Ordu luzez eztabaidatu ondoren, Ukraina eta Moldavia EB Europako Batasunean sartzeko negoziazioak hastea adostu dute EBko agintariek, Europar Kontseiluko bileran. Erakundeko presidente Charles Michelek eman du erabakiaren berri, X sare sozialean; eta, gainera, iragarri du Georgiak hautagai estatusa izango duela aurrerantzean, baita Bosnia eta Herzegovinarekin negoziazioak hasteko atea irekita egongo dela ere, herrialdeak «horretarako baldintza guztiak betetzean».
Ezustean iritsi da erabakia, espero baitzen Hungariak Ukrainaren hautagaitza blokeatzea. Hungariako lehen ministro Viktor Orbanek adierazpenok egin ditu bilkuraren hasieran: «Ukrainak ez du merezi EBn sartzeko negoziazioak hastea, ezta erakundearen aurrekontuen parte bat jasotzea ere —50.000 milioi euro—». Azkenean ez du aurka egin, baina ezta alde ere.
Talde komunitarioko zenbait kidek jakinarazi dutenez, Orban egoitzatik irten da bozketa hasi baino zerbait lehenago; beraz, ez du botorik eman. Geroago, Hungariako lehen ministroak hauxe idatzi du X plataforman: «Hungaria ez da erabaki oker baten parte izango». Edonola ere, horrek bide eman die gainontzeko estatu kideei aho batez egitasmoaren alde bozkatzeko.
Batzuen negarra, besteen poza
Europar Kontseiluko agintarien onespenaren harira, pozarren agertu da Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea: «Hau garaipen bat da Ukrainarentzat eta Europa osoarentzat». Antzera hitz egin du Michelek. Batzordeko presidentearen arabera, gaurkoa «urrats historiko bat» da, eta balio du Ukrainari erakusteko «Europa bere alboan» dagoela.
Bide beretik, erabakia txalotu dute EBko beste hainbat agintarik, hala nola Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak eta Roberta Metsola Europako Parlamentuko presidenteak.