Azken asteotan Ukrainari misilekin egindako erasorik handiena izan da gaurkoa. Kieveko iturri ofizialen arabera, Errusiako indarrek 50 misil baino gehiago jaurti dituzte azken orduetan. Hori nabarmendu du Denis Xmihal lehen ministroak. Eta herrialdeko armadaren buruzagi Valeri Zaluzhnik salatu du Moskuk Itsaso Beltzetik jaurtitako bi misilek Moldaviako eta Errumaniako aire eremua zeharkatu dutela. Moldaviako Gobernuak informazio hori baieztatu du, eta, Errumaniakoak, aldiz, gezurtatu.
Aintzat hartu behar da NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kidea dela Errumania. Defentsa Ministerioak azaldu duenez, armadak misil bat identifikatu du, gaur goizean, Errusiak Itsaso Beltzean dituen ontzietako batetik jaurtia. Ohar batean, zehaztu du Moldaviako aire eremua zeharkatu duela, baina «inoiz» ez dela sartu Errumaniakoan; gertuen 35 kilometrora egon da.
Moldaviako Defentsa ministro Anatolie Nosatik, berriz, Kremlinen jokabidea gaitzetsi du, eta «auzo herrialdearen aurkako erasoa» gelditu dezala eskatu dio. Horrekin lotuta, bilera batera deitu du Errusiaren Moldaviako enbaxadorea. Dena den, ez da Errusiari Moldaviako aire eremua urratzea egozten zaion aurreneko aldia: iazko urrian, Moldaviak salatu zuen Errusiak Itsaso Beltzetik jaurtitako hiru misilek herrialdea zeharkatu zutela.
Gerra hegazkinez
Ukrainako Gobernua eskatzen ari zaie Mendebaldeko aliatuei gerra hegazkinak eta irismen luzeko misilak bidaltzeko, eta, horren harira, Mateusz Morawiecki Poloniako lehen ministroak gaur adierazi du horri buruzko erabakia NATOk hartu beharko lukeela. EB Europako Batasuneko estatu kideetako gobernuburuak eta estatuburuak atzo eta gaur Bruselan egiten ari diren goi bileran mintzatu da.
Ikusi gehiago: Zelenskik uste du «zantzu onak» daudela EBkoek abioiak ematearen inguruan
Polonia prest agertu da Ukrainari hegazkinak emateko, baina Morawieckik zehaztu du «zenbait herrialde» ez daudela ados beren proposamenarekin. Nabarmendu du, halere, beste batzuek modu positiboan erreakzionatu dutela. Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak Europar Kontseiluaren goi bileran parte hartu zuen atzo, eta ondoren adierazi «zantzu onak» daudela EBkoek hegazkinak ematearen inguruan.