Txile

Txileko Konstituzio proposamenak migrazioari eta abortuari buruzko arau gatazkatsuak jaso ditu

Eskuin muturra eta eskuina nagusi diren Biltzar Konstituziogileak alde handiz onartu du testua, eta datorren asteartean emango dio ofizialki Borici. Abenduaren 17an egingo dute erreferenduma.

Txileko Biltzar Konstituziogileko kideak, bozketaren ondoren, Santiagon. BILTZAR KONSTITUZIOGILEKO PRENTSA / EFE
ander perez zala
2023ko urriaren 31
12:18
Entzun

Txileko eskuinaren eta eskuin muturraren iritziz, konstituzio proposamen berriak «askatasuna», «segurtasuna» eta «ziurtasun ekonomikoak eta juridikoak» bermatzen ditu. Ezkerrak eta, oro har, kritikoek beste ikuspuntu bat dute: testu hori onartuz gero, eskubideen arloan «atzerapausoak» izango dira, eta «eredu neoliberala betikotuko» du. Lehen saiakeran gertatu bezala, estatuaren lege nagusia moldatzeko bigarren aldiak ere sakoneko desadostasunak utzi ditu agerian, eta hori astebete barru hasiko den kanpainan gerta daitekeenaren erakusle bilakatu da. Adibide gisara, azken lau hilabete eta erdian gatazka eta eztabaida handiak eragin dituzten bi artikulu daude, migrazioari eta abortuari buruzkoak.

Biltzar Konstituziogileak alde handiz onartu du konstituzio berriaren proposamena, Alderdi Errepublikanoa ultraeskuinekoaren (22 boto) eta Goazen Txile eskuineko koalizioaren aldeko botoekin (11); soilik Txileren Aldeko Batasuna ezkertiarrak (hamazazpi) bozkatu du kontra. Testuak hamazazpi atal ditu, eta horietan, denera, 216 artikulu erredaktatu dituzte.

Eskuin muturrak eta eskuinak gehiengo osoa dute Biltzar Konstituziogilean, eta horrek balio izan die beren ideiak onarrarazteko, ezkerra kontra agertu den arren. Tartean daude, esaterako, «jaiotzear dagoenaren bizitza babestea», zeinak talka egin dezakeen 2017an onarturiko abortuaren despenalizazioari buruzko legearekin; baita migrazioari buruzko araua ere, erraztu egingo lukeelako horiek kanporatzea, «ahalik eta tarterik txikienean».

Eta adibide horiek, ezinbestean, atea ireki diote herritarrek testu horri ere ezezkoa emateari. Ezkerreko sektore askok ez dituzte gogoko edukietako asko, eta kontra bozkatzera deituko dute; inkestek, gainera, aurreikusten dute ezezkoak irabaziko duela datorren abenduaren 17ko erreferendumean. «Eskuinek testu baztertzaile, dogmatiko atzerakoi eta polarizatzaile bat inposatu nahi dute. Soilik enpresariei eta indartsuenei egiten die mesede, betiko pribilegiatuei», kritikatu du Alejandro Koehler diputatu sozialistak. «Adostasunerako borondaterik eza» zutela erantzun du Edmundo Eluchans eskuindarrak.

Edonola ere, konstituzio proposamenak baditu ezkerrak ontzat jo dituen arau batzuk. Kasurako, Txile «zuzenbidean oinarrituriko estatu sozial eta demokratiko bat» dela, eta estatuari «eginbeharrak inposatzen» dizkiola «oztopoak kendu eta eskubide sozialak sustatzeko». Baina, adibide horretan ere, sektore hori ez dago erabat gogobeteta, argudiatu baitu beste artikulu batzuetan bildutako edukiek estatuaren definizio hori «hustu» dezaketela.

Biltzar Konstituziogileak datorren asteartean emango dio ofizialki testua Gabriel Boric herrialdeko presidenteari, eta hark egun horretan deitu beharko du hurrengo erreferendumera; galdeketa horretarako kanpaina egun horretan hasiko da, gainera.

Hiru bozketa, prozesua hasi zenetik

2019ko urriko matxinada baretzeko abiatu zuen Sebastian Piñerak, ordu hartan presidente zenak, Augusto Pinochet diktadorearen garaiko konstituzioa (1980) aldatzeko prozesua, eta hiru bozketa egin dituzte urteotan.

Lehenik, 2020an: %78k bozkatu zuten konstituzio berri bat egitearen alde, eta %79k adierazi zuten, hain justu, zuzenean aukeratutako konstituziogile batzuek idaztea nahi zutela. Bigarrenik, 2021ean, Biltzar Konstituziogilerako hauteskundeak egin zituzten, eta independenteek eta ezkerrak irabazi zuten horietan.

Indarren dagoen prozesuko lehen proposamena lantalde horrek egin zuen, eta hirugarren bozketa iazko irailean egin zuten; hain justu, Biltzar Konstituziogileko kideek erredaktaturiko testuaz. Herritarrek atzera bota zuten herrialdea errotik alda zezakeen proposamena: %61,86 agertu ziren kontra.

Eta iazko azaroan berriz ekin zioten prozesuari. Horren ondorioz, Biltzar Konstituziogileko hauteskundeak egin zituzten bigarrenez, iragan maiatzean, eta aldaketa sakonekoa izan zen, eskuin muturrak aulkien ia erdiak lortu baitzituen, eta eskuinarekin batera eserlekuen bi heren bildu baitzituen.

Eskuindarrak gehiengo dituen Biltzar Konstituziogilearen konstituzio proposamen hori ukatuz gero, Boricek esana du ez duela hirugarren saiakerarik sustatuko eta, beraz, indarrean jarraituko duela Pinocheten garaiko konstituzioak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.