Koronabirusa Txinan

Txinan bidaia kopurua bikoiztea espero dute asteotan

OMEren kritikak direla eta, Pekinek bere burua defendatu du koronabirus kasuen gorakadaren aferan: «Egoera epidemikoa kontrolpean dago»

Herritarrak Hong Kong Macao Ferry Terminalean, atzo, ferryrako tiketak erosteko ilara batean. JEROME FAVRE / EFE.
ander perez zala
2023ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Behin COVID-19aren pandemiari aurre egiteko neurri murriztaileak kolpe batez kenduta, Txinan—eta munduan— kezka bat finkatu da: Urteberri txinatarrak, horri lotutako bidaiek eta nazioarteko joan-etorriek are gehiago okertuko dutela egungo egoera. Jendeen zirkulazioa erabatekoa izango da gaur hasi eta otsailaren 15ean amaituko diren ospakizunen ondorioz, eta agintariek kopuruak ere zehaztu dituzte datorrenari aurre egiteko; Trafikoko funtzionarioek atzo jakinarazi zutenez, espero dute datozen asteetan bidaiak bikoiztu egingo direla, iazko datuekin konparatuta. «2,1 bilioira iritsiko dira aurtengo Ilargi Urteberrian [urteberri eguna hilaren 22an izango da]; iaz 1,05 bilioi izan ziren, urteko epe berean».

Gobernuarentzat eta osasun langileentzat, egiazko proba bihar bertan hasiko da, egun horretan erabat irekiko baitituzte mugak Txinan sartu nahi dutenentzat, eta gehienez 48 ordu lehenago egindako PCR negatibo bat soilik eskatuko baitiete. Aldaketa horrek, batetik, Hong Kongeko eta Macaoko herritarrei eragingo die; eta, bestetik, nazioartetik datozen bidaiariei —besteak beste, Pekin Hiriburua Nazioarteko Aireportuak atzerriko hegaldiak jasotzeko terminalak irekiko ditu—.

Adituek esan dute egoera oso beltza bilaka daitekeela, eta gutxienez milioi bat lagun hilko direla —1.400 milioi biztanle ditu Txinak—. Hala ere, gobernuak egunotan behin eta berriz argudiatu du jakin badakiela nola egingo dion aurre datorrenari, kutsaturik gabeko estrategia bertan behera utzi duen arren; are, nahiko haserre agertu izan da Mendebaldearen erreakzioagatik eta, batez ere, Txinatik atera diren bidaiariei ezarri zaizkien neurri murriztaileengatik.

Afera horretaz, eta OME Osasunaren Mundu Erakundeak egunotan egin dizkion kritikei erantzunez, Txinako Atzerri Ministerioaren bozeramaile Mao Ning argi mintzatu zen herenegun, eta adierazi zuen haren herrialdea «garden» jokatzen ari dela: «Egoera epidemikoa kontrolpean dago. Birusaren mutazio posibleak gainbegiratzen jarraituko dugu, eta edozein informazio egoki garaiz partekatuko dugu. OMErekin kontaktuan gaude, eta espero dugu erakunde horrek jarrera zientifiko, objektibo eta inpartziala mantenduko duela».

Positiboak eta hildakoak

OMEk iragan ostegunean argitaraturiko buletin batean jakinarazi zuenez, Txinan 218.019 positibo zenbatu zituzten «azken astean», eta 648 lagun hil ziren koronabirusarengatik. Denera, betiere erakundeak jasotako datuek diotenez, 32.792 pertsona hil dira herrialde horretan pandemia hasi zenetik.

Osasun erakundeak, ordea, uste du Pekinek partekatzen duen informazioa ez dela errealitatearen erakusle; are gutxiago, iragan abenduan Txinako Osasunaren Batzorde Nazionalaren akta batzuk filtratu zirenetik. Horien arabera, hilabete horretan 248 milioi lagun kutsatu ziren, baina erakundeari bidalitako informazioak zioen 450.000 inguru izan zirela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.