«Gerran zein bakean, Ukrainari laguntzeko inoiz baino konprometituago gaude». Hori adierazi du Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenek gaur, Kievi 45.000 euroko mailegua ematea proposatu ostean. Iragarritakoaren arabera, laguntza hori bitan banatuko lukete: 25.000 milioi defentsa militarra indartzeko, eta 20.000 milioi herrialdeko aurrekontuen beharrei erantzuteko.
Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik proposamena eskertu du sare sozialetan, eta esan «funtsezkoa» izango dela erresilientziarako eta diplomaziarako. Izan ere, Von der Leyenek jakinarazi duenez, kalkulatu dute Ukrainak 70.000 milioi euroko finantzaketa hutsunea izango duela 2027an. Hala, Bruselak hutsune horren bi heren estaltzea proposatu du gaur, eta beste herena gainontzeko bazkideek finantzatzea. Proposamenak, hala ere, Europako Parlamentuaren eta Europar Kontseiluaren oniritzia beharko du.
Neurria aurkeztu ondoren, EBko defentsa komisario Andrius Kubiliusek adierazi du Ukrainari emandako aurreko maileguak «mugarri» izan direla herrialdearen defentsarako, eta oraingoak ere Errusiako presidente Vladimir Putini «seinale indartsu» bat bidaliko diola. Von der Leyenek, gainera, jakinarazi du Kievek ez duela mailegua berehala itzuli beharko, ez behintzat Errusiak gerran eragindako kalteak ordaintzen dituen arte.
Laguntza ekonomikoa proposatu duten egun berean, Errusiak Odesa erdigunea bonbardatu du; ohi ez bezala, egun argiz. Gutxienez lau pertsona hil ditu, eta hainbat lagun zauritu.
Ukrainak, bestalde, Errusia hegoaldeko Krasnodar eskualdeko bi findegi jo ditu drone bidez, eta bederatzi lagun zauritu dituzte.