Mozambike munduko estaturik txiroenetan seigarrena da, Nazioarteko Diru Funtsaren arabera (NDF); herrialdearen batez besteko urteko per capita errenta 1.200 euro da. Qatar sailkapeneko lehenak, aldiz, 116.000 eurokoa du. Herrialde behartsuenek antzeko ezaugarriak dituzte: ekonomia oso ahulak eta azpigaratuak. Askok, Mozambikek bezala, gerra zibilak jasan dituzte duela ez asko. «Ikaragarrizko beharra zegoen; dena dela, mozambiketarrek bide onetik joateko gogoa eta borondatea zuten», azaldu du Beñat Arzadun Olaizola Mundukideko kooperanteak (Errenteria, Gipuzkoa, 1973).
Afrikako hego-ekialdean dago Mozambike. Hamar probintziak osatzen dute, Maputo hiriburuaz gain. XVI. mendean, marinel portugaldarrak kostara iritsi, eta kolonizatu egin zuten Mozambike. Lau mende iraun zuen Portugalen kolonizazioak, 1975ean Portugaldik independizatzea lortu zuen arte. Jarraian, ordea, gerra zibila hasi zen, eta ia bi hamarkadaz gerran egon ziren Frelimo alderdi ezkertiarra eta Renamo eskuindarra. 1992an, bake akordio bat lortu, eta gerrari amaiera eman zioten. Hala ere, krisi ekonomiko larrian utzi zuten Mozambike.
Aurten hogei urte bete ditu Mundukide fundazioak. 2002an, Mozambike iparraldean arlo ekonomiko produktiboa garatzeko proiektu bat martxan jarri zuen. Arzadun ordutik dago han. «Izugarrizkoa» zen pobrezia Mozambikera iritsi zenean: «Goseak eraginda, jendea hil zen, desnutrizio larria zela eta». Lurra, ura eta lan egiteko jendea bazen; horregatik, ez zuten ulertzen gosea nola gailendu zitzaien.
Nekazaritza teknika egokituz
Mundukide arazoaz ohartu zen. Etxaldeetan gutxi produzitzen zuten. Teknika «oso txarra» zuten. Eta nekazari batek jateko behar zuen baino gehiago ekoiztuz gero, «zailtasunak» zituen ondoren saltzeko. Ez zegoen «ganorazko» nekazaritza produktuen erosketa prozesurik. Egoerak hobera egin zezan, kooperatibak buru-belarri aztertu zuen nekazaritza, eta biztanleriaren gehiengoa gabeziatik irtetea lortu nahi zuen, gutxieneko baliabideak «behintzat» lortu zitzaten.
Horretarako, Mozambikeko barruti batean hasi ziren lanean. Lehenengo eginbeharra izan zen baserritarrei merkatua aurkitzea. Ondoren, zer ekoiztu pentsatu eta aztertu behar izan zuten, inork erosi nahi zuenik.
Behin hori aztertuta, produkzioarekin hasi aurretik, ekoizteko baliabide egokiak dituztela ziurtatu behar izaten dute. Orduan, Mundukideko kooperanteek nola produzitu irakasten diete, uzta egindakoan ahalik eta merkaturatze egokiena izan dezaten. Horrela lortzen dute mozkina. Egun, herrialdeko sei barrutitan dabil lanean Mundukide, bostehun kilometro inguruko lursail batean. Horietan milioi bat pertsona bizi dira, eta 15.000 hektarea inguru lantzen dituzte.
Mozambikek 30 milioi biztanle ditu. Batez besteko datuen arabera, gutxi gorabehera erdiak adingabeak dira, eta beste erdiak, helduak. Hamabost milioi heldu horietatik, milioi bat soilik dira soldatapeko langileak. Pare bat milioi merkatari txikiak dira; gainerako hamabi milioi inguru nekazariak dira, Mozambikeko %80. Baina Arzadunek dioenez, hango nekazariek ez dute zerikusirik Euskal Herrikoekin.
Normalean, bi guraso eta lau bat haur bizi dira nekazarien etxebizitza bakoitzean. Horiek hamabi metro koadrokoak dira, buztinezko paretak dituzte, eta lastozko eta egurrezko teilatua. Familiako kideen erdiek bizikleta bat «behintzat» badutela esan du Arzadunek. Kozinatzeko lau bat poto dituzte, bost plater inguru, eta, baratzerako, hiru aitzur, pare bat aizkora, eta itaila bat izaten dute batzuek. Arropa gutxi dute, baina, egun, txankletak «behintzat» badituzte gehienek. Askok ez dute koltxoirik: lurrean egiten dute lo, estera baten gainean. Etxeko guztientzako behar beste manta ez dute; «han, gauean, hamar gradu ere izaten dira garai freskoan, eta jendeak hotzez lo egin behar izaten du», Arzadunen hitzetan.
Etxe bakoitzeko, batez beste, hektarea bat eta erdi lantzen dituzte. «Eta hektarea eta erdi ez da nahikoa inor hortik bizitzeko. Ez dute traktorerik, ezta animaliarik ere: euren kabuz lantzen dute dena», dio kooperanteak.
Urteko errenta, 200 euro
Mundukidek aztertutakoaren arabera, nekazarien batez besteko urteko errenta, egun, berrehun euro da. Horiek familiako bost bat lagunentzat, hamabi hilabeterako dira. Familiak ekoizten duenetik, kontsumitzen duena 150 euro inguru da. Eta gelditzen diren 50 euroak izango dira benetan jasotzen duten dirua. «Jakina, ez da bizitzeko modua», adierazi du Arzadunek.
Mozambikeko gutxiengo soldata hirurogei euro inguru da hilean legez; baina laurogei euro inguru da batez besteko soldata. Ia mila euro irabazten dute urtean. «Hori, oso soldata kaskarra izanda ere, baserritar baten soldata baino bost aldiz handiagoa da».
Kooperanteak azaldu du Mozambikeren egoera orokorra hobera doala, baina hobekuntzak hirietan bakarrik egiten direla. «Baserrian bizi denak oso hobekuntza gutxi izan ditu». Horregatik, nekazariak ere bere lanaren bidez legezko gutxieneko soldatara irits daitezela nahi du Mundukidek; hau da, familia batean bi pertsonak lan eginda urtean 800 euroko errenta izatea lortu nahi dute.
Txirotasunari aurre eginez
Mozambikek pobrezia larria pairatzen du. Biztanleen %80 inguru nekazariak dira, eta Mundukide fundazioa horiei laguntzen ari da gutxieneko soldatara hel daitezen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu