Hiru aste daramatza Askatasunaren Flotillak Turkiako uretan, Gaza aldera irteteko zain. Hiru itsasontzi dira guztira, eta, antolatzaileek behin baino gehiagotan esan dutenez, apirilaren 6rako prest zeuden. Azken berrien arabera, gaur bertan ziren irtetekoak, baina, atzo iluntzean zabaldutako ohar batean jakinarazi zutenez, «blokeo administratiboa» ezarri die Israelek, eta, ondorioz, beste behin atzeratu egin behar izan dute irteera. Aurrez ere antzeko trabak jarri izan dizkie Benjamin Netanyahu lehen ministroaren gobernuak.
Hiru ontzietako batek, Akdeniz izenekoak, laguntza humanitarioa darama, eta, antolatzaileek esan dutenez, baimena zuen bidaia gaur bertan hasteko, portuko agintaritzen esku baitago «beharrezkoa den dokumentazio guztia», eta haien oniritzia jasoa zuten. Tel Avivek, baina, itsasontzian dagoen laguntza humanitarioa zerrendara heldu eta «itsaso bidezko blokeoa apurtzea saihestu nahi du». Hori dela eta, «azpijokoetan» aritzea leporatu diote antolatzaileek Israeli.
Ginea Bissauko Errepublikaren banderarekin nabigatzen du Akdeniz-ek. Baina Askatasunaren Flotillak salatu du Ginea Bissauri presio egiten ari dela Israel, hark babesa ken diezaion. Tel Aviven ekintzek lortu dute, oraingoz, haien helburua. Izan ere, Israelen eta Ginea Bissauren tirabirak direla-eta, azken herrialde horrek itsasontzia berriz ikuskatzea erabaki du; ondorioz, Askatasunaren Flotillaren misioa eta laguntza humanitarioko 5.000 tonaren banaketa atzeratu egin dira.
Laguntza hori «hil ala bizikoa» dela ohartarazi dute antolatzaileek, eta horren banaketa blokeatzeak —zerrendan jasaten duten etengabeko setioarekin batera— «haur andana desnutrizioz hiltzea eragingo duela» adierazi du. Itsasontzietan, Askatasunaren Flotillako kideez eta laguntza humanitarioaz gain, laguntza hori ondo banatzen dela ziurtatzeko ikuskaritza lanak egingo dituzten hamaika nazioarteko eragile daude, tartean hiru euskal herritar; baita hainbat goi kargudun ohi ere, Ada Colau Bartzelonako alkate ohia (2015-2023), adibidez.
Askatasunaren Flotilla 2009an hasi zen Israelek Gazan «ezarritako blokeoa apurtzen» itsaso bidez. Beraz, ez da halako blokeo administratibo bati aurre egin behar dioten lehen aldia. «Aurretik Israelen blokeoak gainditu ditugu, eta oraingoan ere itsasoratuko gara», adierazi dute antolatzaileek oharrean. Argi dute «esku hartze politikorik egon ezean» itsasontziak ikuskaritza gaindituko duela.
Hobi komunak
Gazan, bitartean, egoera gaiztotzen ari da oraindik ere. Azken egunetan hobi komunak topatu dituzte zerrendan. Oraingoz bi aurkitu dituzte, Nasser eta Al-Xifa ospitaleen alboan. Ustez, Israelgo indarrek ospitaleetan egindako ekintzetan hil zituzten palestinarrak hobi komun horietan lurperatu zituzten. Zerrendako agintariek atzo jakinarazi zutenez, tortura zantzuak dituzte hilotzek.
Guztira, 392 pertsonaren hilotzak aurkitu dituzte aurreko larunbatean indusketa lanekin hasi zirenetik. NBE Nazio Batuen Erakundeak hobiak zein bertan aurkitutako gorpuen «froga medikoak ondo gordetzeko» eskatu du, «luze gabe» ikerketa bat abiatu ahal izateko.
Hautsak harrotu ditu hobien aurkikuntzak, eta HRW Human Rights Watch GKE gobernuz kanpoko erakundeko zuzendari ohi Keneth Rothek Israeli leporatu dio ikerketa independente bat «oztopatzea», gaur Al-Jazeera kateari emandako elkarrizketa batean. Rothen ustez, «bi aldeak elkarlanean arituz gero», erraz jakingo litzateke egia. Israel aferan izaten ari den jarrera arbuiatu du Rothek, eta «alfonbra azpian ezkutatu nahi izatea» leporatu dio.
Zaborra, arazo
Blokeoak bi noranzko ditu Gazan: laguntza humanitarioa ez da sartzen zerrendan, baina zerrendatik ihes egitea ere zaila da. Eta pertsonak irteten ez diren bezala, zaborra ere han ari da pilatzen. Herritar gehienek zerrenda hegoaldera egin dute ihes azken hilabeteetan, eta hango egoera geroz eta latzagoa da. UNRWA NBEko Laguntza eta Lan Bulegoak ohartarazi du laguntza humanitarioa sartu ezean —eta zaborra handik ateratzeko aukerarik egon ezean— «gaixotasunak hedatzeko arriskua» geroz eta handiagoa izango dela.
Lack of safe & unimpeded humanitarian access has devastating impact in #Gaza
— UNRWA (@UNRWA) April 26, 2024
Waste continues piling up & running water is scarce. As the weather gets warmer, the risk of disease spreading increases across #GazaStrip@UNRWA services are critical, but not possible without access pic.twitter.com/iy9T7wjVCZ
Egunak pasatu ahala, tenperaturek gora egiten jarraituko dute Palestinan. Egun, bero bolada betean dago zerrenda. Beroak zaborraren usteltzea azkartzen du, eta gaitzak hedatzeko arriskua areagotu. Beroak, ordea, ez du ondorio hori soilik; dagoeneko arazoak dituzte edateko ura eskuratzeko, eta bero boladak egoera okertu du. NBEren agentziak salatu du edateko ura «luxuzko zerbait» bilakatu dela zerrendan: «Ezin da ez ikusiarena egin Gazan dagoen hondamendi humanitarioaren auzian».
Bi aste AEb-etako protestak hasi zirela
AEB Amerikako Estatu Batuetako Gobernua Israelen aliatu nagusienetarikoa den arren, herrialdeko herritar denak ez daude ados Joe Biden presidentearen ekintzekin. Palestinari babesa adierazteko, gazteak kalera irten dira azken bi asteetan herrialdeko 40 bat unibertsitatetan, eta protestetan dozenaka lagun atxilotu dituzte. New Yorkeko Columbia unibertsitatean, adibidez, berrehun ikasle inguru kanpaldia egiten ari dira euren desadostasuna adierazteko.