Txileko eskuina Gobernura itzul daiteke 20 urteren ondoren

Piñera da inkestetan irabazle, Pinocheten aldekoen eta moderatuagoen hautagaia; bigarren itzulira joango da, hala ere

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2009ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Colo-Colo taldeak Txileko Liga irabazi eta biharamunean eman du azken mitina futbol klubeko jabeak, Sebastian Piñerak. Beren jarraitzaileak zoriondu ondoren, «lanik gabekoei, etxekoandreei, ezinduei eta erretiratuei» hitz egin die, solas progresista bere eginez. 15.000 entzuleen artean daude Pinochetenganako miresmena ezkutatu ez duten diputatu eta kongresisten aldeko banderak. Eta atzealdean, maputxez jantzitako batzuk eta ustez Pazko uharteko biztanleak, jendeari ikusaraziz Piñerak indigenak ere errespetatzen dituela.

Hori da hautagai faboritoaren mezua. Denek dute lekua berak gobernatu nahi duen Txilen, eta inkestak okertzen ez badira, bera da gaur irabazteko faborito, bigarren itzulia beharko badu ere.

Eskuina ez dela duela hogei urtekoa erakutsiko duela esan du kanpainan, ez dela Pinocheten garaikoa. Zentroaren itxura hori, ordea, kontraesanean dago hogei urtean alderdiko buru guztiek diktaduraren ondarea defendatu dutelako. Hala ere, eskuindarrek iragarkietako batean eskutik helduta doazen bi gizon ateratzeak Txilen itxuraz behintzat zerbait aldatu dela dirudi. Bi emakume atera ditu Gobernuko alderdiak, Kontzertazioak.

Piñera Txileko trantsizio hasieratik dago politikan, eta RN Eraberritze Nazionaleko senatari eta presidente izan da, itxura moderatuagoa duen eskuinarena. BainaUDI Batasun Demokrata Independentearekin -Pinocheten aldekoa- Txileren Aldeko Aliantza osatua du, eta bi aldeen hautagai bakarra da bera, Legebiltzarrerako bakoitzak bere ordezkariakbaditu ere (bataren jarraitzaileak bestearen Parlamenturako propaganda hausten ibili dira). Presidentetzarako, berriz, indarrak batuta doaz.

Negozio ilunegiak

Herrialdeko enpresaririk aberatsenetakoa ere bada Piñera. Futbol talde arrakastatsuenaren jabea ez ezik, LAN airelinearen jabekidea da, eta Chilevision telebista katearena, negozio batzuk aipatzearren. Hori izan dute helduleku aurkariek, negozio ilunegietan sartua dagoela.

Duela lau urte eskuinaren hautagai izan zen, baina Michelle Bachelet egungo presidenteak irabazi zion Kontzertazioaren izenean -demokristauak eta sozialistak batzen dituen alderdia-. Gaur, berriz, Kontzertazioko jarraitzaileek bi hautagairen artean erabaki beharko dute-Eduardo Frei Ruiz-Tagle eta Marco Enriquez-Ominami-, eta horrek bidea erraztuko dio Piñerari. Inkestek botoen %36 ematen dizkiote Piñerari; Freiri, %26, eta Enriquezi, %20.

Eduardo Freiren hautagaitzak, gainera, zalantzak sortzen ditu Kontzertazioko jarraitzaileen artean. Presidente izan zen garaian (1994-2000) alderdiak ordura arteko garairik baxuena izan zuen, eta Bachelet kidearen arrakastaren lekukoa ez du ongi hartu. Oraindik herritarren gogoan dago haren kudeaketa kaskarra.

Baliabide natural asko pribatizatu eta multinazionalen esku utzi zituen, eta, hala, indigenen egoera ordurako larria larriagotu, eta, oro har, politika liberalak bultzatu zituen. Diktadurako biktimen senideekin ere ez zuten nabaritu agindu zuen aldaketa: haien eskaerak ez zituen kontuan hartu, ezta bilera bakar bat egin nahi izan ere, eta Pinochet Londresko espetxetik ateratzeko hamaika ahalegin egin zituen, «Txilen epaitzearren».

Baina kanpainaren azken egunetan, alde jarri zaion albiste on bat izan du: bere aita Eduardo Frei Montalva presidente ohia (1964-1970) militarrek pozoituta hil zela erabaki du epaitegi batek. «Nire aitaren heriotza argitzeak erakusten du Txilen justizia badela; berandu iristen da, baina badago», esan du albistea jakin bezain laster. Piñerak haserre jaso du berria, uste duelako kanpainako trikimailu bat izan dela.

Frei Montalvaren Alderdi Demokrata Kristauak eta horren presidenteak estatu kolpea babestu zuten 1973an, baina urte gutxira babes hori erretiratu zuten, diktaduraren gehiegikeriengatik. Oposizioaren aurpegi bilakatu, eta Kontzertazioa sortu zuen.

Marco Enriquez-Ominami ere, bigarren itzulirako aukera duen hirugarrena, Kontzertaziotik atera da, baina alde sozialistatik. Alderdiaren hautagai izateko Freirekin batera lehiatzeko aukera utzi ez diotenez, alderdi sozialista utzi eta alderdi independentea sortu du. Gaztea da -36 urte-, eta MIR MugimenduIraultzaile Ezkertiarreko sortzailearen semea da. Miguel Enriquez haren aita borrokan hil zuten, 1974an, eta Carlos Ominami sozialistak hezi zuen, Patricio Aylwinen gobernuan Ekonomia ministro izandakoak.

Duela lau hilabete %1 ematen zioten inkestek, eta orain hilabete, berriz, %20. Jatorri politikoa oso alde du, baina komunikabideak egoki erabili ditu, eta herritarren sinpatia lortu du, Freik bere diskurtsoa ezkerrerantz aldatzeraino: Estatuak esku-hartze handiagoa izango duela eta Pinocheten Amnistia Legea indargabetuko duela agindu du Freik azken egunetan. Maputxeen kontra aplikatu duten diktadurako terrorismoaren aurkako legea bertan behera utziko duela ere agindu du.

Boto sistema eztabaidagarria

Boto eskubidea duten %70ek soilik emango dute, hala ere, ez erroldatzeko erabakia hartzen dutenak kanpoan geratzen baitira; erroldan egonda abstentzioaren alde egiten dutenek, berriz, zigorra jaso dezakete, eta behin erroldatuta botoa ez emateko eskubidea galtzen dute. Hori dela eta, diktaduraren aurkako asko sistematik kanpo geratu dira, Konstituzioak berak oraindik ere diktadurako ajeak dituelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.