Urri amaieran, egun batzuez Euskal Herriko Unibertsitatean izan zen Fritz Nganje Johannesburgoko Unibertsitateko irakaslea (Buea, Kamerun, 1978), Nazioarteko Ikasketetako ikasleei eskola bat ematen. Gehienbat, Hegoafrikako deszentralizazioa ikertzen du, baina Hegoalde Globaleko herrialdeen arteko kooperazioa ere ikertu du.
Zer da Hego-Hego kooperazioa?
Hego-Hego kooperazioa sortzen da Europako potentzien kolonialismoaren eta beste zapalkuntza mota batzuen azpian zeuden Afrikako, Latinoamerikako eta Asiako herrialdeen borroka historikotik. Egoera hori aprobetxatzen saiatu dira herrialde horiek, Mendebaldeko potentzien nagusitasun jarraituari aurre egiteko fronte komun bat sortzeko. 1955eko Bandung konferentzian [Indonesia], bereziki Asiako eta Afrikako herrialde independente berriak elkarrekin lanean hasi ziren nazioarteko sisteman egiturazko aldaketak exijitzen.
Eta gaur egun ere nazioarteko ordena ekonomiko berri bat sortzeko eskaria dago, erronka jotzen ari baitzaie Mendebaldeak gidatutako instituzioek munduko ekonomia gobernatzeko duten moduari, ulertzen baitute Hegoalde Globaleko herrialdeen mendekotasuna eta esplotazioa betikotzen duela. Aurrez kolonia ziren herrialdeekin harropuzkeriaz eta handikeriaz jokatzen duen Iparralde globalean konfiantza izaten jarraitu beharrean, hegoaldeko herrialdeak elkartu daitezke, elkarrekin lan egiteko eta elkar laguntzeko.
«Neokolonialismo deitzen zaionari begiratzen badiogu, ikus dezakegu iraganeko egituren betikotze bat dagoela»
Gobernu ereduek aldatu egiten al dute kooperazio hori?
Hego-Hego kooperazioa bereziki XXI. mendearen hasieran errotu zen, kooperazioaren aldeko diskurtsoak egikaritzen hasi baitziren; baina erronkak ere sortu dira, gobernu neoliberalen hazkundea esaterako. Thabo Mbeki —Hegoafrika— eta Lula da Silva —Brasil— liderrak egon dira, eta lagundu dute kooperazioa egiazkoa izaten, baina mende hasieran bultzatu ziren kooperazio aukerak ja ez daude hor.
XXI. mendean, izatez, Afrika deskolonizatuta dago.Baina nola baldintzatzen dute potentziarik handienek Afrikako herrialdeen kanpo politika?
Deskolonizazio deitu dakioken zerbait egon da, ez duzulako administrari kolonialik kontinentean. Baina neokolonialismo deitzen zaionari begiratzen badiogu, ikus dezakegu iraganeko egituren betikotze bat dagoela. Gogoratu, kolonialismoa ideologia moduko bat da, non pertsona talde batek beste bat menderatzen eta esplotatzen duen bere interesetarako. Eta Europako indarren edo administrarien presentziarik ezak ez du esan nahi logika koloniala amaitu denik.
Adibide bat jartzearren; Espainiak, Frantziak eta Erresuma Batuak independentzia ahalbidetu zutenean ez zuten konbikzio moral batengatik ahalbidetu, ez zuten pentsatu egiten ari zirena oker zegoenik eta hori amaitu behar zutenik. Borroka baten emaitza izan zen, baina Mendebaldeak herrialde horietan influentzia izaten eta menderatzen jarraitu dute eta jarraituko dute, bertan egon beharrik gabe.
Nola aldatu du Afrikako herrialdeen kanpo politika Txinaren indartzeak?
Txinaren iritsierak dinamikak aldatzen ditu hein batean, alternatiba bat sortzen duelako. Lehenago, Afrikako herrialde batek nazioarteko instituzio baten edo herrialde baten mailegu bat nahi bazuen, baldintza jakin batzuk onartu behar zituen; baina Txinak ez du hori eskatzen. Txinari ez zaizkio inporta gobernantza eta giza eskubide kontuak.
Horrek leiho bat irekitzen du, eta batek arrazoitu lezake horrek Afrikako herrialdeei ahotsa ematen diela, ez duzulako entzun behar beti Washingtonek edo Parisek esaten dutena: Pekinera begiratu dezakezu, eta nahi duzuna emango dizu. Noski, Pekinek bere baldintza propioak ditu, baina aldaketarik handiena da Txinak jartzen dituen baldintzak ez direla orokorrean politikoak, Mendebaldeak egiten duen moduan.
Txinak Afrikan duen jarduteko era, beraz, ezberdina da Mendebaldeakduenarekin alderatuta?
Ez litzateke zuzena izango esatea erabat ezberdinak direnik Txina Afrikan egiten ari dena eta Mendebaldeak egin duena. Jarraitutasuna iradokitzen duten elementuak daude, baina baita aldaketa zantzuak ere. Txina bere interesek mugitzen dute, ez dute modu altruista batean jokatzen, eta Txinaren interesek eta Afrikako jendearenek ez dute zertan berberak izan. Dinamika berriek eliteei mesede egiten dieten zantzuak daude, eta ez bereziki Afrikako herritarrei.
Zer pasatu da azken urteetan Sahelgo herrialdeetan?
Gauza konplexua da. Bi ikuspegitatik begiratzen diot nik; lehena izan daiteke aurrez esan duguna, neokolonialismoa: frantsesek ez dute kontinentea utzi. Frantzia oso errotuta dago Afrikan, eta Frantziaren historia luzea ulertzen baduzu, kontinentean dituen sare formal eta informalak, konturatuko zara ezin dela egun batetik bestera aldatu. Beraz, etengabe sartzen du muturra Afrikako herrialde batzuen kontuetan, eta garapen ahalmena ahultzen die.
Horrez gain, gobernantza defizita ere badago, ezin daitekeena bereizi indar kolonialen influentziatik. Izan ere, bi aldeetako eliteak batzen badira beren interesak mantentzeko, herrialde horietako gobernantzak eta garapenak sufrituko du. Eta horixe ari gara ikusten Sahelen.
Zure ustez, duintasunean eta subiranotasunean oinarritutako erabakiak dira?
Ez dut uste militarrek afrikarren esperantza berekin daramatenik. Egoera idilikoa izango litzateke militarrek gobernantza demokratikoa eta zibila berreraikitzeko konpromisoa izatea, ez erregimen militar bat. Militarren lekua ez dago politikan, herriaren defentsan baizik. Eta egungo egoeran, militarrek egiten dute jardun hori. Bai, zerbait aurrerakoiagoa sortzeko aukera izan daiteke, baina ez dugu horren zantzurik ikusten lider militar berriengan.
Hazten ari al da sentimendu panafrikarra?
Esango nuke murrizten ari dela. Panfrikanismoak, izatez, kontzentrazio indar bat sortu nahi du Afrikako eta diasporako herritarren artean, zapalkuntzaren atzaparren aurka elkarrekin borrokatzeko, baina azken urteetan indarra galdu du, perbertitu egin baita, eta herritarrez aprobetxatzen diren liderrak babesteko ideologia bat bihurtu da.