Gerra Ukrainan

Ukrainak eraso egin die Moskuko erdialdeari eta Krimeari

Dronez bideratutako operazio militarrak izan dira, baina Errusiako defentsek zapuztu egin dituzte. Odesa eta Ukrainako hegoaldearen aurkako bonbardaketek ez dute etenik izango.

Moskuko erdiguneko eraikin bat, Ukrainak eginiko erasoaren ostera. MAXI SHIPENKOV / EFE
Urko Iridoy Alzelai
2023ko uztailaren 24a
15:56
Entzun

Ukrainak Moskuri eta Krimeari eraso egin die gaurko ordu txikietan, drone erasoen bidez. Ez da inor hil, ezta zauritu ere, Errusiako defentsak drone guztiak suntsitzea lortu ditu eta. Moskun, gaur 01:00etan gauzatu dute operazioa —Euskal Herrikoko 04:00etan—. Gerora, Telegram bidez, Ukrainako Gobernuak bere gain hartu ditu erasoak.

Aurreko astean, Errusiak hainbat eraso egin zituen Ukrainako Odesa hiriaren eta Itsaso Beltzeko beste portu batzuen aurka. Gutxienez lau pertsona hil zituen, eta hamarnaka zauritu. Portuetako nekazaritza erreserben aurka bidali zituzten misilak, baina baita Odesa kanpoaldeko nekazaritza enpresen aurka ere. Ukrainako Gobernuak atzo adierazi zuen erantzun gogorrak emango zituela jazarpen horren aurka.

Gaurko Moskuko erasoaren harira, Maria Zakharova Errusiako Atzerri Ministerioko bozeramaileak xehetasunak eman ditu: «Bi dronek egindako eraso saiakera izan da. Gure arma elektronikoek bi ibilgailuak bota dituzte, eta haiek hiriburuko bi eraikinetan erori dira. Zauriturik gabeko erasoa izan da». Kievek bere gain hartu baino lehenago, Zakharovak argi utzi ditu susmoak: «Kievek bideratutako erasoa izan da. Nazioarteko terrorismo atentatu bat da, argi eta garbi». Kalteak eragin diren eremua Defentsa Ministerioaren egoitzatik bi kilometrora dago. Etxebizitza bateko teilatuan erori da droneetako bat, eta bestea erdialdeko bulego eraikin batean.

Krimeako erasoen inguruan Sergei Aksionov mintzatu da, Krimeako Errepublikako gobernuburua: «Hamazazpi droneko erasoa da gaur gauean jasan duguna. Haietatik hamalau elektronikoki suntsitu ditugu, eta beste hirurak aireko defentsek bota dituzte. 11 drone Itsaso Beltzera erori dira». Ukrainako Gobernuaren operazioak Kirovski barrutia jo du, etxebizitza batean erori baita ibilgailu bat. Horrez gain, inguruko etxebizitza eta kaleak hustu, eta ondoan dauden trenbideak itxi dituzte. Larunbatean, Krimeako Dzhankoi lurraldeko munizio gordetegi bat hondatu zuen Ukrainak.

Ukrainaren izenean Mikhailo Fedorov Eraldaketa Digitaleko ministroak hartu du erasoa bere gain, Telegram kontuaren bidez: «Gaur gauean, Krimeari eta munstroen hiriburuari eraso diete. Haien aireko defentsak gero eta errazago saihesten ditugu». Ukrainak uztailaren 4an eraso zion Moskuri azken aldiz. Orduan, bost drone bidali zituzten, eta bostak suntsitu zituzten.

Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak argi utzi du defentsak hobetzen dabiltzala, Ukrainako droneen presentzia areagotu egin da-eta Errusiako hiriburuan. «Ukrainiako hegoaldean diharduen operazio militarrak bere bidean jarraituko du; gure aurkako erasoak ez gaitu geldituko», esan du Peskovek. Larunbatean, Errusiak Odesako katedral ortodoxoa jo zuen hiriaren aurkako eraso batean, baina Peskovek akusazio hura ezeztatu du: «Askotan esan dugu: gure armadak ez die inoiz kalte egin azpiegitura sozialei, eta are gutxiago elizei, tenpluei eta katedralei. Gure aurkako akusazio horiek gezur hutsak dira. Haien segurtasuneko misilek suntsitu zuten katedralaren zati hori».

Ukrainaren kontraerasoaren ikuspuntuak

Antony Blinken AEBetako Estatu idazkariak, CNN telebistan emandako elkarrizketa batean, adierazi zuen Ukrainiak gerran galdutako eremuaren %50 kendu diola Errusiari jada. «Kontraerasoraren hasieran dago Ukrainia oraindik, baina hainbat kilometro karratu irabazi ditu jada», esan zuen Blinkenek. «Errusiak porrot egin du. [Errusiako presidente Vladimir] Putinek zituen asmoak ez dira bete, eta ez dira beteko. Ukrainia mapatik ezabatu nahi zuten, herrialdea eta haren subiranotasuna suntsitu, baina ez dute lortu. Errusiak galdu egin du gerra».

Bestalde, Putin eta Aleksandr Lukaxenko Bielorrusiako presidentea, elkarrekin izandako bilkuran, Ukrainaren kontraerasori buruz mintzatu ziren. Horri buruzko galdera bat sorrarazi zen, eta Lukaxenkok esan zuen kontraerasorik ez zegoela. Putinek, berriz, kontraerasoa bazegoela baieztatu zuen, baina «porrot egin» duela esan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.