Giza Eskubideen Aldeko Taiwango Elkarteko (TAHR) idazkari nagusia da Shih Yi-Hsiang. Gobernuz kanpoko erakunde bat da TAHR, 1984ko abenduaren 10ean sortua, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean hain justu. Shih aktibista ospetsua da, eta langile migranteen giza eskubideak babesten aritu da luzaroan.
Zure ustez, gaur egun nola daude giza eskubideak eskualdean, bereziki Txinaren eraginari begira?
Taiwanen laster [gaur] egitekoak diren hauteskundeak funtsezkoak izango dira, dudarik gabe, eta eragina izango dute Asiako eta Ozeano Bareko eskualdean, baita nazioarteko egungo jokalekuan ere, Ameriketako Estatu Batuak eta Txina lehia argian dabiltzan honetan.
Nolanahi ere, eskualdeko herrialde bakoitzak bere arazoak ditu giza eskubideei dagokienez. Egoeraren bilakaera ez da nabarmen aldatuko Taiwanen hauteskundeak egiteagatik.
Baina eskualdean Txina ez da edozein.
Baliteke Txina izatea eskualde honetako herrialderik aipagarriena giza eskubideen urraketei dagokienez: hori ezin da baztertu. Hango gobernuaren estrategia politiko eta ekonomikoak eragin handia du beste herrialde askotan, eta ez hori bakarrik: subiranotasunarekin lotutako liskarrak pizten ditu oraindik, eta gatazkak sortu inguruko uretan.
Gatazka horien artean, Taiwanen eta Txinaren artekoak kezkarazi du gehien nazioartea, eta Txinak atzerrira esportatu ditu bere erregimen totalitarioa eta giza eskubideen kontrako balioak.
Safeguard Defenders GKEak egin berri duen txosten baten arabera, Txinak Polizia sekretuaren komisariak jarri ditu herrialde batzuetan, atzerrian ere disidenteak zigortzeko. Gainera, Txinak babesa eman dio Myanmarko gobernu militarrari, eta Errusiaren alde egin du hura egiten ari den gerra bidegabean. Horrek guztiak erakusten du Txina dela eskualdeko faktorerik desegonkorrenetako bat, eta giza eskubideen etsairik handiena. Taiwango bozak gorabehera, Txinaren eraginez arriskuan daude giza eskubideak, bai herrialdean bertan eta bai eskualde osoan.
«Ikuspuntu global batetik begiratuta, Asia da eskualde gisa giza eskubideen aldeko mekanismorik ez duen eremu bakarra».
SHIH YI-HSIANGGiza Eskubideen Aldeko Taiwango Elkarteko idazkari nagusia
Taiwanen zer bilakaera izan dute giza eskubideek, Txinak eta Taiwanek tirabira geopolitikoak dituzten honetan? Eta horrek nola eragin dio Giza Eskubideen Taiwango Elkarteak eginiko lanari?
Bada faktore bat oso garrantzitsua gaur egun Taiwanen demokrazia eta giza eskubideak gauzatzeari dagokionez: nahiz eta KMTren [Kuomintang] gobernuak herria zapaldu zuen luzaroan gerra legearen garaian, gero, 1987an gerra legea bertan behera utzi baino lehentxeago, jendeak segitu zuen lege horren sistemari presio egiten, behetik gorako ekintzak eginez.
Pixkanaka, gizarte zibila osatuz joan zen, baita gobernuz kanpoko oinarrizko erakunde ugari ere. Gainera, Taiwanek gerra legea indargabetu eta sistema demokratiko bati bide eman eta gero ere, KMTren gobernuak oraindik zigortu egiten zituen herri erakundeak, hainbat bide erabilita; hala ere, Taiwango herriak segitu zuen askotariko neurriak hartzen eta elkarlanean aritzeko aliantzak sortzen. Pixkanaka, herritarren eremuak indartu eta zabaldu egin zituen.
TAHR giza eskubideen aldeko oinarrizko erakunde bat da, independentea eta oso-osorik Taiwango gizarte zibilera begirakoa; 1984an sortu zen, eta gaur egun ere martxan dago. Lehenengo hogei urteetan, KMTren gobernu sistema autoritarioaren aurka aritu zen nagusiki, baita sistema autoritario horrek giza eskubideetan eragindako urraketen kontra ere.
Eta azken urteetan, kontuan izanik Txina goraldi betean dela?
Ikusita Txinako Gobernuak gero eta eragin politiko eta ekonomiko handiagoa duela, azken hogei urteetan TAHR-ek babesa eman dio Tibeti, eta gertutik erreparatu die Xianjiangeko uigurren eta Hong Kongeko herriaren giza eskubideei.
Txinan giza eskubideak zertan diren aztertzea da orain TAHR-en lan nagusietako bat. Xi Jinping boterera heldu aurretik eta Txinak disidenteenganako jarrera zapaltzailea areagotu baino lehen, giza eskubideen aldeko Txinako abokatuek oraindik bazuten tarterik lanean aritzeko.
Zure ustez, ba al da nazioarteko komunitateak zorrotzago aztertu beharko lukeen kontu edo kasu jakinik giza eskubideen arloan, bereziki Txinaren eraginarekin lotuta?
Ikuspuntu global batetik begiratuta, Asia da eskualde gisa giza eskubideen aldeko mekanismorik ez duen eremu bakarra. Beraz, azken urteetan, ikusita zenbait herrialdetako herritar batzuk desagertu egin direla edo giza eskubideak urratu dizkietela Txinan, ezinbestekoa da mekanismo moduko batzuk ezartzea giza eskubideekin lotutako mugaz gaindiko kontuetarako. Esaterako, Giza Eskubideen Europako Gutuna eta Giza Eskubideen Europako Auzitegia lanean aritzen dira giza eskubideak sustatu eta babesteko.