Koronabirusa munduan

Txinak bigarren olatua saihestu du

Pekinen COVID-19 kasuak agertzeak alarma piztu du. Agintariek mugimenduak murriztu dituzte, testak bultzatu, eta positiboen jarraipena egiten ari dira hura kontrolatzeko.

Langile bat herritarrei tenperatura hartzen, Pekin hiriburuan. ROMAN PILIPEY / EFE.
Zigor Aldama.
Sanya
2020ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
«Otsailean al gaude berriro?». Internauta txinatar askok galdera horixe egin zioten beren buruari, sare sozialetan. Pekinek iragarri baitzuen berriro ere indarrean jarriko zituela duela lau hilabete koronabirusa hedatzea saihesteko hartutako neurrietako batzuk. Xinfadiko merkatuan kutsatze berriak agertu eta gero hartu zituzten neurriak: konfinamendua ezarri zuten, 90.000 herritar baino gehiago bizi diren 30 bizitegi multzo ingurutan —batzuk hesitu ere egin zituzten, jendea ez pasatzeko—; probintzia batzuek berrogeialdian jarri zituzten Pekindik iritsitakoak; eta kanpaina indartsu bat abiatu zuten test masiboak egiteko eta positibo ematen zutenen arrastoari jarraitzeko. Egoera «oso larria» zela ohartarazi zuen gobernuak. Beldurra berriro zabaldu zen.

Zorionez, foku horrek 300 kutsatze baino gutxiago eragin ditu oraingoz, eta iragan ekainaren 18an kontrolatutzat jo zuen Wu Zunyouk, Txinako Gaixotasunen Prebentzio eta Kontrol Zentroko epidemiologo buruak: «Horrek ez du esan nahi kasu gehiago atzemango ez direnik, baizik eta egungo joerak horrela jarraituko duela egun batzuetan, kurba jaisten hasi aurretik, urtarrilean eta otsailean gertatu zen moduan». Wuk uste du berragertzeak saihetsezinak direla —Hego Korean ere gertatu dira— eta munduak, asko jota, kontrolatu baino ezin dituela egin. Horretarako, Txinak bere prebentzio estrategiaren aldeko apustu garbia egin du: test masiboak —milioi erdi bat herritarri baino gehiagori Pekinen— eta positiboen arrastoa jarraitzea.

Agerraldi gehiago

Pekingoa izan da orain arteko fokurik larriena, baina Asiako erraldoiak gehiago ere izan ditu, kutsatzerik gabeko hainbat egun kateatu eta gero. Suifenhe herrian izan zen lehena. Hainbat txinatarren itzulerak eragin zuen: hegaldiak bertan behera utzi zizkieten, eta Siberia zeharkatu zuten, Txinara ipar ekialdetik sartzeko. Gehiago ere gertatu ziren Harbinen —iparraldean— eta Guandongo zenbait klusterretan ere. Astebete baino lehen bakartu eta kontrolatu zituzten guztiak. Txinako Gobernuaren neurri zorrotzen eraginkortasunaren beste adibide bat dira.

Pekinek hiru arazo izan ditu. Lehena, agerraldia merkatu oso jendetsu batean gertatu zela. Izan ere, Xinfadikoa ez da edozein merkatu: Pekingo 22 milioi hiritarrek kontsumitzen duten frutaren eta barazkien %90 saltzen dira bertan. 10.000 langilek baino gehiagok lan egiten dute han. Beraz, lehenengo kutsatze kateari beste batzuk kateatzeko arriskua zegoen. Hori gutxi balitz bezala, Huanango (Wuhan) merkatuko lehen agerraldiarekiko antzekotasuna hain handia zenez, jende asko izutu zuen.

Bigarrena, ez zegoela argi agerraldiaren jatorria zein zen: aurrena esan zuten inportatutako izokinak eragin zuela; baina gero baieztatu zuten lagin horiek positibo eman zutela, haien ingurua kutsatuta zegoelako. Horrek erakusten du halako azpiegituretako higiene baldintzak zein kaskarrak diren.

Eta hirugarrena, kezkagarria dela Xinfadin aurkitutako birusaren anduia Europako ohikoena dela; ez hain ohikoa, ordea, Txinan. Batzuek uste dute datu hori arrazoi politikoengatik nabarmentzen dutela, baina Wuk zehaztu zuen arazo bat izan daitekeela txertoa garatzekoorduan.

Txina SARS-CoV-2 birusaren kontrako txerto bat garatzeko lehiaren buruan dago. Adituek diote txertoa funtsezkoa izango dela normaltasun berrian Pekingoaren moduko kasuek egoera ez aztoratzeko. Ia hamar txerto garatzen ari dira Txinan, eta batzuk jada esperimentuen bigarren fasean daude. Horrek esan nahi du frogatu dutela ez direla arriskutsuak gizakientzat, eta orain eraginkortasuna frogatu behar dutela, zientzialariek dosi egokiak zehazteko. Boluntario osasuntsuak erabili dituzte balizko txertoak probatzeko. CanSino Biologics enpresa armadarekin batera garatzen ari dena zenbait arrisku talderi ere eman diete: atzerrira joandako langileei eta hegazkinetako eskifaiei.

Alderdi Komunista

Txertoen arrakastaren eskudago, ez bakarrik munduaren ongizatea, baita Txinaren irudia ere, munduko potentzia gisa. Zeren Alderdi Komunistak lider arduratsuaren irudia eskaini nahi du AEBekin duen kontakizunaren lehian. Irudi hori emateko ahaleginean lagundu diote osasun krisiaren kudeaketa onak eta medikuntza materialaren salmentak—batzuetan laguntzaren mozorropean—. Baina txertoa garatzeko lasterketa beste maila batean dago, ospe teknologikoarenean. «Txinak munduari erakutsi nahi dio gai dela eremu teknologikoan ere herrialde garatuekin lehiatzeko, eta birusaren kontrako txertoa funtsezko pieza da hori lortzeko», azaldu du estatuaren komunikabide bateko kazetari batek. Ez du bere izenik eman nahi.

Baina, jakina, gerta dakioke kukuak oker jotzea. Horren erakusgarri izan daitezke Txinak jaso dituen kritikak, izurritearen hasieran izandako opakutasunagatik, koronabirusa Wuhanen aurkitu zutenean. Izan ere, Donald Trump AEBetako presidentea pandemia arma gisa erabiltzen ari da. Eta Josep Borrell Europako Batasunaren diplomaziaburuak esan du ez dela «naif-a izan behar». Borrellentzat Txina «arerio sistemikoa» da.

«Koronabirusak larriagotu egin du bi superpotentzien arteko gerra», Xu Binen iritziz. China Europe International Business Schooleko Finantza irakaslea da. Borroka hori Trump agintera iritsi aurrekoa dela gehitu du. «Sistemen talka bat da, Gerra Hotzekoaren parekoa. Ezberdintasuna da mundu globalizatu honetan elkarrekiko mendekotasunak askoz ere handiagoak direla. Hornidura kateak etetea eta Txinak osasun materialaren ekoizpena monopolizatzea globalizazioaren kontrako mugimendu bat eragiten ari da, baita enpresaburuen artean ere. Eta agerikoa da dibertsifikazioa nagusituko dela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.