Turkiako Parlamentuari boikota egingo diote diputatu kurduek

Hatip Dicle kurduari parlamentari gisa dagokion immunitatea ukatu izanak protestak eragin ditu Kurdistanen

Erredakzioa
2011ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
BDP Bakearen eta Demokraziaren Alderdiak Turkiako Parlamentua boikotatuko duela iragarri du, ezen immunitatea ukatu dio Hatip Dicleri YSK Hauteskundeetako Kontseilu Gorenak. Diclek 80.000 boto eskuratu zituen hilaren 12ko hauteskundeetan, eta diputatu gisa, immunitatea aurreikusten dio legeak. Estatuaren kontrako krimenak egitea egotzi zioten parlamentariari eta hogei hilabeteko kartzela zigorra ezarri; hauteskundeetarako lau egun geratzen zirenean berretsi zuen zigorra Auzitegi Gorenak.

Dicleri eserlekua ukatu izanak protesta oldea eragin du Ipar Kurdistanen. Diyarbakirren milaka lagunek elkarretaratzea egin zuten astearte gauean eta hainbat hiritan enfrentamenduak izan dira —dendak ere itxi dituzte zenbait lekutan—. Istanbulen, berriz, manifestariak sakabanatu zituzten poliziek negarra eragiteko lehergailuan baliatuta.

Saioa, atzeratuta

DTK Gizarte Demokratikorako Kongresuak, hainbat plataforma kurdu biltzen dituen erakundeak, egin die diputatu kurduei boikotarako deia. Diyarbakirren elkartu dira azken hauek eta aho batez erabaki dute neurria sostengatzea.

Turkiako Parlamentua berez gaur zen osatzekoa, baina auziak eragin duen polemika tarteko, saioa datorren asteartera arte atzeratzea erabaki dute. Parlamentuak 550 diputatu ditu, eta horietatik 36 dira kurduak, izan ere, azken hauteskundeetan inoizko emaitza onenak lortu ditu BDPk; aurreko agintaldian hogei diputatu zituen —Legebiltzarrean ordezkaritza izateko botoen %10eko muga gainditu behar dela ezartzen du legeak, eta, hori dela eta, kurduek independente gisa aurkeztu ziren bozetara—.

Recep Tayyip Erdoganen AKP Justizia eta Garapenerako Alderdiko ordezkari bat beteko du diputatu kurduaren eserlekua. Turkiako lehen ministroa auzipetuta egon zenean, berriz, immunitatea eman ziotela salatu dute ordezkari kurduek —2003an izan zen hori—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.