Tusken erronkak: erreformak egitea, eta Bruselaren konfiantza berreskuratzea

PiSen aroa atzean utzita, Polonia beste jokaleku politiko batean sartu da. Lehen ministro eskuindarrak «Europan dagokion tokira itzuli» nahi du herrialdea.

(ID_13425381) BELGIUM EU WESTERN BALKANS SUMMIT
Donald Tusk, hilaren 13an, Bruselan, bilera baten aurretik. Egun bat lehenago aukeratu zuten, bigarrenez, Poloniako lehen ministro. OLIVIER MATTHYS / EFE
ander perez zala
2023ko abenduaren 26a
05:00
Entzun

Hilaren 11n eta 12an, Poloniako hiriburuko zenbait zinema aretotan jendetza bildu zen denbora-pasa bila. Batzuek ohiko apustuaren alde egin zuten, asteotan arrakasta duen filmen bat ikustea; beste asko, berriz, ezohiko emanaldi bat emititzear zeuden aretoetara sartu ziren. Prozesuaren inguruko interes handiaren erakusle, ehunka lagunek zuzenean ikusi zuten behe ganberako konfiantza botoa eta, gerora, inbestidura saioa. Youtuberen bidez ere ikus zitekeen bozketa sorta hori, ordenagailutik, sakelako telefonotik edota bestelako gailu batetik. Ikustaldien errekorra gainditu zuen. Pantailan, protagonista bakarra, eta bigarren etorrera deitu diotena: Donald Tusk, 2007tik 2014ra Poloniako lehen ministro izan zena, kargu horretara itzuli da euforia kolektibo betean.

PiS Legea eta Justizia alderdi ultrakontserbadorearen zortzi urteko aroa amaituta, ezinbestean, beste jokaleku politiko batean sartu da herrialdea; bai barne dinamikei dagokienez, baita EB Europako Batasunarekiko harremanari begira ere. Kontakizunen ohiko borrokan, Tuskek eta haren aliatuek itxaropenaren mezua zabaldu dute lau haizeetara, aldaketa hori onerako izango dela; PiSek eta haren ingurukoek, aldiz, oposizioa bilakatu diren honetan, apokalipsi moduko baten hasiera iragarri dute.

Gatazka eta zatiketa politiko hori ez da alderdietara mugatzen, Poloniako herritarren %41,8k uste baitute, IBRiS etxearen inkesta baten arabera, Tusk gobernuburu «txarra» izango dela. Iritzi hori elikatu du, batetik, PiSek berak, eta, bestetik, agintari eskuindarraren lehen legegintzaldiak; batez ere, garai horretan egindakoek eta ez egindakoek. Oro har aldeko mezu itxaropentsuak jaso dituen arren, errealitatea ez da hain baikorra izango Tuskentzat, egoera zailean itzuli baita agintera; dagoeneko jakitun baitago neurri berean maitatua eta gorrotatua dela.

Poloniako herritarren %41,8k uste dute Tusk gobernuburu «txarra» izango dela, IBRiS inkesta etxearen arabera.

«Dena elkarrekin konponduko dugu. Bihartik aurrera, hutsegiteak konpontzeko gai izango gara, hartara denak, salbuespenik gabe, etxean sentitu daitezen», esan zuen Tuskek hilaren 12an, Poloniako behe ganberan, koalizio gobernua eta programa aurkezten ari zela. Hori da mezua; bai herrialdearentzat, baita EBrentzat ere. Eta hori lortzeko, lehen pausoa, pauso handia, PiSek 2015etik hona eraiki duen sistema desegitea izango da; horrek zerikusia baitu, batetik, Poloniaren barne egoerarekin, eta, bestetik, talde komunitarioarekiko harremanarekin.

Erreforma sorta bat egin nahi du, finean, Tuskek. Zortzi urteotan, alderdi ultrakontserbadoreak, besteak beste, sistema judizialaren independentziaren kontrako pausoak eman ditu, migratzaileen eta LGTBI kolektibokoen aurkako neurriak onartu, abortu eskubidea mugatu, eta, oro har, zuzenbide estatua urratu. Hori guztia aldatzea da koalizio gobernuaren erronka nagusia.

PiSekin alderatuta, Poloniako lehen ministroak profil eta ideologia moderatuagoa du. Baina horrek ez du esan nahi moderatua denik, eta horren erakusle da haren lehen agintaldia; besteak beste, 2007-2014 aldian, Tuskek jarrera gogorra izan baitzuen migratzaileen kontra, ez baitzuen abortua legeztatzeko proposamenik egin, eta estatuaren pisua txikitzearen aldekoa izan baitzen. Hasi berri den legegintzaldirako, gobernuburuak iradoki du jarrera aldatu duela auzi horietako batzuetan; adibidez, kanpainan eta inbestidura saioan esan zuenez, nahi du haurdunaldia etetea legezkoa izatea hamabigarren astera arte.

Oztopoak

Koalizio gobernua osatu dutenak hauek dira: KO Koalizio Zibikoa liberala, Polonia 2050 eta PSL Poloniako Alderdi Popularra kontserbadoreak eta Ezkerra sozialdemokrata. PiS agintetik botatzeko asmoak batu ditu horiek guztiak; hori gauzatuta, gobernabidea eta egonkortasuna bermatzea izango dute egiazko erronka. Eta, hain justu, abortua da datozen urteetan gerta daitekeenaren adibideetako bat. Tusk —eta Ezkerra— hura legeztatzearen alde egon arren, beste koaliziokide guztiek ez dute jarrera hori: PSLko buru eta Poloniako lehen ministrorde Wladyslaw Kosiniak-Kamyszek, kasurako, esana du baldintza gogorragoak nahi dituela haurdunaldia eteteko, eta horri buruzko erreferendum batera deitu behar dutela. Sozialdemokratek ezetz erantzun diote jada.

Barne oreka eta arazoez gain, bestelako oztopoak ere izango ditu Tusken gobernuak. Andrzej Duda herrialdeko presidentea izan liteke horietako bat, legeei betoa ezartzeko eskumena baitu, edo, horren ordez, testuak Auzitegi Konstituzionalera bidaltzekoa, epaileek azter ditzaten. Duda PiSeko kide izan zen hamar urtez, harik eta 2015ean estatuburu kargua hartu zuen arte, eta, praktikan alderdi ultrakontserbadoretik atera zen arren, haren aliatua da oraindik ere. Hortaz, baliteke koalizio gobernuaren jarduna blokeatzea gutxienez 2025eko maiatzera arte, presidentetzarako bozak egiten dituzten arte.

Gainera, Dudaren bidez egiteaz gain, PiSek badu aukera erakundeak bere mesede politikoetarako erabiltzeko. Zuzenbide estatua urratuz —Europako Batzordeak hainbatetan salatu duen bezala—, alderdi ultrakontserbadoreak gertuko epaileak izendatu ditu, bai Auzitegi Gorenean, baita Konstituzionalean ere —eta beste postu erabakigarri askotan ere bai—, eta horrek balioko dio Tuski egunerokoa are gehiago zailtzeko.

Koalizio gobernuarentzat, hortaz, erabakigarria izango da erakundeen erreforma. Bai barne funtzionamendurako, baita EBra begira ere, Bruselak baldintza hori jarri baitu izozturiko diru laguntzak emateko. 35.400 milioi euro dira, suspertze funtsekoak, eta gutxienez beste 76.500 milioi euro, urteroko aurrekontukoak, ezinbestekoak Poloniako erreformak eta neurriak finantzatzeko. Tuskek, behintzat, ongi daki nola funtzionatzen duen talde komunitarioak, Europar Kontseiluko presidente izan baitzen (2014-2019), baita Europako Alderdi Popularrekoa ere (2019-2022). Eta esana du Polonia «Europan dagokion tokira itzuli» nahi duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.