«Ez da erraza azaltzen. Bularrean zegoen mantxa bat desagertu balitz bezala da»: hala deskribatu du Nabil Mohamedek Baxar al-Assad Siriako presidente ohiaren erorialdia. «Beste herrialde batzuetara iheslari joan ginenok beti saiatu gara Siria atzean uzten, baina oraintxe berriz planteatzen ari gara gure bizitza», azaldu du. Mohamedek, heldua denetik behintzat, urte gehiago eman ditu Istanbulen, Damasko jaioterrian baino, duela hamar bat urte ihes egin baitzuen bere herrialdetik, gerra zela eta. Turkiako metropoli hartan, Mohamed izan da ikasketak egiteko aukera izan duten siriar gutxietako bat; ezkonduta dago, eta lan kontratu iraunkorra du. «Itzuliko gara, baina goiz da oraindik. Egoera politikoa ez dago argi. Leku askotan, ez dago lanik, ez argindarrik, ez urik. Ez dugu nahi hara itzuli eta hutsetik hasi behar izan», azaldu du.
Assaden gobernuak porrot egin zuenean, ospakizun olde bat zabaldu zen Turkiako hiri askotan; Turkia da, hain zuzen, siriar gehien hartua duen herrialdea: hiru milioi iheslari siriar daude han erregistratuta. Gazte pila bat eta familia osoak irten ziren kalera, Siriako iraultzaren bandera hartuta —zerrenda berdea, zuria eta beltza, eta hiru izar gorri—, «hasiera berria» ospatzeko; lelo hori erruz zabaldu da egunotan siriarren artean. Turkiako Atzerri ministro Hakan Fidanek zera esan zuen: «Siriarrak etxera itzul daitezke orain». Hala, berriro jarri zuen arreta behin-behineko babeseko estatusari esker herrialde hartan bizi diren milaka lagunen inguruko agenda politikoan. Matxino batzuen erasoaren ondorioz Assad hain azkar erori eta gero ere, Ankarak oraingoz ez ditu bertan behera utzi asilo eskubidea lortzeko eskariak, Europako zenbait herrialdek egin dutenaz bestera. Duela bost bat urte, lau milioi baino iheslari siriar gehiago zeuden Turkian; orain, berriz, hiru milioi pasatxo, Barne Ministerioaren datu ofizialen arabera. Eskubideen aldeko zenbait elkarteren ustez, Turkia astintzen ari den inflazio krisiari zor zaio hori, askoz ere lan aukera txikiagoa baitago orain.
Azken hamar urteetan, bizimodua aldatu zaie Turkian bizi diren siriar askori. Ia 300.000k lortu dute Turkiako nazionalitatea, eta milioi erdi ume jaio dira han; gainera, haur gehien-gehienak eskolara bidali dituzte, eta turkiera hiztunak dira orain. Duela zazpi urtetik, lan merkatuan sar daitezke, baina enpresa gehienak ez daude prest baimenen gastuak beren gain hartzeko, eta, beraz, milaka familia behartuta daude ezkutuko ekonomian lan egitera. Hori gutxi ez, eta gizarteak gero eta gehiago arbuiatzen ditu errefuxiatu eta migratzaileak, oposizioko alderdiak arbuio hori akuilatzen ari baitira, Turkiako presidente Recep Tayyip Erdoganen kontra erabiltzeko asmoz.
«Egoera politikoa ez dago argi. Leku askotan, ez dago lanik, ez argindarrik, ez urik»
MOHAMEDSiriarra Turkian
Assad erori ondoren, Turkiako hedabideetan luze eta zabal agertu dituzte iheslariak jaioterrira itzultzen, noizean behin baita bideo faltsuetan auto karabanak erakutsiz ere Siriako mugara bidean. Nolanahi dela, azken astebetean siriarrak etengabe ari dira, egunero, muga gurutzatzen. Barne ministro Ali Yerlikayak emandako datuen arabera, hain justu, 7.621 siriar itzuli ziren Damaskoko erregimena eraitsia izan eta hurrengo bost egunetan. Atzerabiderik gabeko bidaia da, ordea. Izan ere, Turkiatik irteteko prozesuan, agintariek errefuxiatuak behartzen dituzte paper bat sinatu eta deklaratzera beren borondatez aterako direla herrialdetik eta uko egiten diotela behin-behineko babeserako estatusari. «Aste honetan joan nahi nuen beste aldera, baina jakin dut hala eginez gero ezingo naizela itzuli. Beraz, oraingoz Turkian geratuko naiz; zain nago, lehengusu batek esan dit-eta agian lan bat aurkituko didala Alepon», kontatu du Ibrahim al-Khasem gazteak. Ankarako Altindag auzoan bizi da gaur egun, eta eremu horri «Alepo txikia» esaten diote, siriar ugari bizi direlako han. «Turkian ez naiz gaizki bizi, baina ez da samurra aurrera egitea. Hemen ditudan lagunak Siriara itzultzen badira, ez zait inolako babesik geratuko hemen». Al-Khasemek esan du bere ezagunetatik bakarra itzuli dela oraingoz, eta han etxea eta familia dituelako bueltatu dela. «Iruditzen zait besteok zain gaudela, egoera noiz baretuko», gehitu du.
Mazen, berriz, bere jaioterri Homsera itzuliko da senide batek berretsi orduko lan bat aurkitu diola. Turkiako Izmir hirian harrapatuta egon da azken urteetan; milaka errefuxiatu abiatu dira hango kostaldetik Greziarantz. «Siriako egoera ez da oso egonkorra izango oraindik, baina ez dut uste hemen bizitzea baino okerragoa izango denik», azaldu du. Gaur egun, bi lanetan aritzen da, kontraturik gabe, bizirik iraun ahal izateko. «Lagunak egin ditut hemen, eta kultura ez da gurearen aldean oso diferentea, baina Poliziak kalean geldiarazi eta miatzen gaitu, eta jendeak ere iruzkin arrazistak egiten dizkigu. Ez dut sentitu nahi beti errefuxiatu bat izango naizela», erantsi du.
«Siriako egoera ez da oso egonkorra izango oraindik, baina ez dut uste hemen bizitzea baino okerragoa izango denik»
MAZEN Siriarra Turkian
Milaka siriarrek ihes egin zuten bere garaian gerratik, eta askok uste dute oraindik ez dela bukatu. Iruditzen zaie gorabeherek urteak iraungo dutela oraindik. «Assad erori da, baina hori ez da inolako garaipena. Denok irten gara galduan gerra honetan. Herrialdea norantz doan ere ez dago argi; eremu kurduetan errefuxiatu gehiago daude orain, eta denak errezoan ari dira beste erasoaldirik izan ez dadin», esplikatu du Baxir izeneko gazte kurdu siriar batek. «Ez dut ulertzen nolatan piztu den halako euforia. Gainera, orain, egoera kritikatzen baduzu, erregimenaren alde egotea leporatzen dizute, gogoan hartu gabe gu beti aritu garela erregimenaren aurka borrokan», deitoratu du.
Muhammad Salih Ali Siriar Iheslarien Aldeko Elkartasun Elkarteko presidentea da, eta, haren ustez, hilabeteak beharko dira jende gehiago itzultzen hasteko; izan ere, Assad joan ondoren, egoera ez da batere segurua, eta, oinarrizko zerbitzuak ez ezik, lana ere falta da; Turkian dauden siriar askok, berriz, badituzte lana eta oinarrizko zerbitzuak. «Ez dira egun batetik bestera itzuliko. Siriarrek ez dute esango: ‘A, bukatu da gerra, bagoaz, agur’. Siriako azpiegiturak oso kaltetuta geratu dira, eta arazoak daude osasun eta hezkuntza alorretan; eta, oroz gain, segurtasun arloan. Siriarrak itzul daitezen, azpiegitura horiek hobetu beharra dago», azaldu du.