Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik herrialdearen egoera «zaila eta gogorra» dela irudikatu badu ere, atzo baieztatu zuen Moskuko eta Kieveko ordezkariek azken negoziazioetan adostu duten puntuetako bat gutxienez bete dela: Errusiako tropak Kievetik eta hiriburu ondoko eremuetatik erretiratzea. Hain zuzen ere, Ukrainako armadak Kiev eskualde «osoaren» kontrola berreskuratu duela baieztatu zuenHanna Maliar Ukrainako Defentsa ministrordeak. Errusiako tropek hiriburu ondoko Hostomel aireportua ere utzi dute, indarrak Donbassen ezartzeko; eskualde hori «askatzea» baitute xede.
Ukrainako Gobernuak atzo goizaldean jakinarazi zuen armadak Txernobylgo zentral nuklearraren kontrola hartua zuela, Errusiako soldaduekin «tentsio handiko» borrokak izan ostean. «Ukrainako bandera Txernobylen da berriz, eta Ukrainako ereserkia entzun da», idatzi zuen zentraleko prentsa arduradunak Facebooken.
Errusiaren erasoek, ordea, ez dute etenik. Tropek Dnipro (ekialdea) eta Krivi Rih (hegoaldea) hiriak bonbardatu zituzten atzo gaueko ordu txikietan, hango agintariek salatu zutenez; gutxienez bi pertsona hil zituzten. Horrez gain, azken 24 orduetan Errusiak Ukrainako armadak Poltava eta Dnipro hirietan (biak ekialdean) dituen 67 base militar eta 54 ibilgailu suntsitu ditu airez, Errusiako Defentsa Ministerioak jakitera eman duenez. Oro har, 124 hegazkin, 84 helikoptero, 381 drone, 1.882 tanke eta beste hainbat ibilgailu blindatu txikitu dituzte, Errusiako presidente Vladimir Putinek otsailaren 24an «operazio militar berezia» iragarri zuenetik.
Jokaleku horretan, NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Antonio Guterresek Martin Griffiths NBEko Giza Gaietarako idazkariorde eta Larrialdi Laguntzako koordinatzailea izendatu du aste honetan Ukrainan «su eten humanitarioa» lortzeko bitartekari. Bada, Griffiths Kremlineko agintariekin batzartzekoa da gaur, Moskun, menia adosteko xedez; bihar, Kieven izango da. Guterrezek zehaztu duenez, bi herrialdeetako gobernuak Griffithsen proposamenak entzuteko prest azaldu dira.
Bien bitartean, ebakuazio planek aurrera segitzen dute. Ukrainako lehen ministrorde Irina Verextxukek atzo egindako agerraldian adierazi zuenez, beste zazpi korridore humanitario ireki zituzten gehien jota dauden hirietatik zibilak ateratzeko. Horietako bat Errusiako tropek setiatua duten Mariupol hirian (hegoaldea) zabaldu zuten. Verextxuken arabera, oraindik 160.000 herritar baino gehiago etxetik atera ezinik daude, erasoen beldur. Gurutze Gorriko Nazioarteko Batzordeak eta Ukrainako Gobernuak operazio bat jartzeko beste ahalegin bat egin zuten herenegun, baina ebakuazio plana bertan behera geratu zen, beste behin, «egoera oso zaila topatu zutela eta», Gurutze Gorriak ohar batez jakinarazi zuenez. Atzo hirugarren saiakera egin zuten, eta lanean ari dira buru-belarri.
Errusiako armadak eta miliziek, berriz, Luhansk eskualdeko zenbait hiritako 2.700 zibil inguru korridore humanitarioetatik «arrakastaz» ebakuatzea lortu zuten, lurralde horretako presidente Serhi Haidairen arabera. Azaldu zuenez, zigortuta dauden eremuetan geratzea erabaki duten herritarrei laguntza humanitarioa eman zaie; besteak beste, elikagaiak, botikak eta produktu higienikoak. Gaineratu zuen ebakuazioak ez direla etengo, eta goizero autobusak egongo direla oblastetik alde egin nahi duten egoiliarrak jasotzeko eta eremu seguruago batera lekualdatzeko.
Lau milioi errefuxiatu
Errefuxiatuen ihesak ez du etenik, eta jada lau milioitik gora lagunek utzi dute Ukraina. Horietatik 2,4 milioi Poloniak hartu ditu; Errumaniak, 623.000; Moldaviak, 391.000; Hungariak, 380.000; Eslovakiak, 295.000; Bielorrusiak, 12.500; Errusiak, 350.000, nahiz eta tokiko agintariek 500.000tik gora direla dioten, TASS Errusiako berri agentziaren arabera.
Errusiaren inbasioa hasi zenetik, gutxienez 1.325 zibil hil dituzte; besteak beste, 120 haur, OHCHR Giza Eskubideen Nazio Batuen Goi Mandatariak emandako azken datuen arabera. Nolanahi ere, Michelle Bachelet goi mandatariak beste behin ohartarazi du hildakoen benetako kopurua «askoz handiagoa» izan litekeela, borroka handiak dauden eremu batzuei buruzko informazio «partziala» eta «eguneratu gabea» dutelako, batez ere Errusiako tropek setiatuak dituzten hiriei dagokienez; hala nola Mariupol, Volnovakha (hego-ekialdea), Izium (ekialdea) eta Irpin (iparraldea).
Kazakhstan, bestalde, Ukrainaren eta Europako Batasunaren alde zeharo lerratu da, Putinek Kazakhstango presidente Kassym-Jomart Tokajev matxinadetatik eta ustezko estatu kolpe batetik babesteko armada mobilizatu eta lau hilabetera. Kazakhstango presidentearen buruaren alboko Timur Suleimenovek Euractiv irratiari emandako elkarrizketa batean adierazi duenez, herrialdeko gobernuak ez du Luhanskeko eta Donetskeko herri errepubliken independentzia aitortuko, ezta Krimea Errusiaren parte dela onartuko ere. Hori aski ez, eta Astanak ez dio Kremlini isunak saihesten lagunduko.
Gerra Ukrainan
Ukrainak baieztatu du Kiev oblast «osoa» berreskuratu duela
Errusiako tropak Ukraina iparraldetik erretiratzen ari dira, indarrak Donbassen ezartzeko. Griffiths NBEko bitartekaria Kremlineko agintariekin batzartzekoa da gaur, Moskun
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu