Txinak NATOri ohartarazi dio «liskarrik» ez sortzeko

Ukrainako auzian izaten ari den jokabide «neutrala» azpimarratu du Pekinek, NATOko idazkari nagusiaren kritikei erantzunez.

Jens Stoltenberg, atzo, Washingtonen ospaturiko NATOren goi bileran. TING SHEN / EFE
Jens Stoltenberg, atzo, Washingtonen ospaturiko NATOren goi bileran. TING SHEN / EFE
2024ko uztailaren 11
14:52
Entzun

Txinak NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeari eskatu dio alde batera uzteko «Gerra Hotzeko pentsamoldea», ez dezan «liskarrik» eragin. Washingtonen herenegun abiatu eta gaur bukatuko den NATOren goi bileran, Jens Stoltenberg Mendebaldeko aliantza militarreko idazkari nagusiak atzo eginiko adierazpenei erantzun diote Pekingo iturri ofizialek, ohar baten bidez. Besteak beste, Errusiak Ukrainaren inbasioaren harira abiatutako «gerra ekonomia sendotzea» leporatu dio Txinari, eta azken hamarkadetako «gatazkarik handienean egiteko erabakigarria» izatea.

Pekinek, ordea, Ukrainaren auzian «elkarrizketarako» eta «soluzio politiko bat» bilatzeko izaten ari den konpromisoa goraipatu du, nabarmenduta bere rola «bidezkoa eta objektiboa» dela. Gainera, adierazi du Stoltenbergen hitzak «aurreiritziz beterikoak» direla, eta NATOri proposatu dio «egoera arintzeko neurri errealez» hausnartzea. Aliantza militarraren 75. urteurrenarekin batera ospaturiko goi bileran, Ukrainako inbasioaz gain, Txinaren «mehatxuak» ere arreta ugari izan du azken hiru egunetan.

Goi bileraren azken adierazpena kaleratu zuten atzo, eta, haren arabera, NATOko 32 estatuek uste dute txinatarren anbizioek «talka» egiten dutela euren interesekin. Horren harira, Washingtonera gonbidatu dituzte Japonia, Zeelanda Berria, Hego Korea eta Australia, azkenaldian hautsak harrotu dituen Asia-Pazifikoan «segurtasun erronkak» eztabaidatzeko. Gainera, adierazi dute Txinak ezin duela «egiteko garrantzitsua» izan Errusiak abiatutako inbasioan bere interesetan eta ospean «negatiboki» eragin gabe.

2022aren otsailean Errusiak inbasioa abiatu zuenetik, Ukraina izan da NATOren goi bileretako gai nagusia. Aurtengoan, aldez aurretik zalantza ugari egon baziren ere, 2025ean Kievi 43.000 milioi dolar inguru —40.000 milioi euro— emango dizkiotela baieztatu dute aliatuek, azken hiru urteetan urtero emandako kopuru bera. Bestalde, AEBek Alemanian irismen luzeko armak ezarriz gero, bi herrialdeek goi bileran ateratako komunikatuan adierazi bezala, Errusiak «erantzun militar» batez ohartarazi dio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.