Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidentea eta Volodimir Zelenski Ukrainakoa ados jarri ziren bart: Ukrainako lur arraroen mineralei buruzko aurreakordio bat onartu zuten; hala kaleratu zuten Financial Times-ek eta AFP berri agentziak, Ukrainako iturri ofizialak aipatuz. Aspalditik ari ziren akordio horren gainean eztabaidatzen, eta, atzo, ustez, Zelenskik hitzarmenaren «azken aldaera» onartu zuen eta baiezkoa eman zion Trumpi. Gaur, ordea, Denis Shmigal Ukrainako Lehen ministroak eta Zelenskik berak jakinarazi dute Kievek ez duela akordiorik sinatuko Washingtonek segurtasun bermerik eman ezean. Hala ohartarazi zion presidenteak BBC Erresuma Batuko telebista kateari: «Segurtasun bermerik lortzen ez badugu, ez dugu su etenik izango, eta ezerk ez du funtzionatuko». Trumpek, baina, segurtasun bermerik ezin duela ziurtatu esan du, eta hori «Europaren egitekoa» dela azpimarratu du.
Atzo Berreraikuntzarako Inbertsio Funtsa onartu zuten: Ukraina berreraikitzeko funts batean inbertitzeko arauak eta baldintzak ezartzeari buruzko akordioa. Hitzarmen horretan bertan jakinarazten denez, baina, hori akordio osoaren zati bat baino ez da; akordio osoa aurrerantzean adostuko dute. Lehen pausoa jada eman du Zelenskik: argudiatu du Ukrainak akordio hori sinatzeko «beharra» zuela herrialdea «berreraikitzeko». Izan ere, Ukrainak AEBen laguntza militarra nahi du oraindik, baina Washingtonek ez du laguntzen jarraitzeko konpromisorik hartu.
Trumpek atzo erran zuen litekeena zela Zelenski ortziralean joatea Etxe Zurira, eta bertan sinatzea Berreraikuntzarako Inbertsio Funtsa. Gaur hori baieztatu dute Zelenskik zein Trumpek: aurreikusten dutela ortziralerako AEBetan izanen dela Ukrainako presidentea, ongi bidean, akordioa ixten.
Adostutako hitzarmenak 11 puntu ditu, eta gaur argitaratu dute Ukrainako hedabideek, iturri ofizialak aipatuz. Bertzeak bertze, bi herrialdeek adostu dute Ukrainak mineralen etekinen %50 bideratu beharko duela Ukrainako Ogasun eta Ekonomia Ministerioak eta AEBetako Ogasun Sailak kontrolatuko duten funtsera. Mineralen etekinez gain, Ukrainako lur arraroen, petrolioaren, portuen, gasaren, hidrokarbonoaren eta hainbat azpiegituren etekinak bilduko ditu funtsak.
%5Munduko baliabide mineralen zein portzentaje duen Ukrainak Munduko baliabide mineralen %5 Ukrainako mugen barrenean dago, World Mining Data txostenaren 2024ko datuen arabera. Gainera, mineral gehien ustiatzen duten herrialdeen artean berrogeigarrena da.
Funts bateratu horretara bideratutako dirua Ukrainan «bakea luzera begira» bermatzeko erabiliko dute, baita «egonkortasun ekonomikoa» lortzeko eta «segurtasuna indartzeko urratsak» zehazteko ere; hala argitzen du Berreraikuntzarako Inbertsio Funtsaren inguruko aurreakordioak.
Proiektu horiek sortuko dituzten etekinak bi herrialdeen artean banatuko dituzte. Ez herrialde batek ez bertzeak ezinen dio funts bateratuko dirurik hirugarren bati bidali; ez, behintzat, bi aldeek hala adostu gabe.
Otsailaren 12an iragarri zuen Trumpek telefonoz aritua zela Ukrainako presidentearekin eta, Errusiarekin su etenerako akordio bat adosteko negoziazioen harira, AEBek Ukrainari emandako laguntza bueltan jasotzeko eskatu ziola. Ukrainak lur arraro ugari ditu, eta Trump horiek lortu nahian ari da aspaldian. Hasieran, dena dela, bertze baldintza batzuk proposatu zizkion Zelenskiri: Kievi emandako laguntza militarraren truke, 500 bilioi dolar —485.000 milioi euro inguru— eskuratzea.
Ukrainako presidenteak, gaur, erantzuna eman die Trumpen eskakizunei, eta jakinarazi du Kievek ez duela onartuko AEBei «hamar zentimoko zorra» itzultzea ere. «Kontua ez da esker txarrekoak garela; eskertuta gaude. Baina hurrengo akordioak baldintza bat du: laguntza berriak ez dira doakoak izango». Zelenskik «bidegabekeriatzat» jo du Trumpen eskakizuna, eta ohartarazi dio ez dagoela «ez 500 bilioiko zorrik, ez 350 bilioikorik, ezta 100 bilioikorik ere». Hala ere, Trumpek gaur errepikatu du haien dirua «osorik eta pixka bat gehiago» itzuliko diela Ukrainak.
EBren «engainua»
Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak gaur salatu du Ukrainara mendebaldeko bake tropak bidali nahi izana «engainu bat» dela; alegia, Europak ez duela troparik bidaliko. «Ukrainako bake tropa batzuk hedatzeari buruzko elkarrizketak hitz hutsak dira», erran du gaur prentsa ohar batean.
Bide batez, Atzerri ministroak EB Europako Batasunari aurpegiratu dio Ukrainan gerra pizten jarraitu nahi izatea eta irtenbide baketsu baten «aurka» egotea. «EBk, batez ere Frantziak eta Ingalaterrak, helburu argia dute: gatazka baretzeko edozein saiakera gelditzea».
Trumpen eta Emmanuel Macron Frantziako presidentearen arteko bileraren harira, Lavrovek erran du Frantziak egindako proposamena —Ukrainan bake tropak zabaltzea— «tranpatia» dela, Moskuk ezin baitu onartu Ukraina «berriz armatuko» duen akordiorik.