun gehiago» behar dituela. Horiek horrela, Trumpekin bilera bat izango duela iragarri du.

Putinen zalantzak

AEBek eta Kievek Ukrainarako 30 eguneko menia bat onartu zuten hilaren 11n, eta Putinek bi egun geroago esan zuen horren alde dagoela; hori bai, «ñabardurei» erreparatzeko eskatu zuen. Errusiako presidentearen ustez, arazoak daude akordioa indarrean sartzeko eta Ukrainak adostutakoa betetzen duela ziurtatzeko, Peskovek jakinarazi duenez. Kremlineko bozeramaileak gaur iragarritako bi kezka horiez gain, Putinek zalantzak ditu akordioaren inguruan, uste baitu Kievek tarte hori berrarmatzeko erabil dezakeela.

Bloomberg hedabideak telefono deia abiatu aurretik kaleratu duen informazioaren arabera, Putinek Trumpi adierazi dio Errusiak su etena sinatzeko ez AEBek ez Europako Batasuneko ezein herrialdek ezin diotela 30 egunean armarik bidali Kievi. Are gehiago, Kremlinek argitaratu duen oharrean azpimarratu duenez, Moskuk iritzi dio «nahitaezkoa» dela nazioarteko laguntza militarra etetea 30 eguneko akordioaren ostean tentsioa berriz areagotu ez dadin.

Errusiaren marra gorri hori zuzenean onartu dutela jaso ez duten arren, «armen ugaritzea» etetearen beharra aipatu dute AEBek, kaleratu duten oharrean: «Arma estrategikoen ugaritzea eteteko beharraz hitz egin dute agintariek, eta adostu dute beste batzuekin hitz egingo dutela helburu hori herrialde gehiagotara zabaltzeko».

Ikusteko dago Europa Kievi laguntza eteteko prest dagoen. Izan ere, Europako Batasunak guztiz kontrako jarrera izan du azken egunetan. Gastu militarrera 800.000 milioi euro gehiago bideratzeko plana onartu dute Batasuneko kideek, eta Europako hainbat herrialdek iragarri dute Ukrainari ematen dioten laguntza handituko dutela —militarra zein ekonomikoa—.

Gaurkoa ez da izan bi agintariak telefonoz mintzatzen diren lehen aldia. Moskuk Ukrainako inbasioa abiarazi zuenetik, 2022an, AEBen eta Errusiaren harreman diplomatikoak txarrera egin dute, apurtzeraino. Joe Biden zen garai hartan AEBetako presidentea, baina Trump urtarrilean Etxe Zurira heldu zenetik Moskurekiko joera aldatu du Washingtonek. Horiek horrela, otsailaren 12an egin zuten aurreneko bilera bi agintariek, telefonoz. Elkarrizketa horretan Ukrainako gerra amaitzeko negoziazioak hastea hitzartu zuten.

Pertsonen kontrako minak

Poloniari, Lituaniari, Letoniari eta Estoniari iruditzen zaie Errusiarekin eta Bielorrusiarekin muga egiten duten NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kide diren herrialdeen kontrako mehatxu militarrek nabarmen egin dutela gora. Horrenbestez, herrialde horietako Defentsa ministroek gaur kaleratutako ohar bateratu batean gomendatu dute pertsonen kontrako minak debekatzen dituen hitzarmenetik ateratzea.

«Erabaki honekin mezu argi bat bidaltzen dugu: gure herrialdeak prest daude, eta beharrezko neurri guztiak har ditzakete beren segurtasun beharrak defendatzeko», azpimarratu dute. 1997koa da hitzarmena, eta 1999an sartu zen indarrean. Baltikoko herrialdeen eta Poloniaren ustez, ordutik «nabarmen» behera egin du «segurtasunak» Europako eremu horretan.

164 herrialdek sinatu zuten hitzarmena 1997an Ottawan egindako bilkuran, eta, orduz geroztik, 40k berretsia dute. Hitzarmenak debekatzen du minak erabiltzea, biltzea eta ekoiztea. Errusia eta AEBak dira, esaterako, mina ekoizle eta saltzaile nagusietako bi, eta ez batak ez besteak ez dute hitzarmena sinatu. Polonia, Lituania, Letonia eta Estonia azkenean hitzarmenetik ateratzen badira, pertsonen kontrako minak eduki eta erabili ahal izango dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.