Nire hizkuntzan idazten ikasi nahi dut», dio Manal Siriako gazte kurduak. Hark eta gelako 30 ikaskideek helburu hori lortzeko bideari ekin diote.
Ekonomia ikasketak bukatzekotan da aurten Manal (21 urte); ingeles jantziaz azaldu du. Ama hizkuntza ikasteko aukera, berriz, debekatua izan du orain gutxi arte. Horrela izan da Baath alderdiak duela 50 urte boterea eskuratu zuenetik.
Udako oporrak profitatuz, Derik herriko Badarhan hizkuntza eskolan hasi da Manal. Berriki, kurduera ikasteko eskaintza egiten hasi dira herriko bi eskolatan: astean hiru ordu, eta doan. «Alfabeto latindarra ingelesarekin batera ikasi nuen, eta kurduok erabiltzen dugun berbera da».
1963an, Baath alderdiak agintea hartzearekin batera, kurduei arabiartze politika sistematikoa ezarri zieten. Ordutik, hizkuntza eta alfabeto arabiarra izan dira nagusi. Gaur, Manalen hizkuntza eskolan 600 bat ikaslek gramatika testa egingo dute, kurdueraz alfabetatu diren frogatzeko.
Jatorri indoeuroparreko hizkuntza da, eta bi aldaera nagusi ditu: kurmanjia, Turkiako eta Siriako kurduek alfabeto latindarrez idazten dutena, eta Sorania, Irango eta Irakeko kurduek alfabeto arabiarrez idatzita. Bi aldaerek estandar propioa badute ere, ez dago 40 milioi kurduen hizkuntza batzen duen alfabeto edo hizkuntza komunik.
Fatima da Manalen ikaskideetako bat. Erizaintzan aritzen da, eta lanaldirik ez duenean etortzen da eskolara. «Guretzat garrantzitsua da, eta are gehiago hurrengo belaunaldientzat», dio neska gazteak. Gogoan du, oraindik, umetan kurdueraz hitz egitearren astebeterako eskolatik kanporatu zuteneko hura. «Ahopeka hitz egiten genuen, irakasle batzuekin ere bai».
Kultur iraultza
Orain, lagungarria omen zaio esku artean darabilen gramatika fotokopiatua eta, batez ere, boluntario ari diren irakasleen lana. Hoshank da horietako bat. «Irakasleak behar zituztela eta, berehala etorri nintzen. Nire kabuz ikasi nuen idazten, Internet bidez eta etxean ezkutuan neuzkan liburuak irakurriz. Orain, beste batzuei bidea erraztu nahi diet, eta herriaren alde lan egin», dio gazte kementsuak, klasean sartu aurretik.
1916an Britainia Handiak eta Frantziak erabakitako muga kolonialen ondorioz, familia kurduak Turkiako eta Siriako mugaren bi aldeetan banandu ziren. 1920ko Sévres hitzarmenak, berriz, estatu kurdu independentea sortzeko aukera ere aurreikusten zuen, baina itun hori ez zen inoiz bete. Gaur egun, eskuairaz egindako muga inguru horretan etengabeak dira joan-etorriak. Pertsonen eta ondasunen mugimenduez gain, badaude bestelakoak ere.
Azken urteotan, Damaskok betoa ezarri du sare sozial birtual eta web orrien gainean. Gainera, errebolta hasi zenetik telefono bidezko komunikazioa ere ez da ona. Hala ere, Turkiako telefonia sareari esker eta muga hurbil dagoela baliatuz, Siriako kurdu gehienek eskuragarri dute ia murrizketarik gabeko Internet zerbitzua. Beraz, hasitako kurduen kultur iraultzan, nahi gabe bada ere, Ankara laguntza ematen ari dela esan daiteke.
Eskolako zuzendari Mohamed Amid Saadum, kurmanjierazko idazle eta poeta ezaguna ere bada. Hizkuntza eskolen egitasmo hori kurduen kontrolpeko herri guztietan abian dela dio. Horietako batzuk duela urte eta erdi ireki ziren, matxinada hasi zenean. «Turkiera eta ingelesa aspalditik ematen ditugu. Kurduera ikastearen aukera berriz, duela bi hilabete sortu zen, baita gure herriari buruzko historia eta kultura irakastekoa ere».
Joan den uztailean, Siriako alderdi kurduek hitzarmen bat sinatu zuten, zeinaren arabera eskualdeko hezkuntza kudeaketa PYD Batasun Demokratikoaren Alderdiaren esku geratuko zen. Huraxe da Siriako kurduen alderdi nagusia. Orain, Hezkuntza Batzordea erlojuaren kontra ari da lanean, ikasturte berrian Matematika, Historia eta halako ikasgai nagusiak kurmanjieraz eman daitezen.
Bestalde, azkenaldianespekulatu egin da PYDek «ez erasotzeko ituna» sinatu ote duen Baxar al-Assaden gobernuarekin. Horren inguruan, PYDeko presidente Salah Muslimek ukatu egin du hori. «Damaskok ez du herrialdeko gutxiengoen kontra beste fronte bat ireki nahi. Besterik ez dago».
Oraingoz, eskualdean dagoen barealdiari esker, Derikekoa bezalako eskolek PYDeko kudeatzaileekin elkarlanean jarrai dezakete. Proiektua martxan jartzeko orduan, irakasle eta kudeatzaileen lanaz gain, partikularren ekarpenak ere ezinbestekoak izan dira.
Mohamed Sadikek bi etxabe utzi dizkio doan eskolari, baina ez du uste aparteko ekintza denik. «Jende asko hil da gure herriaren alde borrokan» dio Sadikek, eskolako saretak bere atzean jaisten ari diren bitartean. «Horrekin alderatuta, ezer gutxi egin dut nik».
Kurdueraren batasuna
Kurduera hizkuntza indoeuroparra da, indoiraniar adarrekoa da, hain justu, farsiera, balutxera eta paxtuera gertuko ahaideak dituelarik. Esan ohi da kurduen arbasoak mediarrak izan zirela, baina zaila da frogatzea, apenas baitaude inskripzioak mediarren hizkuntzaz.
Kurduerak bost aldaera dauzka: iparraldeen dagoen dimili edo zazaki izenekoa; kurmanji, Turkia, Siria eta Irakeko Kurdistango iparraldean hitz egiten dena; soraniera edo erdialdeko aldaera; farsieraren eragina duen hego kurduera; eta azkenik, gorani hizkera, Iran eta Iraken artean sakabanatuta. Bost aldaera horietako bakoitzak azpi-aldaerak ditu.
Kurmanjiera eta soraniera dira aldaera nagusiak eta estandar bana dute. Kurmanjiera latindar alfabetoz idazten da, eta soraniera arabiarraren bidez. Ezin da izan estandar bakarra, ospea duen aldaera behar baita horretarako. Hizkera batean edo bestean oinarritzeak bestearen gutxiespena esan nahiko luke. Kurmanjieraren kasuan, Botan (Turkiaren menpeko Kurdistan) eskualdekoa hartu zen estandartzat 1920ko eta 30eko hamarkadetan, han sortu baitzen kurduerazko literatura gehiena.
Udaberri kurdua ikasgeletara
Siriako alderdi kurduek kontrolpean dituzten eremuetan, ikasleek kurduera ikasteko aukera dute, Baath alderdiak 50 urtean ezarritako debekua gaindituz. «Guretzat garrantzitsua da, eta are gehiago hurrengo belaunaldientzat», dio Fatima ikasleak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu