OME Osasunaren Mundu Erakundeak osasun larrialdia ezarri du nazioartean, tximino baztanga gaixotasunaren hedatzea dela eta. Kongoko Errepublika Demokratikoa da epidemiaren epizentroa. Afrikan, gutxienez hemezortzi herrialdetan dago kasuren bat, eta Europan zein Asian ere kasuak detektatu dituzte. Kongoko Errepublikako Hegoaldeko Kivu eskualdean MSF Mugarik Gabeko Medikuek duten misioaren buru da Luis Montiel (Cordoba, Argentina, 1976). Herrialdeko gerrako indarkeriak gaixotasunaren ondorioak areagotzen dituela dio Montielek. Hark ohartarazi du tximino baztanga ezin dela COVID-19arekin alderatu, ez delako «gaixotasun berri bat». Hain zuzen: «Urteak daramatzagu tximino baztangarekin, eta txertoak garatuak ditugu».
Zein da tximino baztangak eragindako azken krisiaren arrazoia?
Birusaren bi aldaera daude, klasikoa eta duela gutxi Kivuetan [Iparraldekoa eta Hegoaldekoa] detektatu den berria. Klasikoa animaliatik gizakietara transmititzen da; oraingoa, ordea, gizakitik gizakira transmititzen da. Hori dela eta, kutsadura askoz azkarragoa da. Gainera, Kongoko Errepublika Demokratikotik Afrikako beste herrialde batzuetara hedatu da.
Tximino baztanga bereziki bortitza izaten ari da Kongoko arroan. Zer ezaugarri ditu eskualde horrek beste inon baino kutsatze gehiago egoteko?
Iparraldeko Kivuko hiriburuan, Goman, ia milioi bat barne desplazatu daude gatazkaren eraginez, eta hegoaldeko eskualdean 200.000tik gora. Pertsona horiek desplazatuen esparruetan bizi dira, pilatuta, bizi baldintza oso pobreetan: ia ez dago higienerik, ez edateko urik ere. Hori da tximino baztanga azkar hedatu izanaren arrazoietako bat da. Baina ez da bakarra. Gatazka armatuak biztanleriaren mugimendu masiboak eragiten ditu; eta, beraz, gatazka gune horietako herritarrak Kongoko Errepublika Demokratiko osoan zehar mugitzen dira.
Bestalde, oso egoera eskasean bizi dira kongoarrak. Batez beste hamar pertsona bizi diren etxeetan norbait bakartzea oso zaila da. Bakartzeko ezintasun hori gaixotasunaren hedatzearen beste astungarri bat da.
Zuk ekialdean egiten duzu lan. Herrialdean dauden zazpi milioi barne desplazatuetatik 5,6 milioi inguru daude han. Nola eragiten dio osasun krisiak barne desplazatuen egoerari?
Zalantzarik gabe, beste astungarri bat da. Duela urte askotik dago gatazka, baina iazko abenduan areagotu zen. Indarkeriaren handitze hori dela eta, herritar asko barne desplazatu bihurtu ziren, eta desplazaturiko biztanleria zaurgarriagoa da. Pertsona horietako asko desplazatuen esparruetan bizi dira, ekialdean. Eskualde horretan elgorria eta kolera endemikoak dira. Horri indarkeria gehituta, eta, orain, tximino baztanga, egoera ikaragarria da.
Esparruetan bata bestearen alboan bizi dira, eta kanpadenda batzuetan sei pertsona baino gehiago bizi dira, elkarrekin. Tximino baztanga horrelako testuinguru batean sartzen bada, gaixotasunaren hedatzea erraldoia da. Tximino baztangak lehendik oso zaila zen egoera bat zailtzen du, finean.
«Epidemia bat eteteko era bakarra azkar txertatzea da; gaixotasunaren transmisioa mozten da»
Testuinguru gatazkatsuak nola eragiten dio zuen lanari?
Gatazkak eragina duen eskualdeetara sar gaitezke, arazo handirik gabe. Baina gatazka armatu bat abian duten guneetan lan egitea arriskutsua da; hortaz, gure lantaldearen segurtasuna ziurtatzen saiatzen gara. Neurriak hartzen ditugu okerreko unean okerreko lekuan ez egoteko. Barne desplazatuak dauden lekuetan egiten dugu gure lana, eta horiek artilleriatik oso gertu egoten dira. Hala ere, duela ia bi hilabete su etena ezarri zuten, eta indarkeria asko baretu da.
Zer baliabide behar dira gaixotasunari aurre egiteko?
Txertaketak nahitaezkoak dira epidemia eteteko. Guk argi dugu: txertoek eskuragarri egon behar dute, prezio onargarri batean, Kongoko Errepublika Demokratikoko biztanleak ahalik eta azkarrena txertatzeko. Epidemia bat eteteko era bakarra azkar txertatzea da, hala gaixotasunaren transmisioa mozten delako. Beste epidemia batzuetan betetzen den gidalerrorik garrantzitsuena da; elgorriarenean, esaterako. Tximino baztangari dagokionez, milioika dosi behar dira epe motz batean.
Txertaketaz gain, beste zenbait baliabide behar ditugu gaixotasuna heda ez dadin. Laborategiak ezarri behar dira herrialdeko hainbat tokitan, sintomak dituztenek tximino baztanga ote duten jakin dezaten, bai eta zer aldaerak kutsatu dituen ere.
Nola ari zarete lanean?
Nazioartean zeresan handien eman duten irudiak bakartze zirkuituetakoak dira; hala ere, beste zenbait ekintza ditugu. Mugarik Gabeko Medikuak erakundeak hiru zutabe ditu: langileak heztea, osasun zentroetan gaixotasuna ez hedatzea eta gaixoak bakartzea. Kongoko Osasun Ministerioarekin ari gara elkarlanean, osasun langileei formakuntza emateko; eta horretarako behar diren baliabide materialak zein logistikoak errazten dizkiegu. Formakuntza horien helburuak dira gaixotasuna azkar identifikatzen ikastea eta kasuaren arabera erabaki aproposak hartzen jakitea.
Nolakoak dira bakartze gune horiek?
Zurez eta plastikoz egindako behin-behineko egiturak dira. Oheak daude barruan —zentroaren edukieraren araberakoa da kopurua, kutsadurarik ez egoteko tartea egon behar baitu elkarren artean—. Norbere etxean bakartu ezin diren pertsonak daude, eta han ematen zaie tratamendua.
Osasun zentroetatik gertu egoten dira, lana paraleloki egiten baita. Horri esker, zentroei aukera ematen diegu bestelako gaixotasunak artatzen eta bestelako jarduerak egiten jarraitu dezaten.