TXINA

Txinak esan du herrialdea «gero eta gertuago» dagoela munduko agertokiaren erdigunetik

Txinako Atzerri ministrordearen esanetan, «badira Gerra Hotzeko pentsamoldeari eusten saiatzen ari diren indar batzuk». AEBez ari zen adierazpen horietan.

Publizitate hesi digital handi bat Shangaiko eraikin batean, Txinan. ALEX PLAVEVSKI / EFE
Mikel O. Iribar.
2022ko urriaren 20a
12:07
Entzun

Txinako Alderdi Komunistaren XX. Kongresua hasi zenetik lau egun igaro diren honetan, Asiako erraldoiak ziurtatu du herrialdea «gero eta gertuago» dagoela munduko agertokiaren erdigunetik, eta uste du «munduko ordenarako mehatxu nagusia historiaren joeraren aurka» doala, Ameriketako Estatu Batuei aipamena eginez. «Konfrontazioa bultzatzen eta beste batzuk beldurtzen saiatzen ari dira».

Txinako Atzerri ministrorde Ma Zhaoxuk egin ditu adierazpenok, Alderdi Komunistaren XX. Kongresuan gertatzen ari denari begirik kendu gabe. Adierazi duenez, munduak aurrekaririk gabeko aldaketak izan ditu, eta gaur egungo joera historikoa bakearekin, garapenarekin eta lankidetzarekin lotuta doa. Baina bat jarri dio horri, ordea: «Badira Gerra Hotzeko pentsamoldeei eusten saiatzen ari diren indar batzuk».

Maren arabera, «indar» horiek Washington eta haren aliaturik hurbilenak dira. «Presio talde gisa funtzionatzen dute, lerro ideologikoak marrazten dituzte, konfrontazioa bultzatzen dute eta beren atzerri politika hegemonikoan oinarritzen dira». Hori dela eta, nabarmendu du «mundu zatitu batek» ez diola «inori mesederik egiten», eta konfrontazioak «kale itsu batera» baino ez duela eramaten.

Prentsaurreko berean, Shen Beilik, Txinako Alderdi Komunistako Nazioarteko Departamentuko ministrordeak, Asiako erraldoia «gizateria osoaren aurrerapenaren alde borrokatzen» duen estatu gisa aurkeztu du. Hain zuzen, Xi Jinping Txinako presidente eta Alderdi Komunistako idazkari nagusiak joan den larunbatean Kongresuaren irekierako hitzaldian erabilitako esaldi asko errepikatu ditu Shenek. Xiren agintaldia beste bost urtez luzatzea espero da; dagoeneko hamar urte egin ditu boterean.

Mak, berriz, nabarmendu du Asiako herrialdeak «benetako multilateralismoaren» aldeko apustua egin duela, eta, haren hitzetan, Txinak «jarrera baikorra» izango du datorren hilean Balin (Indonesia) egitekoa den G20koen goi bileran, «susperraldi ekonomiko globala sustatzeko». Lankidetzarako beste alor batzuk ere aipatu ditu, hala nola «energia, elikadura kateak eta segurtasuna», baina ez du argitu Xik goi bileran parte hartuko duen.

Bestalde, Txinako Atzerri ministrordeak gaineratu du Txinako Alderdi Komunistak «bere lidergoa eta sistema» babestu dituela; besteak beste, Nancy Pelosi AEBetako Ordezkarien Ganberako presidenteak abuztu hasieran Taiwanera egindako bisitaren eta beste «ekintza gaizto» batzuen aurka «kontraerasoa» eginez. «Taiwanen independentzia defendatzen dutenen aurka gaude, eta atzerriko indarren edozein esku hartze geldiaraziko dugu». Zehazki, Pekinek Hong Kongnen Segurtasun Nazionaleko legen bat jarri zuen martxan, eta horren bitartez, «hiriari ordena itzuli zion», Txinako Gobernuaren esanetan. «AEBek eta Mendebaldeak ezarritako zigor zentzugabekoak indargabetu ditugu, eta horretan jarraituko dugu», azpimarratu du Mak.

Urak ez dira baretu

Azken bi urteotan, Txinak Taiwanen aurkako presio militar eta politikoa areagotu da, eta Taipeik behin baino gehiagotan esana du Taiwan herrialde «demokratikoa eta subiranoa» dela, azkena, astelehen honetan, Xiren adierazpenei erantzunez. Txinako agintariak aurretik ohartarazi zuenez, Pekinek «ez dio inoiz uko egingo indarra erabiltzeari», Taiwanekin «bateratzeko».

Bada, bi aldeen arteko tentsioa baretuko den zantzurik ez dago oraingoz. Izan ere, Taiwango segurtasun arduradun nagusiak Chen Ming-tongek gaur esan duenez, Xi «bekatari» bilakatuko litzateke Txinak Taiwani eraso egingo balio eta gerra irabaziko balu, «Pekinek aurre egin beharko liekeelako nazioarteko zigorrei eta bakartze diplomatikoari», haren hitzetan.

Taiwango Gobernuak dio uharteko 23 milioi herritarrei soilik erabaki dezaketela beren etorkizuna, eta Txinako Herri Errepublikak Taiwan inoiz gobernatu ez duenez, subiranotasunaren inguruko aldarrikapenak «baliogabeak» direla azpimarratu du Chenek. Tsai Ing-wen Taiwango presidenteak behin baino gehiagotan luzatu dio eskua Xiri elkarrizketak berrekiteko, «berdintasunaren eta elkarrekiko errespetuaren printzipioetan oinarrituta». Dena den, Taipek salatu izan du Pekinek uko egin diela aurrerapauso horiei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.