Turkiarekiko jarrera «gogortzeko» eskatu diete SDFek aliatuei

Kurduak gehiengo diren koalizio militarraren komandanteak esan du Estatu Islamikoa erasoak prestatzen ari dela Ankarak lurreko operazio militarra agintzen duenerako

SDFen jarraitzaileak, joan den igandean, martxa batean, Qamishlin (Rojava). EFE.
ander perez zala
2022ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Hilaren 13ko Istanbulgo atentatuaz geroztik —sei lagun hil eta 50 zauritu zituzten—, Turkiako armadak ugaritu egin ditu Siriaren menpeko Kurdistanen kontrako erasoak, Ankarak PKK Kurdistango Langileen Alderdiari eta YPG Herriaren Babes Unitateei leporatu baitie erasoa. Bi talde armatu horiek egiletza ukatu duten arren, Turkiako armadak eremua bonbardatzen segitzen du oraindik ere, eta Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak esana du lurreko erasoaldi bat hasiko dutela garai egokia heltzen denean. Egoera horretan, SDF Siriako Indar Demokratikoak beren burua defendatzen ari dira egunotan, eta, Mazlum Abdi komandanteak atzo iradoki zuenez, aliatuen laguntza ez da nahi bezalakoa. Horregatik, Turkiaren erasoekin jarrera «gogorragoa» izateko eskatu zien Abdik AEBei eta herrialde arabiarrei.

Kurduak gehiengo diren koalizio militar horretako komandanteak «ahultzat» deskribatu zuen Washingtonek eta Ekialde Hurbileko inguruko estatuek orain arte izan duten erreakzioa, eta batez ere Siriako Gobernuari egin zion kritika hori, Baxar al-Assad herrialde horretako presidenteak oraindik ez dituelako salatu Turkiako armadaren aire erasoak. «Badirudi[Al-Assadek] ez diola Turkiari aurre egin nahi», Abdik adierazi zuenez. «Eraso horietan Siriako armadako martiriak izan dira, eta ez dut uste Turkiako armadaren eta Siriako Gobernuaren artean koordinaziorik izan denik».

SDFen komandanteak emandako informazioaren arabera, borrokak , «oraingoz», «Siriako lurraldearen barnean» ari dira gertatzen, baina, erasoek bere horretan segitzen badute, gerra «Turkiaren eta Siriaren arteko mugara» zabalduko da.

Abdik kezka helarazi zuen horregatik, baita EI Estatu Islamikoaren mehatxuagatik ere, esan baitzuen erasoak prestatzen ari dela Turkiako armadak lurreko inbasioa hasten duenerako. «Mehatxu bat da zibilentzat».

Bost soldadu turkiar hilda

Turkiako Defentsa Ministerioak, berriz, jakinarazi zuen Turkiako armadako bi soldadu hil zirela atzo, eta beste hiru hil eta bat zauritu zirela herenegun, Iraken menpeko Kurdistanen, PKKren aurkako borroketan.

Horiekin batera, ministerioak azaldu zuen gerrillako zazpi kide hil zituztela; lerro hauek idazteko orduan, talde armatu kurduak ez zuen informazio hori berretsi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.