Lehenengo saiakerak huts egin ondoren, ados jartzeko beste ahalegin bat egin dute AEBek eta Ukrainak. Eta oraingoan elkarrizketek eman dute fruitua: Ukraina prest agertu da Washingtonek proposatutako 30 eguneko menia akordioa onartzeko. Saudi Arabiako Jidda hirian bilera egin dute bi herrialde horietako ordezkaritzak, eta Ukrainan «bake iraunkorra» berrezartzeko «urrats garrantzitsuak» egin dituzte, bi ordezkaritzek sinatuta kaleratu duten oharraren arabera. Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik ohar bidez baieztatu du Kiev prest dagoela gerra fronte osoan zehar eta Itsaso Beltzean erabateko su etena ezartzeko. Orain AEBek Errusiari egingo diote proposamena. «Pilota haien teilatuan dago», esan du AEBetako Estatu idazkari Marco Rubiok bilkuraren ostean emandako prentsaurrekoan.
Rubiok gehitu duenez, Ukraina prest dago gerra gelditzeko eta hitz egiten hasteko, eta orain Errusiak esan beharko du «bai edo ez». AEBetako Estatu idazkariak Moskuk proposamena onartzea espero du; hala «benetako negoziazioei» hasiera emateko. «[Errusiak] baietz esaten badio [menia proposamenari], urrats handia egingo dugu. Ezetz esaten badio, tamalez, orduan jakingo dugu bakea nork galarazten duen», zehaztu du Rubiok. Eta Etxe Zuriko Segurtasun Nazionalerako aholkulari Mike Waltzek jakinarazi du «datozen egunetan» hitz egingo duela Kremlineko ordezkariekin.
Ukrainak emandako «urrats positiboa» dela-eta, Donald Trump AEBetako presidenteak Kievi berriz ere laguntza militarra ematea erabaki du. Trump eta Zelenski otsailaren 28an bildu ziren, baina liskarra izan zuten, eta bertan behera utzi zuten bilera. Handik hiru egunera, Etxe Zuriak Ukrainarako laguntza militar guztia etetea erabaki zuen. Bada, gaurko bilkuraren ostean kaleratutako oharrean jakinarazi dute etenaldi hori bertan behera geratu dela. Zelenskik erabaki hori goraipatu du, eta eskerrak eman dizkio Trumpi.
Behin su etena adostuta, Ukrainak «segurtasun bermeak» eduki nahi dituela adierazi du Zelenskik. Gaurko bilkuran, Kievek eta Washingtonek adostu dute ahal bezain laster ekingo dietela negoziazioei Ukrainan «luzera begirako segurtasuna» bermatu ahal izateko. Horretarako, baina, lehenik Errusia «konbentzitu» beharko dutela ohartarazi du Zelenskik.
«[Errusiak] baietz esaten badio [menia proposamenari], urrats handia egingo dugu. Ezetz esaten badio, tamalez, orduan jakingo dugu bakea nork galarazten duen»
MARCO RUBIOAEBetako Estatu idazkaria
Espero zen, halaber, Ukrainak dituen mineralak eta beste baliabide natural batzuk ustiatzeko akordioaren inguruko erabakiren bat hartuko zutela. Trump eta Zelenski itun hori sinatzekoak ziren otsailaren 28an, baina bien arteko liskarra medio, ez zuten sinatu. Eta gaur ere ez dute akordioa sinatu; Rubioren arabera mineralen akordioa ez zen gaurko elkarrizketetako gaia. Halere, ituna «ahal bezain laster» egitea hitzartu dute. Zabaldu duten oharraren arabera, akordio horrek modua emango du Ukrainako ekonomia «indartzeko», AEBek emandako laguntzaren kostuak «konpentsatzeko», eta Ukrainan «luzerako bakea eta oparotasuna bermatzeko».
Jiddan antolatutako hitzorduan, Ukrainako ordezkaritzako buru Andrii Yermakek, Atzerri ministro Andrii Sibigak, Defentsa ministro Rustem Umerovek eta Presidentetzako Bulegoko buru Pavlo Palisak osatu dute Kieven ordezkaritza. AEBetakoa, berriz, Rubiok, Waltzek eta Ekialde Hurbilerako ordezkari Steve Witkoffek.
Bi ordezkaritza horiek bildu baino lehen, Saudi Arabiako oinordeko printze Mohammed Bin Salman eta Zelenski elkartu dira bart, Jiddan. Gaur goizean kaleratutako ohar bateratuan, «bake akordio bat» adosteko negoziazioekin jarraitzeko eskatu dute. Gero, sare sozialen bidez, Zelenskik eskerrak eman dizkio Saudi Arabiari, Kievera laguntza humanitarioa bidaltzeagatik eta Ukrainako auziaren inguruko bilkurak egiteko topaleku gisa jarduteagatik. Duela hilabete inguru, Riaden elkartu ziren AEBetako eta Errusiako ordezkaritzak, bi herrialdeen arteko harremana «estutzeko».
Europa Jiddako bilkurari adi egon da. Horren harira, Poloniako lehen ministro Donald Tuskek «aukera» hori alferrik ez galtzeko eskatu die Washingtoni eta Kievi, eta «zorte ona» opa die bi aldeei, X sare sozialean idatzitako mezu baten bidez. Bilkuraren ostean, «bakea» lortzen laguntzeko prest agertu da Tusk, eta X sare sozialean gehitu du orain AEBen esku dagoela Mosku konbentzitzea. Europako agintarien artean, Tusk da Ukrainaren alde gehien lerratu direnetako bat, eta horren erakusgarri da, besteak beste, Poloniak esportatzen dituela arma gehien Ukrainara.
Halaber, Parisen bildu dira gaur 36 estatutako Estatu Nagusiak; hau da, herrialde bakoitzeko ordezkaritza militar gorenak. Horiek ere Ukrainako auzia izan dute hizpide; izan ere, Ukrainara «bakerako tropak» bidaltzeko asmoa duten herrialdeak elkartu dira, operazio horren inguruko «zehaztapen teknikoak» argitze aldera. Eliseoak jakinarazi duenez, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak plan bat garatzen hastea proposatu du, Ukrainarentzako segurtasun berme «iraunkorrak eta sinesgarriak» lortzeko. Europarrak dira bildu diren Estatu Nagusi gehienak, baina bilera horretan izan dira Kanadakoa, Australiakoa eta Zeelanda Berrikoa ere.
Ukrainaren erasoa
Kiev eta Washington Ukrainako auziaren inguruan hitz egiteko bildu diren egunean bertan, «inoizko erasorik handiena» egin du Ukrainak Moskuren aurka. Errusiako iturri ofizialek jakinarazi dutenez, Ukrainak 337 drone jaurti ditu Errusian; horietatik 91 Mosku inguruan jaurti dituzte, eta hiru lagun hil dira, eta hemezortzi zauritu. Errusiako Kursk eskualdera ere jaurti dituzte droneak, 126, eta horien ondorioz gutxienez bost lagun hil dira. Gainera, hainbat ordurako itxi egin behar izan dituzte Errusiako hiriburuko lau aireportuak.

Kieven arabera, gaurko erasoak Errusiari «presio» egiteko balio dezake, egiaztatzeko ea «benetan» parte hartu nahi duen akordio bat adosteko negoziazioetan. Kremlineko bozeramaile Dmitri Peskovek, ordea, egunero egin ohi duen prentsaurrekoan ohartarazi du Ukrainak drone bidez egindako «eraso masiboak» ondorio «kaltegarriak» izan ditzakeela «bake akordio bat» adosteko negoziazioetan. Jiddan gaur egiten ari diren bilkuraren inguruan galdetuta, Peskovek esan du Washingtonek han hitz egindakoen berri emango diela «hala dagokionean».