Mendebaldeko herrialdeen zerbitzu sekretuen arabera, Ipar Koreako armadako soldaduak Errusian daude Ukrainaren kontra borrokatzeko. Horiek horrela, Ukrainak eta Hego Koreak adostu dute bat eginda erantzutea Piongiangen esku hartzeari. Hori jakinarazi du gaur Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak. Esan du bere homologo Yoon Suk Yeolekin hitz egin duela gaur telefonoz, eta hitzartu dutela estrategia bat garatzea, baita eremu guztietan bi herrialdeen arteko harremana indartzea ere. «Argi dago: gerra hau nazioartekotzen ari da, bi herrialdetatik harago hedatzen», ondorioztatu du Zelenskik.
Sare sozialetan kaleratutako mezu batean, datu bat ere eman du: Ipar Koreako armadaren 3.000 soldadu inguru daude Errusiaren baseetan, borroka guneetatik gertu. Zerbitzu sekretuetako iturriak aipatuz Hego Koreako Yonhap berri agentziak gaur kaleratu duenez, Ipar Korearen tropa batzuk eta goi mailako hainbat ofizial gerra fronteetan daude jada. AEBetako Defentsa Departamentuak ere zenbaki bat plazaratu du. Pentagonoaren bozeramaileorde Sabrina Singhek prentsaurreko batean esan du, gaur goizean, Ipar Koreako 10.000 soldadu inguru bidali dituela Errusia mendebaldera —hor egiten du muga Ukrainarekin—, eta hara bidean doazela. NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko idazkari nagusi Mark Ruttek ere agerraldi bat egin zuen atzo, eta «baieztatu» soldaduak bidali dituela Piongiangek, eta batzuk Kursken daudela, Ukrainarekin muga egiten duen eskualdeetako batean.
Duela hamar bat egun, Ukraina eta Hego Korea hasi ziren esaten Ipar Korea soldaduak bidaltzen ari zela Ukrainara. Piongiangek ukatu egin zuen duela astebete, baina joan ostegunean, BRICS (Brasil, Errusia, India, Txina eta Hegoafrika) taldeak Errusian egindako goi bilkeran, horri buruz galdetu zioten Vladimir Putin Kremlineko buruari. Kazetari batek esan zion satelite bidezko irudi batzuetan ikus zitekeela Ipar Koreako tropak nola ari ziren mugitzen. «Kontuan hartu beharrekoak dira beti irudiak. Baldin badaude, zerbait dagoen seinale», erantzun zuen Putinek.
Lankidetza hitzarmena
Errusiak eta Ipar Koreak lankidetza militarrerako akordio bat sinatu zuten joan den ekainean, eta Errusiako behe ganberak lehengo astean berretsi zuen. Itun horrek dioenez, elkarri lagunduko diote baldin eta batari edo besteari «estatu batek» eraso egiten badio edo «gerra egoeran» badago. NATOko idazkari nagusiak atzo azaldu zuenez, Ipar Koreak milioika jaurtigai eman dizkio Errusiari; baita misil balistikoak ere. Adierazpen horiek Bruselan egin zituen, han Hego Koreako Gobernuaren ordezkaritza batekin batzartu ondoren.
Andri Yermak Ukrainako presidentearen ustez, «plan argi bat» behar dute «Ipar Korearen esku hartze handiago bat eragozteko». Arma gehiago ere eskatu dizkio Mendebaldeari, X sare sozialean idatzitako mezu batean. Ukrainak aliatuen baimena jaso nahi du irismen luzeko armen bidez Errusiako Federazio guztiko azpiegitura militarrei eraso egiteko. Errusiak esan du baimena ematen badiote eta Ukrainak gisa horretako erasoak egiten baditu Mendebaldearen erasotzat hartuko duela.