Ugandak tropak bidali ditu Kongoko Errepublika Demokratikoko ekialdera

Ehunka soldadu sartu dira. Bi herrialdeetako armadek esan dute elkarlanean ari direla ziurtatzen bonbardatutako ADF miliziaren posizioak

Kongoko Errepublika Demokratikoko soldadu bat, Ipar Kivun. EFE.
Igor Susaeta.
2021eko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Ugandak eta Kongoko Errepublika Demokratikoak beste pauso bat eman dute ADF Indar Demokratiko Aliatuak milizien aurkako ahalegin militar bateratuan. Miliziak Kongo ekialdean dituen kanpaleku batzuk bonbardatu zituen Ugandako armadak herenegun, eta, atzo, soldaduak bidali zituen herrialdearen eremu horretara. Kongoko armadaren bozeramaile Leon-Richard Kasongak Twitterren adierazi zuenez,«bilaketa eta kontrol operazioak» egiten ari dira bi armadetako soldaduak, modu horretan aire erasoekin «kaltetutako» posizioak ziurtatzeko. Ugandako armadak herenegun esan zuenez, «zehatzak» izan ziren erasoak.

Ehunka soldadu sartu dira Kongora Ipar Kivu probintziatik, Nobiliko mugako pasabidetik. NBE Nazio Batuen Erakundeak han daukan iturri batek eta laguntza humanitarioa ematen duen aktibista batek AFP Agence France-Presse berri agentziari adierazi diotenez, Ugandako tropak «oso ondo armatuta» zihoazen, ibilgailu blindatuetan.

Oihan itxiko lekua da Ipar Kivu probintzia. Al-Jazeerarentzat han lan egin izan du Malcolm Webb kazetariak, eta hedabide horri kontatu dio ADF miliziak bukatzeko aurrez egin izan diren saiakerek zailtasun horrekin topo egin izan dutela. «Hain dira trinkoak [oihanak], ia ezinezkoa izan daiteke mendiko bideetatik kanpo landaredi hori zeharkatzea». Hain zuzen ere, ADFkoek oihan horietan dituzte kanpalekuak eta ezkutuko baseak. «Eremu zaila da gerrilla taktikak erabiltzen ari den talde armatu bati jazartzeko».

Bi herrialdeek ekintza adostuak egitea erabaki aurretik, Kongoko Gobernuak beste ahalegin batzuk egin izan ditu miliziak desagerrarazteko. Joan den maiatzean, esate baterako, setio egoera ezarri zuen Ipar Kivu eta Ituri probintzietan, eta erasoaldi militar bati bidea ireki. Operazio horren ondorioz, soldaduak funtzionario publikoak ordezkatzen hasi ziren, adibidez.

Giza eskubideen aldeko Ipar Kivuko aktibista bat itxaropentsu mintzatu zen Reuters berri agentziarekin. «Gure armada Ugandakoarekin elkarlanean aritzen baldin bada, irtenbide bat bilatuko da, eta ADFen historia iraganean geratuko da».

Ikusteko dago bi armadek lankidetzan jarraituko ote duten. Ugandako tropak 2017an sartu ziren azken aldiz Kongoko lurretan, eta orduan esan zuten milizietako ehun bat hil zituztela. ADFkoak aspalditik daude Kongo ekialdean —eremu aberatsa da baliabide naturaletan—, eta, Kivuko Segurtasunaren Barometroaren datuek diotenez, 2017az geroztik 2.000 zibil baino gehiago hil dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.