Ukrainak eta Errusiak elkarri egotzi diote Zaporizhiako zentral nuklearraren aurkako erasoa

IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziaren arabera, «hainbat eztanda» entzun dira instalazioan, baina ez du «segurtasun nuklearra» kolokan jar zezakeen erasorik jasan. Zentral nuklearrak bi urte baino gehiago darama Moskuren kontrolpean.

Zaporizhiako zentral nuklearrari iazko martxoan egindako argazki bat. SERGEI ILNITSKI / EFE
Zaporizhiako zentral nuklearrari iazko martxoan egindako argazki bat. SERGEI ILNITSKI / EFE
2024ko abuztuaren 12a
14:23
Entzun

Zaporizhiako (Ukraina) zentral nuklearrean sute handia piztu zen atzo, eta Ukrainak eta Errusiak elkarri egotzi diote erasoaren erantzukizuna. IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziaren arabera, «hainbat eztanda» entzun ziren instalazioan, eta errusiar agintariek «droneekin eginiko eraso batez» ohartarazi zituzten NBE Nazio Batuen Erakundearen agentziak han dituen zenbait behargin. Halere, argitu dute erasoak ez duela kolokan jarri «segurtasun nuklearra». Ukraina hegoaldean dagoen zentral nuklear hori Europako handiena da, eta Moskuren kontrolpean dago duela bi urtetik, 2022ko otsailean Errusiak Ukrainako inbasioa hasi zuenetik.

Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak Errusiari leporatu zion sutea piztea, bere X kontuan atzo argitaratutako mezu batean: «Errusiar terroristek zentral nuklearra okupatua duten bitartean, egoera ez da normaltasunera itzuliko. Instalazioaren kontrola hartu zutenetik, Ukrainari eta mundu osoari xantaia egiteko erabiltzen dute». Gainera, «liskar gehiago ez eragiteko» eta «segurtasuna bermatzeko», zentral nuklearra «Ukrainaren eskuetara» itzuli behar dela aldarrikatu zuen presidenteak.

Rafael Grossi IAEAren zuzendari nagusiaren esanetan, eremuko erradiazio maila ez da aldatu erasoaren ostean, baina aitortu du «kezkatuta» dagoela zentral nuklearren inguruetan eginiko operazio militarrek eragin ditzaketen arriskuez: «Zentralen segurtasun nuklearra arriskuan jar dezakete horrelako erasoek, eta istripu nuklear bat eragin. Berehala eten behar dira». Gaur goizaldean, Errusiak Zaporizhiako eskualde okupatuan sortu duen administrazioaren bozeramaile nagusiak, Vladimir Rogovek, iragarri du sua itzaltzea lortu dutela.

Zentral nuklearrak ez du energiarik ekoitzi azken bi urteetan, eta hura osatzen duten sei erreaktoreak itxita daude iragan apiriletik: hain zuzen ere, hil horretan droneekin egin zioten eraso, eta orduan ere bi aldeek elkarri egotzi zioten erasoa. Kremlinek ohartarazi zuen eraso hori Ukrainaren «probokazio oso arriskutsu bat izan zela», baina, Kieveko iturri ofizialek adierazi zutenez, ez zuten inongo operazio militarrik egin instalazio horren kontra.

Oraindik borrokan ari dira Kursken

Ukrainako armadak ia astebete darama Errusiako Kursk eskualdean, borrokan. Iragan astearte goizean egin zien eraso mugazain errusiarrei, eta Moskuk oraindik ez du lortu eskualdean sartu ziren ukrainar soldaduak kanporatzea. Errusiako armadak atzo aitortu zuen ukrainarrek 30 kilometro egin dutela aurrera, ohar baten bidez: beraz, 2022ko otsailean Errusiak Ukrainaren inbasioa abiatu zuenetik, Kievek Errusiako lurretan egin duen erasoaldirik handiena da.

Zelenskik herenegun hitz egin zuen Kurskeko erasoaren inguruan lehen aldiz ofizialki, Ukrainako biztanleei gauero egin ohi dizkien adierazpenetan: «Borrokak erasotzailearen [Errusia] lurretara eramatea lagungarria zaigu. Erakusten ari gara justizia nola berrezarri, eta ezarri beharrekoa den presioa ezartzea bermatzen digu eraso honek: etsaiaren gaineko presioa». Errusiako armadak erasoari egingo dion erantzuna «gogorra» izango dela baieztatu zuen atzo herrialdeko Atzerri ministro Maria Zajarovak: Errusiako Defentsa Ministerioaren arabera, Kursk eskualdean sartu zirenetik, 1.350 soldadu ukrainar baino gehiago hil ditu Errusiako armadak.

Iragan asteartetik, Errusiaren eta Ukrainaren arteko borrokak ez dira Kursk eskualdean soilik izan: 76.000 errusiarrek baino gehiagok alde egin behar izan dute Kursketik, eta, gaur goizean, haren hegoaldeko Belgorod eskualdeko barruti bateko herritarrak ebakuatuko dituztela jakinarazi du hango gobernadore Vyacheslav Gladkovek. Belgorod ere Ukrainaren mugakide da, eta Kievek hainbatetan eraso dio 2022ko otsailaz geroztik: esaterako, iazko abenduan 25 pertsona hil eta ehun baino gehiago zauritu ziren Ukrainako armadaren bonbardaketetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.