Ukrainako armadak ezin dio Errusiakoari aurre egin gerra frontean, nekez eusten ari zaio, Oleksander Sirski armadaburu berriak aitortu du hori gaur bertan, baina, aldi berean, jakinarazi du Errusiaren gerraontzi «berrienetako bat» hondoratu duela Krimeako kostaldean, Itsaso Beltzean, gidaririk gabeko txalupa motordun batzuetatik egindako erasoen bidez. Otsailean egindako molde horretako bigarren erasoa da.
Armadak jakinarazi du, Facebooken, Tsezar Kunikov dela itsasontzia, eta horren ezkerreko aldeari «kalte larriak» eragin dizkiotela. Informazio horrek dioenez, 87 pertsonarentzako lekua du, eta Georgiako, Siriako eta Ukrainako gerretan erabili izan du Errusiak. Kremlinek ez du erasoari buruzko adierazpenik egin, baina Errusiako hainbat blogari militarrek baieztatu egin dute.
Errusiak 2014an anexionatu zuen Krimea, eta Kievek hango helburu militarrei eraso egin die azkeneko bi urteotan. Hango kostaldeari egindako bonbardaketak areagotu egin ditu —Errusiako Defentsa Ministerioak gaur esan du Itsaso Beltzean sei drone erorarazi dituztela azken orduetan—, eta otsailaren 1ean Errusiaren Ivanovets gerraontzia hondoratu zuen, eta abenduan Novotxerskak. Armadaren datuen arabera, Errusiak Itsaso Beltzean zuen ontzidiaren heren bat galdu du, Ukrainaren erasoen ondorioz.
Baina gerra frontean ez atzera, ez aurrera daude Ukrainako tropak. Iaz, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak hilabeteak pasatu zituen iragartzen gerraren norabidea alda zezakeen kontraeraso bat egingo zutela Mendebaldeak emandako laguntza militarrari esker. Ekain hasieran hasi zuen, baina ez zuten esperotako emaitza lortu, eta presidenteak aitortu ere egin du. Halere, Valeri Zaluzhni armadaburuari errezeloz begiratzen hasi zen, eta joan den astean kargugabetu zuen.
Sirskik ordezkatu du, eta, hain justu, frontean dauden tropekin aurrenekoz bildu da gaur, Telegrameko mezu batean adierazi duenez. Kupianskera eta Avdivkara joan da —ipar-ekialdera eta ekialdera—, Rustem Umerov Defentsa ministroarekin batera. «Errusiar okupatzaileek beren ahaleginak areagotzen jarraitzen dute, eta, pertsonal aldetik, gehiago dira». Horiek horrela, atzo onartu zuen fronte guztian posizio defentsibo batean daudela.
Eta gerrarekin lotuta, Kremlineko bozeramaile Dmitri Peskovek ukatu egin du Vladimir Putin Errusiako presidenteak menia proposamen bat egin diela AEBei. «Ez, hori ez da egia», adierazi du, egunero egiten duen agerraldian. AEBetako Reuters berri agentziak Errusiako hiru iturri aipatuz atzo kaleratu zuenez, Putinek AEBei jakinarazi zien su eten bat onar zezakeela horretarako hainbat bitartekari baliatuz. Iazko urtearen amaierako eta aurtengoaren hasierako elkarrizketa horien berri izan duten iturriek adierazi dute, hori bai, Kremlineko buruak ez zuela kontzesiorik egiteko asmorik. Reutersek kaleratu duenez, AEBetako iturri batek esan du Washingtonek ez lukeela parte hartuko Ukraina bera kontuan hartzen ez duten elkarrizketa batzuetan.
NATOren gastua
Ukrainako gerraren testuinguruan, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko estatu kideak defentsan egindako gastu militarra areagotzekoak dira, Mendebaldeko aliantza militarraren idazkari nagusi Jens Stoltenbergek gaur agerraldi batean nabarmendu duenez. Orain hamar urte, konpromisoa hartu zuten bakoitzak bere BPG barne produktu gordinaren gutxienez %2 bideratzeko gastu militarrera, baina azken urteetan aliantzaren 31 bazkideetako batzuek baino ez dute hori egin. 2014an hiru ziren, iaz 11, eta, Stoltenbergek jakinarazi duenez, aurten hemezortzi izango dira.
Bestalde, Errusia ESLA Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundean parte hartzeari uztekoa da. Hori jakinarazi du Errusiako behe ganberako presidente Viatxeslav Volodinek, ohar batean. Horri buruz erabakitzeko bozketa bat egingo dute ganbera horretan, hilaren 21ean. ESLAk 57 estatu kide ditu —Ukraina, Errusia eta AEBak barne—, eta Gerra Hotzaren testuinguruan sortu zuten, 1970eko hamarkadan, bloke bateko eta besteko herrialdeen artean harremanak edukitzeko. «Erakundeak ez du inolako independentziarik, politizatuta dago, eta AEBek jotzen duen musikaren arabera dantzatzen da. Baina okerrena da guk ere diru bat ordaintzen dugula, eta ekarpen handienetakoa egiten dugunak garela», kexatu da Volodin.