TXERRI GRIPEA. Nazioartea alerta egoeran

Osasunerako Mundu Erakundeak birusa gizakitik gizakira igarotzen dela baieztatu, eta alerta maila igo du

arantxa elizegi egilegor
2009ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Alerta egoeran dago nazioartea. Dagoeneko Europara ere iritsi da txerri gripea (Espainia eta Eskoziara). OME Osasunerako Mundu Erakundeak alerta egoera 3. mailatik 4.era igotzea erabaki zuten atzo, larrialdiko bilera egin ostean. Horren arabera, frogatua dago birusa gizakitik gizakira kutsatzen dela, eta beraz, baita herrialde osotik zabaltzeko arriskua dagoela ere. Ez, ordea, nazioartera zabaltzeko arriskua. Dena den, adituek ohartarazi dute mugak ixtea ez dela gaitzari aurre egiteko bidea.

Europako Batasunak aholkatu du, beharrezkoa ez bada, ez bidaiatzeko «herrialde arriskutsuetara». AEBak eta Mexiko dira oraingoz kasu gehien dituzten herrialdeak. Lehenengoan «osasun publikorako larrialdi egoera» ezarri dute, eta Mexikora ez bidaiatzeko aholkatu. Bigarrenean egoera okerragoa da, izan ere, 149 dira, jada, hildakoak; nahiz eta baieztatutako kasuak hogei izan. Bestalde, hainbat herrialdetan ere hainbat lagun ikertzen ari dira txerri gripea dutelakoan, besteak beste, Zeelanda Berrian,Suitzan eta Frantzian.

AEBetako Gaitzen Kontrolerako eta Prebentziorako Zentroak zabaldu du oharra. «Jendeak prest egon behar du egoera larriagoari aurre egiteko», nabarmendu du Richard Besser zentroko zuzendariak. Hildako gehienak gazteak dira, 25 eta 35 urte bitartekoak. Horiei erasaten die gehien A/H1N1 birusak. Baina aurrerapausoak ere egin dituzte. Izan ere, hegazti gripeari aurre egiteko sortutako Tamiflu eta Relenza botikei esker hainbat gaixo sendatu dira. Arazoa da, ordea, A/H1N1 birusak, ohiko gripeak bezala, gaixoak lehendik dituen osasun arazoak larriagotzen dituela, eta garaiz atzeman ezean botikek ez dute balio. Horretaz gain, oraingoz ez dago gizakia birus horretatik babestuko duen txertorik. Horiek hala, Europako Batasuna larrialdiko bilera egitekoa da gaur, izurriaren aurkako neurri bateratuak hartzeko.

Neurri bereziak

Mundu guztiko aireportuetan neurri bereziak jarri dituzte martxan. Bidaiariren batek sukarra edo eztula badu berehala osasun zerbitzuei deitzeko aholkatu diete aireportuetako arduradunei, batez ere, bidaiaria Mexikotik iritsi berria bada. Horretaz gain, AEBetan zorroztu egingo dituzte mugetako kontrolak eta txerri gripeari buruzko panfletoak banatuko dituzte bidaiarien artean. Dena den, Barack Obama presidentea herritarrak lasaitzen ahalegindu zen atzo, esanez ez dagoela asaldatzeko arrazoirik, bai, ordea, erne egoteko. Argentinak, berriz, iragarri du murriztu egingo dituela Mexikorako hegaldiak. Gauza bera egingo dute Txile, Kuba, Puerto Rico eta Indiak ere, besteak beste. Hegazkin konpainiek, bestetik, jakinarazi dute ez dietela isunik jarriko hegaldiak baliogabetzen dituztenei.

Hainbat herrialdetan, Libano eta Txina kasu, agintariek debekatu egin dute Mexikotik eta Europako Batasunetik txerrikia inportatzea. OME Osasunerako Mundu Erakundearen arabera, hala ere, ez dago txerrikia janda gaixotzeko arriskurik, behar bezala prestatzen bada -70 graduko tenperaturan-.

Egoeraren larritasuna ikusita, Erresuma Batuko GaloxStihKline etxeak jakinarazi du Relenza botikaren 100.000 sorta bidaliko dituela Mexikora, eta produkzioa handitzea aztertzen ari dela. Bestetik, Japoniak iragarri du txerri gripeari aurre egingo dion txertoa ikertzen hasiko dela.

FAO Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundeak iragarri du aditu talde bat bidaliko duela Mexikora. Horien lana izango da bermatzera A/H1N1 birusaren aldaera txerrietatik datorrela. Birus hori ohikoa da txerrien artean, eta 1988tik jakina da birusa animalietatik gizakietara pasa daitekeela. Baina 2005ean agertu zen lehen aldiz AEBetan. Hamabi lagun kutsatu ziren orduan.



Neurriak

EZAUGARRIAK

Inkubatze aldia: Hamar egun ingurukoa da. Lehen lau edo bost egunetan diagnostikatzen da.

Sintomak: Sukarra, eztula, buruko, giharretako eta artikulazioetako mina, mukiak, gorakoa eta beherakoa.

AHOLKUAK

Higienea: Eskuak maiz garbitu behar dira, eta baita ahoa eta sudurra estali ere eztula edo doministiku egitean. Gaixo daudenengana ez gerturatzea aholkatzen dute. Gerturatu behar izanez gero maskara erabiltzea komeni da.

Lehen sintomak: Lehen sintomak nabaritu orduko medikura joatea gomendatzen dute adituek.





%4,27

Burtsak. Mundu osoko burtsetan eragina izan du txerri gripeak, eta farmazia industriak irabaziak izan baditu ere, galerak nabarmenak izan dira hainbat sektoretan; bereziki turismoan -aire konpainietan nabarmenena-. Mexikoko burtsak %4,27 galera izan zuen atzo.





Animalietan jatorria duten gaixotasunak ugarituz doaz

Behi eroak eta hegazti gripea dira ezagunenak, baina zabalagoa da animalietan jatorria duten eta gizakietara hedatzen diren gaixotasunen zerrenda; sukar aftosoa eta mihi urdinaren gaitza dira horietako batzuk. Behi eroen gaixotasuna 1985 antzeman zen Erresuma Batuan. Orduz geroztik, munduan 752 pertsona kutsatu dira birusarekin. Hegazti gripeak, berriz, hegaztien bidez kutsatzen den gaitza da. Birusak hamabost aldaera ditu eta H5N1 motakoa da arriskutsuena. Hong Kongen (Txina) antzeman zuten aurreneko kasua 1997. urtean eta sei urte geroagoa agertu zen berriz Hego Korean eta Vietnamen. OME Osasunerako Mundu Erakundearen arabera, gutxienez 257 hildako eragin ditu.





Kutsatuak

Mexiko. 149 lagun hil dira, baina soilik 20 kasu baieztatu dituzte. 1.995 lagun artatu dituzte gaitza zabaltzen hasi zenetik. Horietatik 76k jarraitzen dute erietxean.

AEB. 40 kasu aurkitu dituzte. Horietatik 28 New Yorken. Ez da inor hil.

Kanada. Sei dira baieztatutako kasuak. Ez dago hildakorik.

Eskozia. Bi laguni aurkitu diete A/H1N1 birusa.

Espainia. Kasu bakarra baieztatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.