Uholdeek gutxienez 206 hildako eta 300 desagertu utzi dituzte Etiopia ekialdean

Salbamendu taldeek hondakinen artean desagerturiko pertsonen bila segitzen dute

2006ko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Etiopia ekialdeko Dire Dawa hirian gutxienez 206 hildako, horietatik 39 haurrak, eta 300 desagertu utzi dituzte larunbat gauean izandako uholdeek. Euriteen ondorioz hiria zeharkatzen duten Dechatu eta Dire Dawa ibaiek gainezka egin zuten, lotan zeuden herritarrak ustekabean harrapatuz. Salbamendu taldeek lanean dihardute euren eskuekin, lorazaintzako tresneriarekin eta makina pisutsuekin lohiaren eta hondakinen artean desagerturik dauden pertsonen bila.

«Familiak jadanik euren hildakoak ehorzten ari dira», azaldu zuen Beniam Fikru polizia ikertzaileak. «Hainbat kasutan, ordea, oso zaila izaten ari da hildakoak identifikatzea».

Telefono eta elektrizitate sarea kaltetu zituzten uholdeek eta 500 bat kilometrora dagoen Etiopiako hiriburura, Addis Ababara doan errepide nagusia ere deuseztatuta geratu zen, erreskate taldeen lana are gehiago zailduaz. Ehunka etxe, merkatu eta denda erabat suntsiturik geratu ziren eta ibilgailuak, ganadu azienda eta uztak ere aurretik eraman zituen uraren indarrak.

Orain arteko datuen arabera, gutxienez 10.000 bat biztanlek euren etxeetatik alde egin behar izan dute uholdeen ondorioz. Hildakoen kopuruak nabarmen egin dezake goraegunak igaro ahala.

Altitude gutxiko hiria da Dire Dawa eta eremu altuetan izandako eurite indartsuen ondorioz, sarritan eremu baxuagoetan dauden hirien parean ibaiek gainezka egin ohi dute. Etiopian ekain erdialdetik irailera bitartean izaten da eurite garai nagusia eta lehorte aroa heltzen da ondoren. Duela hainbat hilabetetik hona, gainera, lehorte larri bat milioi bat erdi pertsonaren bizia arriskuan jartzen ari da.

AZKEN URTEOTAN BEZALA. Azken bi urteotan uholdeek sarritan eragin dituzte kalteak Etiopiako ekialdean nahiz hegoaldean eta aurreko txandetan ere, ehunka izan dira hildakoak eta ehunka mila euren etxeetatik alde egin behar izan duten pertsonak. Pasa den urtean esaterako, 200 pertsona hil ziren oraingo eremu bertsuan. Euriteek, gainera, milioika dolarren galera eragin zuten, bereziki nekazari txikien artean.

2005eko apirilaren 26an 83 hildako eta milaka desplazatu utzi zituzten uholdeek Etiopia hego-ekialdeko Ogaden hirian. Eskualde berean, maiatzaren 2an, 132 lagun inguru zendu ziren, orduko hartan ere uholdeen ondorioz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.