Ukraina eta Errusia Parisen bilduko dira, tentsioa baretzeko ahaleginean

Bi estatu horiek Alemaniarekin eta Frantziarekin elkartuko dira, Normandiako laukoan. Macronek «diplomaziaren baliabide guztiak» erabiltzera deitu du. Putinekin hitz egingo du aste amaieran

Errusiako armadako soldaduak, joan den astean, Bielorrusiara iristen, hango indar armatuekin ariketa militarrak egiteko. EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2022ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Ukrainako krisiaren ondorioz, balizko gerra baterako mugimenduak bata bestearen ondotik gertatzen ari dira segidan, baina diplomaziaren bidea ez da agortu oraindik. Errusia zain dagoAEBek eta NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak bere eskariei zer erantzungo. Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak adierazi duenez, «elkarrizketa amaituta dago oraingoz», Washingtonek eta aliantzak Moskuren kezkei idatziz erantzun artean. Frantziak eta Alemaniak, baina, negoziaziorako beste esparru bat bultzatu dute alboko bidetik, eta Errusiako eta Ukrainako ordezkaritza bana elkartzeko baldintzak sortzea lortu dute. Gaur bilduko dira Parisen, bi herrialde horiek Frantziarekin eta Alemaniarekin batera osatzen duten Normandiako laukoan. Agintari nagusiak ez dira izango, baizik eta horien hurbileko aholkulariak.

Ukrainako presidentetzaren kabineteburu Andrei Iermaken iritziz, «oso keinu esanguratsua» da, gutxienez Normandiako laukoaren formatua «desblokeatu» egin delako. «Su-etenari buruz hitz egiteko aukera izango dugu, eta hori oso garrantzitsua da», nabarmendu zuen atzo ICTV Ukrainako telebistan. Hala ere, Frantziari eta Alemaniari ohartarazi die ez dagoela «eztabaida luzeetarako» denborarik.

Ukraina ekialdeko gatazkari irtenbide adostu bat emateko sortu zuten Normandiako formatua, eta elkarrizketek Moskuk eta Kievek Minskeko akordioa sinatzea lortu zuten, 2015ean. Ordutik, baina, su-etena urratzea leporatu diote sarritan elkarri.

Emmanuel Macron Frantziako presidentea Moskurekin elkarrizketa indartzearen alde mintzatu da, eta ondorengo egunean iragarri dute bilera. Macronek «diplomaziaren baliabide guztiak» erabiltzeko beharra babestu zuen herenegun, Mendebaldeko aliatuen aurrean, «Europan egonkortasuna bermatu ahal izateko». Frantziako presidentearen iritziz, beharrezkoa da Ukrainan giroa «azkar» baretzea. Horretarako, Errusiari ohartarazpen «irmoak eta sinesgarriak» egitea proposatu zuen, eta, aldi berean, elkarrizketaren aldeko apustua egitea.

Macronek eta Vladimir Putin Errusiako presidenteak telefonoz hitz egingo dute aste bukaeran, Eliseotik jakinarazi dutenez. Kremlinek baieztatu du elkarrizketa horretarako «prestaketa lanetan» ari direla.

Mosku, kezkatuta

Bide diplomatikoetako ahaleginek ez dituzte geldiarazi balizko gerra baterako mugimenduak. NATOk bere baliabide militarrak indartu ditu, Europa ekialdean gerrarako ontzi eta hegazkin gehiago jarrita. Eta AEBek esan dute 8.500 soldadu Europara bidaltzeko prest daudela. «Alerta gorenean» jarri dituzte, John Kirby Pentagonoko bozeramailearen hitzetan. Moskuk «kezka handiz» erreparatu die NATOren eta Washingtonen azken adierazpenei. Hala ere, Peskovek argitu du urrats horiek ez dutela eraginik izango Errusiaren eta Mendebaldearen arteko elkarrizketetan. Moskuk ez du bere jarrera finkatuko AEBek eta NATOk bere eskariei idatziz erantzun arte. «Espero dugu aste honetan izatea».

Errusiak zirriborro bana helarazi zien AEBei eta NATOri, joan den abenduaren 17an, segurtasun berme eskeekin. Funtsean,NATOri galdegin zion Europan ekialderantz hedatzeari uzteko konpromisoa, Ukraina aliantzara batzeko aukera oro baztertzea, eta erasorako ahal handiko armamentua Errusiatik urruntzea. Washingtonek idatziz erantzuteko konpromisoa hartu zuen joan den ostiralean, eta bi herrialdeetako diplomaziaburuak prest agertu ziren Moskuk erantzunak jaso ondoren berriz biltzeko.

Azken egunetan, AEBek zabaldu dute Errusiak erabakita duela Ukrainari eraso egitea. Gatazka lehertuko duen gertakari bat prestatzen aritzea leporatu diote. Erresuma Batuak, berriz, Ukrainan estatu kolpe bat sustatzen aritzea egotzi dio. Kremlinek gezurtatu egin ditu Washingtonek eta Londresek esandakoak.

Ukrainako Defentsa ministro Aleksei Reznikovek ez du uste bere herrialdea Errusiaren berehalako inbasio baten mehatxupean dagoenik. «Gaur arte, Errusiako indar armatuek ez dute eratu erasorako talderik, bihar oldartzeko prest daudela adierazi dezakeenik», azaldu zuen atzo ICTV telebistan. Otsailaren 20an, Txinan egingo diren Neguko Olinpiar Jokoak amaitzen diren egunean, Errusiak Ukrainari eraso egingo ote dion galdetuta, Reznikovek erantzun du probabilitate «txikia» duela aukera horrek, haren iritziz.

NATOren arabera, Errusiak 100.000 soldadu baino gehiago ditu pilatuta haren lurren mendebaldean, Ukrainako mugatik gertu, eta halako tropa kopurua muga ondoan pilatzea Ukrainaren aurkako mehatxutzat dauka. Moskuk tropak bidali ditu Bielorrusiara ere, eta Aleksandr Lukaxenko herrialdeko presidenteak esan du indartu egingo duela Ukrainarekiko muga, egoera «txarra» delako, eta Bielorrusiak «edozertarako prest» egon behar duelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.