Doverko portuan (Ingalaterra) 58 txinatar aurkitu zituzten hilda 2000. urtean, kamioi baten atoian; herenegun, hemeretzi urte geroago, beste 39 hilotz aurkitu zituzten Graysen, Doverretik 100 kilometrora baino gutxiagora. Essexko Poliziak atzo argitu zuen kasu horretan ere txinatarrak zirela kamioiak barruan zituen 39 hildakoak, 31 gizon eta zortzi emakume, guztiak helduak.
Kamioiaren gidaria zen Poliziak atxilotua zuen susmagarri bakarra atzo. Azaldu zutenez, segurtasun indarrek hiru jabetza miatu zituzten Ipar Irlandako Armagh konderrian, txoferra bizi zen lekuan. Ez zituen argibide gehiago eman Essexko Poliziak: «Gogor ari gara lanean gertakari lazgarri hori argitzeko; gure unitateak hilketa kasu bategatik inoiz egin duen ikerketarik handiena da».
Ikerketen arabera, kamioiaren kabina igandean sartu zen Erresuma Batuan, Holyheadeko portutik (Gales). Hiru egun geroago—asteazken gauean— hartu zuen hildakoak zituen edukiontzia Purfleetko portuan, Londrestik 25 kilometro ekialdera, eta bi kilometrora dagoen industrialde batean utzi zuen kamioia gidariak. Portutik atera eta ordu erdi eskasera jaso zuen Poliziak larrialdi deia, baina ez zuten argitu nor izan zen abisua eman zuena. Atzo erretiratu zuten ibilgailua aurkitu zuten industrialdetik. Kamioiaz gain, gorpuak aztertzeko prozesua ere hasi du jada Poliziak; lehen helburua heriotzen zergatia argitzea da, eta, ondoren, banan-banan identifikatuko dituzte hildakoak.
Edukiontzia Zeebruggeko portutik (Belgika) iritsi zen Tamesis ibaiko portura. Belgikako Fiskaltzak herenegun jakinarazi zuen ikerketa bat zabaldu zuela,«gizakien garraio horren antolatzaileak eta nahasita dauden guztiak» aurkitzeko. Fiskaltzak atzo argitu zuenez, oraingoz atoiaren ibilbidearen berri dute soilik: «Zeebruggera urriaren 22ko 14:49an iritsi, eta arratsalde horretan bertan utzi zuen portua; urriaren 23ko 00:30ean heldu zen Purfleetera». Horrez gain, adierazi zuen ez dagoela argi «noiz eta non» sartu zituzten biktimak edukiontzian. Erresuma Batuko Poliziarekin «elkarlan estua» izateko konpromisoa ere hartu zuen fiskaltzak.
Mafiak
Kasuak piztu egin du pertsonen trafikoan dabiltzan mafien inguruko eztabaida, eta, besteak beste, Krimenaren Agentzia Nazionalak adierazi zuen lanean dabilela kasuan parte hartu duten «gaizkile taldeak identifikatzeko». Boris Johnson lehen ministroak ere ezinbestekotzat jo zuen «gaizkile horiek jazarri eta zigortzea», nahiz eta hainbat eragilek berari bota zioten errua iheslariei «Erresuma Batura iristeko bide legezkoak ixteagatik».
Txinatarrak ziren Essexen atoi batean hilik aurkitu dituzten 39 pertsonak
Ingalaterra hegoaldeko konderriko Poliziak argitu du hildako guztiak helduak direla. Poliziak gidariaren hiru jabetza arakatu ditu Ipar Irlandan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu