Txadeko aurreko estatuburua kondenatu dute gizateriaren aurkako krimenengatik

Bizi guztiko espetxeko zigorra ezarri dio Senegalgo epaimahai batek Habreri, haren agintaldian 40.000 pertsona hiltzea eta 200.000 torturatzea egotzita

Hissene Habre, Dakarreko epaitegian, iazko uztailean egin zuten epaiketan. EFE.
Adrian Garcia.
2016ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Historikotzat jo dute epaia giza eskubideen aldeko erakundeek eta Mendebaldeko agintariek. Senegalgo epaitegi berezi batek Hissene Habre Txadeko aurreko presidenteari bizi guztiko espetxe zigorra ezarri dio haren agintepean (1982-1990) eginiko delituengatik: gizateriaren aurkako krimenengatik, jendea desagerrarazteagatik, bat-bateko exekuzioengatik, torturatzeagatik eta bortxatzeagatik. Horrez gain, haren ondasun guztiak konfiskatuko dituzte. Zentzu askotan, nazioarteko justiziarentzat mugarria da epaia; lehen aldia da Afrikako estatuburu ohi bat Afrikan bertan kondenatzen dutena. Lehen aldia da, halaber, agintari ohi bat gizateriaren aurkako krimenengatik zigortzen dutena harena ez den beste herrialde batean. Gainera, lehen aldiz kondenatu dute presidente ohi bat hark berak eginiko bortxaketengatik. Hamabost egun ditu Habreren defentsak helegitea jartzeko.

Akusazioak aurkezturiko frogak ontzat eman ditu epaiak; ia bederatzi urtean 40.000 hilketa politiko agintzea eta 200.000 pertsona torturatzea egotzi diote. Herrialdean hainbat atxilotze zentrotan atxikitzen zituen haren arerio politikoak. Hadjerai eta zaghawa etniei estatuaren aurka konspiratzea egotzita, haien aurkakoa izan zen nagusiki jazarpena. Baita herrialdearen hegoaldeko herritarren aurka ere.

Emakumeak hartu zituen jopuntuan Habrek antolaturiko errepresio sistemak. Epaiketan lekuko ugarik emandako testigantzek frogatu dutenez, armadako ofizialek sexu esklabo gisa erabiltzen zituzten. Biktima batek Habre berak bortxatu zuela salatu du. Epaiaren arabera, agintari ohiak zuzenean kontrolatzen zuen errepresio makineria hori, armadaren buruzagi nagusia eta presidentearen guardiaren burua zelako. «Habrek sortutako sistemak izua eta zigorgabetasuna sustatzen zuen. Ez du errukirik agertu biktimekiko, ezta damurik adierazi egin zituen sarraskiengatik eta bortxaketengatik», diote epaian.

26 urteko borroka nekaezina biribildu du epaiak. Luzea eta trabaz beterikoa izan baita biktimek, giza eskubideen aldeko erakundeen babesarekin, Senegalen erbesteratutako agintari ohia auzipetzeko prozesua. «Habreren kondena, mende laurden geroago izanda ere, garaipen izugarria da Txadeko biktimentzat», adierazi du Reed Brodyk, Human Rights Watcheko abokatuak. Epaiak aurrera begira mezu indartsu bat helarazten duelakoan dago ekintzailea. «Tiranoek herritarrak gaizki tratatu, herrialdearen aberastasunak arpilatu eta atzerrira ihes egin zezaketen garaiak amaitu dira. Gaurko eguna Historian grabatuta geratuko da; diktaduratik onik atera den talde txiki baten indarrak diktadore ohi bat justiziarekin kontuak kitatzera derrigortu du».

Mendebaldearen ezaguna

Afrikako Batasunak eta Senegalek 2013an propio sortutako Afrikako Ezohiko Ganberak zigortu du Habre. Epaia irakurri ostean, epaiketaren lehen egunean egin gisan, neokolonialismoaren aurkako oihuak egin ditu Txadeko agintari izandakoak. «Utikan Françafrique», oihukatu du, Frantziak bere kolonia ohietan duen eraginari erreferentzia eginez. Jantzi tradizional eta turbante zuri baten pean, eta eguzkitako betaurrekoen atzean gorderik, epaileak «inperialismoaren agenteak» direla salatzeko besterik ez du apurtu isiltasuna. Epaiketak iraun duen bederatzi hilabeteetan ez dio zilegitasunik aitortu epaimahaiari.

Mendebaldearen aliatu ohia da Habre. Muammar Gaddafi Libiako orduko agintariaren aurka egiteko AEBek eta Frantziak Habre babestu zuten, baina orduan ez zieten erreparatu Txadeko giza eskubideen urraketei.

Boterea eskuratu zuen modu berean galdu zuen Habrek, estatu kolpe baten bidez. 1990ean egungo presidente Idriss Debyk Frantziaren laguntzarekin iraultza armatu bat antolatu eta kanporatu zuten Habre. Ahalik eta diru gehien hartuta ihes egin zuen Senegalera, orduko Abdou Diouf presidentearen babespean. Agintari ohia kartzelatzeko eginahalak hasi ziren orduan. Dakarrek beti ukatu ditu Habre atxilotzeko eskaerak, baina presioei men egin, eta 2013an atxilotu egin zuen. Txad utzi eta 26 urtera zikloa itxi ahal izan dute diktaduraren biktimek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.