Txinak handitu egin du «demokraziaren aldeko» hongkongdarren kontrako jazarpena

'Apple Daily' egunkariaren editorea epaitzen ari dira, «atzerriko indarrekin elkar hartuta» egotea leporatuta, eta Agnes Chow liderra, berriz, Kanadara erbesteratu da. Bi gertakari horien ondorioz, garai berri bat hasi da Hong Kongen.

(ID_13436806) CHINA HONG KONG TRIALS JIMMY LAI
Polizia bat, Jimmy Lairen jarraitzaile batzuk atzean dituela, Hong Kongeko auzitegi baten kanpoan, joan den abenduaren 17an. BERTHA WANG / EFE
Josep Solano
Tokio
2024ko urtarrilaren 6a
05:05
Entzun

Hasia da Jimmy Lai magnatearen kontrako epaiketa; «demokraziaren aldeko» hedabide batzuen arduraduna da, eta «segurtasun nazionala urratzea» eta «atzerriko indarrekin elkar hartzea» leporatu diote. Bestalde, duela aste batzuk, Aterkien Iraultzako eragilerik ezagunenetako batek, Agnes Chowk, iragarri zuen erbesteratu egin zela. Bi gertakari horiek beste aro bat hasarazi dute Hong Kongen «demokraziaren alde» ari direnen eta Txinatiko independentzia aldezten dutenen kontrako errepresioaz den bezainbatean.

Laik 76 urte ditu, eta kartzelan dago 2020ko abendutik. Ukatu egin ditu leporatu dizkioten kargu guztiak, eta, erruduntzat jotzen badute, bizi guztiko espetxealdia ezarriko diote. Adierazpen askatasunaren alde egiten zuten zenbait hedabidetako editore eta arduraduna da, eta Segurtasun Nazionalaren Legean oinarrituta atxilotu zuten; Txinak indarrez ezarri zuen lege hura Hong Kongen, eta disidentzia azpiratzeko erabiltzen du.

Lairen kasuak nazioartea haserretu du, eta Hong Kongeko independentzia judizial jadanik ezereztuaren erakusgarritzat jotzen dute askok, urratu egiten dituelakoan bere garaian subiranotasuna eskualdatzean Erresuma Batuarekin sinatutako akordioak.

Bestalde, Chow aktibista ospetsuak, zeina Kanadan egon baita ikasten, duela aste batzuk sare sozialetan iragarri zuen ez dela itzuliko, eta, beraz, ez dituela beteko bermea ordainduta aske geratzeko ezarri dizkioten baldintzak. Hura da Hong Kongetik ihes egin duten eragile politiko guztietan azkenekoa oraingoz, Pekin disidenteen kontrako errepresioa indarberritzen ari den honetan.

Chowk 27 urte ditu, eta 2020an atxilotu zuten; orduan, hamar hilabeteko kartzelaldia ezarri zioten, baimendu gabeko bilera batean parte hartzeagatik. Segurtasun Nazionaleko Legean oinarrituta akusatu zuten hura ere.

«Ziur asko, atxilotu egingo dituzte demokraziaren aldeko goi-goiko aktibistak, eta kartzelaldi luzeak ezarriko dizkiete».

 PATRICK KAR-WAI POONAkademikoa, kazetaria eta giza eskubideen aldeko aktibista

2021ean utzi zuten aske, bermea ordainduta, sei hilabete pasatxo kartzelan eman ondoren; baldintza gisa jarri zioten tarte jakin batean behin Poliziarenean agertzea. Chowk sare sozialetan iragarri berri du, ordea, ez duela beteko baldintza hori. Azaldu duenez, Torontoko Unibertsitatean onartu dute aurten, eta Poliziak hari pasaportea itzultzea onartu zuen, baina baldintza gisa jarrita Txinako Shenzhen hirira joatea.

Bidaia hartan, besteak beste, Txinako Tencent teknologia enpresa garrantzitsua bisitatu behar izan zuen, eta Txinaren lorpenen inguruko erakusketa «patriotiko» bat ere bai. «Ez dut nahi ezertara behartu nazaten, eta ez dut nahi Txina kontinentalera joanaraz nazaten berriz. Beharbada, ez naiz sekula itzuliko», esan zuen, irmo.

Demosisto «demokraziaren aldeko» alderdi jada desagertuaren sortzaileetako bat izan zen Chow, Joshua Wong eta Nathan Lawrekin batera. Gaur egun, Wong zaintzapean daukate, eta subertsioa leporatu diote; erruduntzat jotzen badute, bizi guztiko kartzelaldia ezarriko diote. Law, berriz, Erresuma Batura erbesteratu zen, eta, uztailean, Poliziak Hong Kongeko milioi bat dolarreko saria eskaini zuen —ehun bat mila euro— hura atxilotzeko edozein informazio ematearen truke.

Patrick Kar-Wai Poon akademikoa, kazetaria eta giza eskubideen aldeko aktibista da Hong Kongen, eta nahigabetuta hitz egin du Pekinen errepresioaldi gordindu honetaz. Galdeturik zer esan nahi duen giza eskubideen aldeztaileentzat eta «demokraziaren aldeko» militanteentzat bai Lai epaitu izanak eta bai Chow Kanadara erbesteratu izanak, zera erantzun du: «Ziur asko, atxilotu egingo dituzte demokraziaren aldeko goi-goiko aktibistak, eta kartzelaldi luzeak ezarriko dizkiete». Pekinek txotxongiloa bezala darabil gobernua, eta «hark eredu gisa baliatu nahi du Lairen kasua, hiriko beste aktibista batzuk uxatu eta isilarazteko. Libre izateko, jendeak aukera bakarra du: erbestean bizitzea, Agnes Chow bezala».

«Deliberatuta» disidenteak zigortzera

Ikusirik ia ziurra dela bizi guztirako zigortuko dutela Lai, Poonek uste du gobernua «deliberatuta» dagoela disidenteak zigortzera: «Segurtasun Nazionaleko Lege drakoniarrak ahalbide hori ematen dio gobernuari». Baina akademikoak irmo esan du lege hori «zuzenbide estatuaren kontrakoa» dela, «ezbairik gabe».

Galdeturik zergatik Hong Kongeko errepresio politikoa jadanik ez den agertzen Asiako eta munduko hedabideetan, Poonek errealismo ariketa bat egin du: «Beste leku batzuetan, bizia areago dago arriskuan, hala nola Gazako eta Ukrainako gerretan; horiek hartzen dituzte mundu guztiko prentsako goiburuak eta albistegiak. Dena den, Lairen kasuak, Chowrenak eta beste batzuek oraindik ere pizten dute nazioarteko hedabideen arreta».

Poon, zeina Tokion erbesteratuta baitago 2021etik, ez dago oso optimista pentsatzean zer etorkizun izango duen hongkongdarren diasporak aurten: «Gure borrokan segitu besterik ezin dugu egin, eta atzerrian dauden hongkongdar guztiak batu. Bide eta esperantza horixe baino ez daukagu Pekinek inposatu nahi dituen kontakizunei kontra egiteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.