Tximino baztangak nazioartea larrialdian jarri du, beste behin. OME Osasunaren Mundu Erakundeak iragan asteartean osasun larrialdia ezarri zuen nazioartean, kasuek gora egin baitute Afrikan. CDC Gaixotasunen Prebentziorako eta Kontrolerako Afrikako Zentroaren datuen arabera, kontinenteko hemezortzi herrialdetan daude kasuak. Burundi, Kenya, Ruanda, Hegoafrika edota Liberia daude zerrenda horretan; hala ere, gaixotasunak gehien jo duen herrialdea Kongoko Errepublika Demokratikoa da. OMEren aburuz, 520 lagun baino gehiago hil ditu tximino baztangak herrialde horretan. Asteon, ordea, beste pauso bat eman du krisiak, aurreneko bi kasuak detektatu baitira Afrikatik at: Suedian eta Pakistanen.
Afrikatik at salto egin izanak «nazioarteko erantzun bateratua» eskatzen duela adierazi duen arren, OME tentsioa baretzen saiatu da azken egunetan, «ikara ez hedatzeko». Are gehiago, ECDC Gaixotasunen Prebentziorako eta Kontrolerako Europako Zentroaren arabera, «azkar ekinez gero» ez da kutsadura «jarraiturik» egongo Europan.
Zerk eragiten du tximino baztanga?
Tximino baztanga ez da gaixotasun berri bat. 1970ean atzeman zen aurreneko kasua gizakietan, Kongoko Errepublika Demokratikoan, eta urteetan Kongo ibaiaren inguruan izan dira kasu gehienak. Birus baten bi aldaerek eragiten dute tximino baztanga —ohiko baztanga eragiten dutenen oso antzekoak, OMEk dioenez—. 1 eta 2 izena dute. 2022 eta 2023 bitarte izan zen azken larrialdia tximino baztanga zela eta. Orduko hartan, 2 aldaerak eragin zituen kasu gehienak. Horrek kutsatutakoen %0,1 hiltzen ditu, batez beste. Oraingoan, ordea, 1 aldaera da infekzioen eragilea —1b ere esaten dioten mutazio bat, hain zuzen—. Aldaera horrek, batez beste, kutsatuen %3 eta %4 artean hiltzen ditu.
Egoerak txarrera egin du azkar Afrikan. CDCk azaldu duenez, iazko kasuekin alderatuta, %160 inguru areagotu dira kutsadurak.
Kutsatzeko, kontaktua egon behar da aurretik infektatuta dagoen norbaiten odol, jariakin, azal lesio edota kutsaturik dauden animalien mukosekin. Hortaz, kutsadura gehienak azala azalaren kontrako kontaktuetan edo azala mukosekin —listua, adibidez— kontaktuan dagoenean gertatzen dira. Hori dela eta, sexu bidez transmiti daitekeen gaixotasuna da. Hala ere, tximino baztangaren birusa duten objektuek —kutsatutako norbaitek listua bertan utzi badu, adibidez— ere kutsa dezakete.
Sintomak
Azalean agertzen diren negelak —mina edota azkura eragiten duten likidoz beteriko babak— dira, hain zuzen, sintomarik ezagunenak; eta agertzen aurrenekoak izaten dira. Negelak gorputzeko edozein lekutan ager daitezke, aurpegitik hasi eta genitaletaraino. Hala ere, ez dira tximino baztanga duten gaixoek pairatutako sintoma bakarrak. Sukarra; eztarriko, buruko, giharretako edota bizkarreko minak; energia falta; eta gongoil linfatikoen hantura dira bestelako sintomak.
Birusa hartu eta aste betera agertzen dira, normalean, aurreneko sintomak. OMEk jakinarazi duenez, sintoma horiek bi eta lau aste bitartean irauten dute.
Txertoa ez da denentzat
Kutsadurei zein gaixotasunaren larritasunari aurre egiteko txertoetan dago erantzuna. EB Europako Batasunean bakarra dago onartuta, eta ez da denentzat. Izan ere, 18 urtetik gorakoentzat dago eskuragarri soilik —krisi egoeretan 12 urtetik gora dituztenei ere jartzen dizkiete dosiak—. Afrikako CDCren kalkuluen arabera, hamar milioi dosi beharko dira egungo krisiari aurre egiteko. Gaur-gaurkoz 200.000 dosi daude eskuragarri. Hala ere, Afrikako CDCko zuzendariak asteartean adierazi zuenez, martxan dute jada hamar milioiak lortzeko plana —ez ditu planaren xehetasunak adierazi—. Gidalerro horiei jarraituz gero, 2024an hiru milioi dosi eskuratuko dituzte Afrikako herrialdeek.
OMEk nabarmendu duenez, behin kutsatuta egonez gero da txertoa erabilgarri, baldin eta infekzioa hartu eta hurrengo lau egunetan jasotzen bada —«sintomarik ez balego, hamalau egunera artekoa ere izan daiteke tartea»—. Hala ere, sintomak zaindu behar direla azpimarratu du erakundeak: «Hasieratik arreta jartzea garrantzitsua da, sintomak kudeatzen laguntzeko eta arazo larriagoak saihesteko».
Neurriak, herrialdeka
Afrikatik at atzeman duten aurreneko kasua Suedian izan bada ere, Stockholmek ez du bestelako neurririk ezarri. Gobernuak azaldu duenez, gaixo bakarra «tratamendua hartzen ari da» jadanik, eta, beraz, suediarrek duten arriskua «ez dela handitu» iritzi diote. OMEk Suediaren jarrera txalotu du, «azkar» helarazi baitu herrialdean tximino baztangaren kasu bat zegoela, eta herrialdeko erakundeekin elkarlanean ari direla baieztatu du, eta nabarmendu du Suediako Gobernua informazio «gardena» ematen ari dela
Herrialde gehienak, orokorrean, Suedia legez ari dira gaia jorratzen; baina badaude bestelako bideen alde egin dutenak ere: Txina, adibidez. Pekinek neurriak ezarri zituen aurreko asteazkenean tximino baztangaren agerraldiak dituzten herrialdeetatik datozen bidaiarientzat. Herrialde horietatik Txinara heldutakoei sintoma azterketa bat egingo diete. Garraioetan ere «ikuskapen sanitarioak» egingo dituzte. Adierazi dutenez, datozen sei hilabeteetan egongo dira indarrean neurri horiek.