GERRA UKRAINAN

Kremlinentzat, «probokazio bat» da Zaporizhiako zentral nuklearrari egindako erasoa

Ukrainak ukatu egin du erasoa egin izana. NBEk ohartarazi du gisa horretako jokabideek «modu nabarmenean» areagotzen dutela «istripu nuklear larri bat» gertatzeko arriskua.

Zaporizhiako zentral nuklearrari iazko martxoan egindako argazki bat. SERGEI ILNITSKI / EFE
Zaporizhiako zentral nuklearrari iazko martxoan egindako argazki bat. SERGEI ILNITSKI / EFE
Igor Susaeta.
2024ko apirilaren 8a
09:15
Entzun

Zaporizhiako zentral nuklearrari (Ukraina) droneekin eraso egin zioten, atzo, eta Kremlinek nabarmendu du gaur Ukrainari egotzi dion eraso hori «probokazio oso arriskutsu bat» izan dela. Dmitri Peskov bozemailearen esanetan, gainera, IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak han dituen beharginak erasoen lekuko izan ziren. NBE Nazio Batuen Erakundearen agentzia horrek, baina, ez du halakorik adierazi.

Ukrainako iturri ofizialek atzo gauean azaldu zutenez, ez dute inongo operazio militarrik egin zentral nuklear horren kontra. IAEAk ordu batzuk lehenago jakinarazi zuenez, instalazio horri droneekin eraso egin zioten, eta horrek «kalte txikiak» eragin zituen erreaktoreetako batean. Agentziaren zuzendari Rafael Grossik ohar batean azpimarratu zuen gisa horretako erasoek «modu nabarmenean» areagotzen dutela «istripu nuklear larri bat» gertatzeko arriskua.

Herrialdearen hegoaldean dago zentral nuklear hori, Europako handiena da, eta, 2022ko otsailean Errusiak Ukrainako inbasioa hasi zuenetik, Moskuren kontrolpean dago. Haren bueltan bonbardaketa bat gertatu izan denean, bi aldeek elkarri egotzi diote erantzukizuna. Grossiren esanetan, 2022ko azaroaz geroztik han gertatutako era horretako lehen erasoa da atzokoa.

28

Zelenskik duen babesak zenbat puntu egin duen behera azken urtean. Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak ukrainarren artean duen babesak apaldu egin da azken urtean. Rating etxeak egindako inkesta baten arabera, iazko otsailean herritarren %91k ontzat jotzen zuen haren kudeaketa, eta, orain, %63k.

Instalazio horretan erasoak simulatzea eta haren ingurua pertsonen aurkako minez eta material militarrez betetzea egotzi zion Kievek atzo Errusiari. «Aspalditik egiten ari den praktika bat da hori». Leporatu zion, bide batez, arriskuan jartzea bai azpiegitura nuklearra eta bai zibilak. Rosatom Errusiako agentzia atomikoaren esanetan, ordea, Ukrainako indarrei egotzitako erasoak hiru pertsona zauritu zituen.

IAEAk askotan agertu izan du kezka zentralaren segurtasuna dela eta; Grossik atzo esan zuenez, ezin da gisa horretako erasorik gertatu. Segurtasun nuklearrerako babes eremu bat sortzeko negoziazioak hasi zituzten Errusiak, Ukrainak eta NBEren agentzia horrek 2022ko irailean, baina ez dira gai izan ados jartzeko. Zentralak sei erreaktore ditu, itzalita daude, baina zentralak etengabeko argindar fluxua behar du, instalazioa hoztea bermatzeko.

Lavrov, Txinan

Errusiak 2022ko irailean anexionatutako Ukrainako eskualdeetako bat da Zaporizhia, Kherson, Donetsk eta Luhanskekin batera. Dena den, ez du guztiz kontrolpean, eta, hain zuzen, eremu horri eraso egin dio goizaldean droneak erabilita, eta eraso horretan hiru zibil hil ditu, Ukrainako iturri ofizialeak jakinarazi dutenez.

Bestalde, Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak bisita diplomatikoa hasi du gaur Txinan. Bere homologo Wang Yik gonbidatu du, bihar arte egongo da han, eta Pekinek adierazi du Ukrainaz ere hitz egingo dutela. Aliatu geopolitikoak eta bazkide estrategikoak dira bi herrialdeak, eta, AEBek aurreko larunbatean esan zutenez, Ukrainako gerran laguntza geoespaziala eskaintzen ari zaio Txina Errusiari, eta horrek helburu militarra du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.