Hiru egunez jarraian, Ukrainako tropen eta Errusiako armadaren arteko borrokek ez dute etenik izan Errusiako Kursk eskualdean: iragan asteartean hasi zuten erasoa ukrainar soldaduek, eta Errusiako tropek oraindik ez dute lortu muga zeharkatu zuten soldadu ukrainarrak kanporatzea. 2022ko otsailean Errusiak Ukrainaren inbasioa abiatu zuenetik, Kievek Errusiako lurretan egin duen erasoaldirik handiena da —hamar kilometro egin dute aurrera, AEBetako ISW Gerra Ikertzeko Institutuaren think tank-aren arabera—. Errusiako Osasun Ministerioak argitaratutako datuen arabera, bost zibil hil dituzte erasoetan, eta 3.000 lagun ebakuatu. Vladimir Putin Errusiako presidenteak «probokatzea» leporatu dio Ukrainari.
Iragan asteartean, goizeko 8:00 aldera —ordu bat gutxiago Euskal Herrian—, hirurehun bat soldadu ukrainarrek Kursk eskualdeko mugazain errusiarrei eraso egin zietela adierazi du FSB Errusiako Segurtasun Zerbitzu Federalak. Eskualdeko gobernadore Aleksei Smirnovek nabarmendu arren egoera «kontrolpean» zutela, Ukrainako tropen eta Errusiako armadaren arteko borrokak ez dira eten oraindik. Deep State Ukrainako kate militarrak adierazi zuen atzo Ukrainako tropek hainbat soldadu errusiar preso hartu zituztela, eta mugaz bestalde 2.000 soldadu ukrainar inguru tropa errusiarrei eraso egiteko aginduaren zain daudela.
Horrela, Putinek Errusiako Segurtasun Kontseilura deitu zuen atzo arratsaldean. Herrialdeko telebistetan zuzenean eman zuten bilera, eta Errusiako presidenteak «goi mailako probokazioa» egitea egotzi zion Ukrainari, eta azaldu zuen «aski ezaguna» dela Kievek eraso egiten diela eraikin zibilei eta anbulantziei; gehitu zuen azken bi egunetan Kursk eskualdeko eremu zibilek jasandako «bonbardaketak» direla horren erakusle. Errusiako tropen buru Valeri Guerasimoven esanetan, ukrainar soldaduak Sudzha barrutiaren kontrola bereganatzea izango lukete helburu nagusitzat. Hain zuzen ere, han dago Europara doan Errusiako gasa neurtzen duen tankea.
Herenegun hasitakoa ez da Ukrainak Kursk eskualdeko mugari eraso dion lehen aldia: iragan martxoan FSBk iragarri zuen ehun soldadu inguru hil zituela, sei tanke suntsitzeaz gain. Orduko saiakera horretan, astearte honetakoan ez bezala, erasoa Kieven aldeko miliziano errusiarrek egin zuten. Hilabete berean, Ukrainarekin muga egiten duen Belgorod eskualdeko aurkako hainbat eraso ere egin zituzten: Kursk eskualdetik 300 kilometro hegoaldera dago, eta zenbait miliziano ukrainarrek muga zeharkatzea lortu zuten, baina Errusiako armadak berehala atzeman zituen.
Aldi berri batean
2022ko otsailean abiatu zuen Errusiak Ukrainaren inbasioa, eta 2024an aro berri batean murgildu da bi herrialdeen arteko gatazka: Financial Times Erresuma Batuko kazeta ekonomikoak atzo argitaratutako artikulu batean azaltzen duenez, Kievek 2023ko ekainaren eta irailaren artean 321 kilometro karratu lur berreskuratu zituen bitartean, errusiar tropek aurtengo maiatzetik abuztura ia 600 kilometro karratu lur bereganatu dituzte. Hala, orain ukrainar gehiago daude gatazkari konponbide diplomatiko bat ematearen alde: 2024ko otsailean Kieveko Nazioarteko Soziologia Institutuak eginiko inkesta batean, ukrainarren %72k Errusiarekin negozioatzea babesten zuten guda amaitzeko.
Artikulu berean, Ukrainako goi kargu militar batek aitortzen du euren defentsak «ahulgune ugari» erakusten ari direla, eta egoera ez bada «lehenbailehen» aldatzen Moskuk «garaipen handiak» lortuko dituela datozen asteetan. Ukrainar biztanleriak ez ezik, herrialdeko presidente Volodimir Zelenskik ere inbasioa amaitzeko elkarrizketei ekiteko asmoa agertu du azkenaldian: uztailaren erdialdean herritarrei zuzenduta egindako adierazpenetan, Ukrainako gatazkaren inguruan egingo den hurrengo bake gailurrera ordezkaritza bidaltzea gomendatu zion Moskuri; ekainaren 15ean eta 16an Suitzan egin zen gailurrera ez zuten gonbidatu Errusia.