Gerra Ukrainan. Xi Jinping Moskun

Ukrainak ere nahi du Xirekin bildu

Kiev Txinako estatuburuaren erantzunaren zain dago, harekin batzartzeko. Putinen esanetan, Pekinen bake planeko «puntu asko» bateragarriak dira «Errusiaren ikuspegiarekin»

Bazkide estrategikoak. Xi Jinping eta Vladimir Putin argazkiaren erdian, atzo Kremlinen egin zuten bilera hasi aurretik. PAVEL BIRKIN / EFE.
Igor Susaeta.
2023ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Xi Jinping Errusian dago, eta Kievek abagunea baliatu du jakinarazteko Txinako presidentearen baieztapenaren zain dagoela Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak harekin telefonoz hitz egin dezan. Hori nabarmendu zuen Irina Verestxuk Ukrainako lehen ministrordeak atzo, Italiako Corriere della Sera egunkarian egin zioten elkarrizketa batean. Iruditzen zaio solasaldi hori «aurrerapauso bat» litzatekeela.

Errusiako eta Txinako estatuburuak herenegun bildu ziren, eta atzo beste bilera bat egin zuten, Kremlineko San Jurgi aretoan. Errusiako Gobernuak jakinarazi zuenez, lankidetza estrategikoari eta elkarreragin ekonomikoari buruzko dozena bat dokumentu sinatu zituzten bi liderrek. Aliatu geopolitikoak eta bazkide estrategikoak dira bi estatuak. Eta bezperan bezala, atzo ere hizpide izan zuten Txinak Ukrainako gatazka konponbidean jartzeko aurkeztutako egitasmoa. Batzarraren ondoko agerraldian Kremlineko buruak nabarmendu zuenez, Pekinek aurkeztutako planaren «puntu askok» bat egiten dute «Errusiaren ikuspegiarekin», eta uste du «puntu horietako asko» direla «Mendebaldean eta Kieven ezartzeko modukoak».

Txinak otsailean plazaratutako hamabi puntuko dokumentuak eskatzen du, besteak beste, herrialde guztien subiranotasuna eta lurralde batasuna errespetatzeko, estatuen «segurtasun kezka zilegiak» kontuan hartzeko, zigor ekonomikoak baztertzeko eta areagotze militarra eragozteko. Gainera, su eten bat eskatu die aldeei, eta bake elkarrizketei berriro heltzeko baldintzak eta plataformak sortzeko adierazi dio nazioarteari. Txinako hedabideek atzo jaso zutenez, herenegun Xik esan zion Putini «herrialde gehienek» nahi dutela gatazkako «tentsioa apaltzea», eta atzoko agerraldian adierazi zuen Txinaren jarrera «inpartziala» dela. Etxe Zuriaren arabera, su eten bat gertatzeko Errusiak tropak atera beharko lituzke Ukrainatik aurrena.

Mendebaldeak ez bezala —oro har—, Kievek aukera bat eman dio Txinak Ukrainako gatazka konponbidean jartzeko planteatutako «bake egitasmoari». Washingtonek eta Bruselak hoztasunez hartu dute, eta, Xik eta Vladimir Putin Errusiako presidenteak herenegun Moskun egindako bileraren ondoren, Antony Blinken AEBetako Estatu idazkariak Pekini leporatu zion aurkeztutako planarekin «babes diplomatikoa» ematea Kremlini.

Kievek ez du tonu horretan hitz egin. Verestxukek pentsatzen du Txina «modu orekatuan eta pragmatismoz» jokatzen ari dela. «Ez dut uste Xiren asmoa denik konfrontazio ireki bat edukitzea Mendebaldearekin, era horretan Errusiarekin duen lankidetza errazteko. Pekinek ez du arriskatzerik nahi, zigor ekonomikorik eta tirabira gehiagorik izan ez dadin». Azken asteetan hurbiltze bat egon da Pekinen eta Kieven artean. Joan den astean, esaterako, Qin Gang Txinako Atzerri ministroak Dmitro Kuleba Ukrainako bere homologoarekin hitz egin zuen telefonoz. Pekinen esanetan, Kulebari adierazi zioten Txinak «jarrera objektiboa» eduki duela auzian, eta «bakea sustatzeko» konpromisoa duela. Kulebaren arabera, «lurralde batasunaren printzipioaren garrantzia» izan zuten eztabaidagai.

Kishida, Zelenskirekin

Txinaren eta Errusiaren arteko harremanarekin lotuta, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko idazkari nagusi Jens Stoltenbergek atzo adierazi zuen «zantzu batzuk» ikusi dizutela adierazten dutenak Errusiak Txinari eskatu diola armak emateko. Mendebaldea esaten ari da Txinak mahai gainean duela Errusia militarki laguntzeko aukera, baina, Josep Borrell Europako Batasuneko diplomaziaburuak herenegun esan zuenez, ez dago ebidentziarik esateko Pekin modu horretan laguntzen ari zaiola Moskuri. Txinaren egitasmoaren harira, bestalde, Mendebaldeko aliantza militarreko buruzagiak nabarmendu zuen Ukrainari dagokiola irtenbide bakezale baterako «baldintzak» jartzea.

Bestalde, Fumio Kishida Japoniako lehen ministroa Kievera joan zen atzo, Zelenskirekin biltzeko. Bisita ez zegoen aurreikusita, eta, hain zuzen, Txinako estatuburua Moskun dagoenean heldu da. Kishidak urtarrilean adierazi zuen Kievera joango zela horretarako baldintzak «egokiak» balira. Japoniak du orain G7koen presidentetza, eta, maiatzean, goi bilera bat egingo dute Hiroshiman. Munduko herrialderik industrializatuenen taldeko liderren artean, Kishida zen Zelenskirekin batzartu gabe zegoen bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.