Ukrainako armadak, Errusian sartu, eta bi herrialdeen arteko mugatik gertu dagoen Kursk eskualdeari eraso zion hilaren 6an, Volodimir Zelenski presidentearen arabera, «eremu neutral bat» sortzeko. Ofentsiba militar hori hasi eta ia hilabetera, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen idazkari nagusi Jens Stoltenberg lehen aldiz mintzatu da aferaz, eta publikoki erabateko babesa eman dio Kievek harturiko erabakiari, uste baitu zilegi dela, eta «bere burua defendatzeko» modu bat dela. Hau da, Stoltenbergek argudiatu du Ukrainak eskubide osoa duela hori egiteko, Errusiako armadak 2022ko otsailean hasitako inbasioagatik.
NATOren idazkari nagusiak adierazi du Errusian sartu eta eraso hori hastea arriskutsua zela Ukrainako armadarentzat, baina bere esku zegoela nola eta noiz egin Kursk eskualdearen kontrako ofentsiba militarra; eta, batez ere, Stoltenbergek esan du Mendebaldeko aliantza militarrak ez duela zerikusirik izan horretan, Alemaniako Die Welt egunkariari emandako eta gaur argitaratutako elkarrizketa batean azaldu duenez. Are, NATOko idazkari nagusiak esan du hura buru duen erakundeak ez zekiela ezer eraso horretaz, eta haientzat ere «sorpresa bat» izan zela.
Hain justu, Ukrainako armadaren erasoaz aritu ziren joan den asteazkenean NATO-Ukraina Kontseiluan —iazko uztailean sortu zuten—, Kievek eskatuta, eta Mendebaldeko aliatuek herrialde horren defentsa sistema are gehiago sendotzeko konpromisoa hartu zuten. «Zelenski presidenteak argi utzi du operazioaren helburua bi mugen arteko lur bat sortzea dela, Errusiak mugatik eraso gehiago egin ez ditzan. Ukrainaren erabakia da bere burua nola defendatu behar duen zehaztea. Errusiako soldaduak, tankeak eta hango baseak helburu zilegiak dira nazioarteko zuzenbidearen arabera», adierazi du Stoltenbergek elkarrizketan.
AEB Ameriketako Estatu Batuetako ISW Gerra Ikertzeko Institutua think tank-aren azken eguneraketaren arabera —atzoko data du—, hilaren hasieratik Ukrainako armadak 30 bat kilometro egin du aurrera Kursken, eta ehun bat udalerriren kontrola du; egunotan, gainera, «garaipen txiki batzuk» izan ditu, eta, besteak beste, Lgov bonbardatu du —mugatik 50 bat kilometrora dago—, herri horretako alkate Aleksei Klemexovek atzo Telegram mezularitza aplikazioaren bitartez azaldu zuenez. Halere, Errusiako Gobernuak eta herrialdeko hauteskunde batzordeak erabaki dute Kurskeko gobernadorea aukeratzeko bozak ez atzeratzea; hori bai, segurtasun neurriak indartzea erabaki du Kremlinek.
Moskurentzat, Ukrainako armadaren Kurskeko erasoaldia «probokazio handi bat» izan da, eta jada esana du erantzun egingo duela. Are, Anatoli Antonov Errusiaren AEBetarako enbaxadoreak hilaren 23an azaldu zuen Vladimir Putin Errusiako presidenteak erabaki bat hartu zuela ofentsiba horri erantzuteko egin beharrekoaz, eta «konbentzituta» dagoela «denak zorrozki zigortuko» dituztela, Reuters albiste agentziak jakinarazi zuenez.
Errusiako 66.471 soldadu hil dituzte 2022tik
Errusiako Mediazona hedabide digitalak egindako ikerketa baten arabera, 2022ko otsailaren 23az geroztik Errusiako armadako 66.471 soldadu hil dituzte Ukrainan; horietako 4.600 inguru, azken lau asteotan, gaur jakinarazi duenez.
Hori bai, hedabide digitalak azaldu du kopurua behin-behinekoa dela, eta ziurrenik egiazkoa handiagoa dela, soldadu batzuen heriotzak ez dituztelako oraindik ere publiko egin; gainera, ez dituzte aintzat hartu hilabete honetan Kursken hildakoak Ukrainako armadaren kontra.
Errusiako Gobernua gutxitan mintzatu da urteotan Ukrainako gerran hildakoez; kasurako, Defentsa Ministerioak 2022ko irailean esan zuen 5.937 soldadu hil zituztela herrialde horretan —Putinek iragan ekainean azaldu zuen une horretan 700.000 ari zirela borrokan herrialde bizilagunean—. Ukrainari dagokionez, Zelenskik joan den otsailean jakinarazi zuen bere herrialdeko armadako 31.000 soldadu inguru hil zituztela bi urteko epean.
Ukrainako armadak Belgorod bonbardatu du, eta bost lagun hil
Belgorod eskualdeko (Errusia) gobernadore Viatxeslav Gladkovek gaur jakinarazi du Ukrainako armadak izen bereko hiria bonbardatu zuela atzo gauean, eta gutxienez bost lagun hil eta 46 zauritu zituela. Errusiako Defentsa Ministerioak «eraso terrorista basati» modura deskribatu du ofentsiba hori, gaur kaleratu duen komunikatu baten bitartez, eta dei egin die «gobernu arduratsu guztiei eta nazioarteko egitura garrantzitsuei eraso hori gogor salatzera» eta «horrelako krimenak egiten dituztenengandik aldentzera: Kieveko erregimenetik eta Mendebaldeko zaintzaileetatik».