TXILE

Txileko diktadurako desagertuak bilatzeko plana aktibatu dute

Gobernuaren arabera, estatuak egin zituen «krimen horiek» eta hari dagokio horiez arduratzea. 1973 eta 1990 artean desagerrarazitako 1.459 pertsonetatik soilik 307 aurkitu dituzte

Diktadura garaian desagerrarazitako batzuen argazkiak, Santiagon, ekitaldi batean. EFE
Igor Susaeta.
2023ko abuztuaren 30a
19:31
Entzun

Iazko martxoan Txileko presidente izendatua izan ondoren agindu zuen egitasmoetako bat aktibatu du ofizialki, gaur, Gabriel Boricek, Santiagoko Konstituzioaren plazan egindako zeremonia batean: Augusto Pinochet buru zuen diktadura militarraren aroan (1973-1990) atxilotuak izan eta gero desagertutakoak aurkitzeko plan nazional bat. Datu ofizialen arabera, urte horietan 1.459 pertsona desagerrarazi zituzten, baina horietatik soilik 307 aurkitu eta identifikatu dituzte. Luis Cordero Txileko Justizia eta Giza Eskubideen ministroak aste honen hasieran emandako elkarrizketa batean nabarmendu zuenez, planak helburu du atxiloketak eta desagerpenak zein baldintzan eta egoeratan gertatu ziren argitzea. Corderoren esanetan, estatuak egin zituen «krimen horiek», eta, horrenbestez, hari dagokio horiez arduratzea.

Behartutako Desagertzeen Biktimen Nazioarteko Eguna zen, atzo, hain justu, eta aintzat hartu behar da, gainera, laster, irailaren 11n, mende erdi beteko dela militarrek Salvador Allende buru zuen gobernuaren aurka estatu kolpea eman eta agintea hartu zutenetik.

Ikusi gehiago: Victor Jara hiltzea egotzita, 25 urteko kartzela zigor irmoa ezarri diete zazpi militarri

Gobernuak azaldu duenez, planak bateratuko du azkeneko urteotan egiaren batzordeek, justizia auzitegiek, biktimen senideek eta aurreko gobernuek egindako lana. Corderoren esanetan, desagertuen bilaketa «estatuaren politika publiko iraunkor» bilakatzea dute asmo, eta egitasmoak «balio erreparatzailea» izango duelakoan dago. Boricek atzoko ekitaldian azpimarratu zuenez, «konbentzituta» dago demokrazia «memoria dela, etorkizuna dela».

Orain arte biktimen senideak arduratu dira desagertuak bilatzen ahalegintzeaz; batik bat, emakumezkoak. Eraman zituzten beren kasuak auzitegietara, eta kasu horiek aurrera egin dutenean soilik identifikatu ahal izan dituzte desagertuetako batzuk lurperatzeko erabili zituzten lekuak.

Ikusi gehiago: Txileko estatu kolpeari buruzko bi txosten desklasifikatu dituzte AEBek

Esplikatu dute zentralizatuko eta digitalizatuko dituztela espedienteak eta gobernuaren erakundeetan zein giza eskubideen aldeko elkarteetan barreiatuta dauden beste artxibo batzuk, eta «software berezi bat» erabiliko dutela informazio guztia gurutzatzeko. Gobernuak, gainera, finantzatuko ditu bai biktimak lurperatuta egon daitezkeen lekuen arakatzea, baita finantzaketa faltagatik etenda dauden arakatzeak ere.

Beste esperientzia batzuk
Proiektuan ez dago jasota, ordea, nola lortu informazio armadarengandik edo zigorra betetzen ari diren militarrengandik. Armadak inoiz ez ditu entregatu diktadura garaiko artxiboak, argudiatuta ez direla existitzen. 1970eko hamarkadan mikrofilm bilakatutako batzuk erraustu egin zituzten 2000. urtean.

1970eko eta 1980ko hamarkadetan diktadurapean egondako beste herrialde batzuetan ere egin izan dituzte antzeko saiakerak. Argentinan 1.400dik gora gorpu edo gorpuzkin berreskuratu zituzten eta horietatik 800 identifikatu. Brasilen, aldiz, 210 pertsona aurkitzeko ahaleginak ia antzuak izan dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.