Ukrainak salatu du Errusiak «eraso masibo bat» egin duela herrialdeko energia azpiegituren aurka

Kievek jakinarazi du argindarrik gabe daudela milioi bat pertsonatik gora, herrialdeko mendebaldeko eta erdialdeko hainbat eremutan. Putinek ohartarazi du Ukrainan erabakiak hartzen diren guneak misil berrien «helburu» izan daitezkeela.

Haur bat kalean, Errusiaren eraso baten ondorioz argindarra moztuta dagoela, joan den astean, Kieven. SERGEY DOLZHENKO / EFE
Haur bat kalean, Errusiaren eraso baten ondorioz argindarra moztuta dagoela, joan den astean, Kieven. SERGEY DOLZHENKO / EFE
maddi iztueta olano
2024ko azaroaren 28a
18:25
Entzun

Errusiak Ukrainako azpiegitura energetikoen aurka «eraso masibo bat» egin duela salatu du gaur goizaldean Kievek. Ukrainako Energia ministro Herman Galuxenkok eman du erasoaren berri, eta iragarri du Ukrenergo enpresa elektriko nazionalak argindarra moztu duela, «badaezpada». Zertxobait geroago, Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik berak baieztatu egin du Errusiaren erasoa, bere sare sozialetan idatzitako mezuen bidez, eta zehaztu du Moskuk «ehunka drone» eta «90 misil baino gehiago» jaurti dituela herrialdeko azpiegitura energetikoen aurka. Are, esan du goizaldeko erasoa Errusiako «taktika terroristen areagotze krudel bat» izan dela.

Arratsaldean mintzatu da Vladimir Putin Errusiako presidentea. Haren arabera, Ukrainak iragan astean Mendebaldearen armekin egindako erasoei emandako erantzuna izan da gaurkoa. Eta abisu bat bidali dio Zelenskiri. Esan du ez duela baztertzen misil berriak erabiltzea Ukrainan erabakiak hartzen diren guneen aurka. Putinek Kazakhstango hiriburuan, Astanan egin ditu adierazpen horiek, Segurtasun Kolektiborako Itunaren Erakundearen bilkura baten ostean.

Oreshnik izeneko misil balistiko berriak erabili zituen Moskuk, aurreko ostegunean, Ukrainako Dnipro hiriari eraso egiteko. Ukrainak salatu zuen kontinente arteko misil balistikoekin egin zietela eraso, baina Oreshnik misilak ziren.

Goizaldeko erasoen ondorioz, Ukrainako iturri ofizialen arabera, mendebaldeko hiru eskualdetan argindarrik gabe gelditu dira milioi bat pertsonatik gora: 523.000tik gora Poloniarekin mugan dagoen Leopolis eskualdean, 280.000 inguru horren alboko Rivnen, eta 215.000 eremu bereko Volinian. Nolanahi ere, Ukrainako armadak jakinarazi du Moskutik jaurtitako misil guztietatik 79 eraitsi dituztela, eta jaurtitako droneetatik, 35. Erasoek ez dute eragin ez hildakorik, ez zauriturik.

Martxotik hona, Errusiak Ukrainako azpiegitura energetikoei eraso egin dien hamargarren aldia izan da gaurkoa. Zelenskiren arabera, ordea, oraingoan pauso bat gehiago eman du Moskuk; hots, salatu du barreiatze bonbak erabili dituela. Bonba mota horiek debekatuta daude ehun herrialdetan baino gehiagotan, eragiten dituzten albo kalte larriengatik. Edonola ere, Ukrainak ere baditu gisa horretako bonbak; AEB Ameriketako Estatu Batuek eman zizkioten iazko uztailean, «kontraerasorako».

Vladimir Putin Errusiako presidenteak baieztatu egin du goizaldean eraso egin izana, prentsari egindako adierazpenetan. Haren arabera, 117 «helburu militarri» egin diete eraso, eta, zehazki, 90 misil eta 100 drone erabili dituzte horretarako. Argudiatu du, bestalde, Ukrainak Mendebaldeak emandako armak erabili izanaren «ondorioa» izan dela erasoa.

Laguntza handiagoa emateko deia

Beste behin, aliatuei laguntza handiagoa eman diezaiotela eskatzeko baliatu ditu Zelenskik Errusiaren erasoa salatzeko gaur goizean idatzi dituen mezuak. Haren arabera, energia azpiegituren aurkako erasoak erakusten du Ukrainarentzat «ezinbestekoa» dela aire bidezko defentsarako sistema «hobeak» izatea. Gogorarazi du, halaber, negua datorrela, eta sasoi horretan «lan handia» izango dutela Errusiaren erasoei aurre egiten.

Bada, Reuters berri agentziak iturri ofizialak aipatuz gaur kaleratu duenez, AEBetako presidente Joe Bidenen administrazioak asmoa dauka agintaldia amaitu baino lehen Ukrainari 725 milioi dolarreko —688 milioi euro— laguntza militarra emateko. Besteak beste, tankeen aurkako armak, droneak eta minak bidaliko dituzte; baita luku bonbak ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.