Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentearen AKP alderdiak kolpe gogorra hartu du atzo Turkian egin ziren udal hauteskundeetan. Botoen %99,9 zenbatuta, oposizioko CHP alderdi sozialdemokratak lortu du nagusitzea hiri handi gehienetan. 35 probintzia hiriburutan gailendu da. AKP lehen indarra izan da 24tan. CHPk eskuratu ditu, gainera, hiru alkatetza garrantzitsuenak: Ankara, Istanbul eta Izmir hirietakoak.
Udal bozen emaitzak AKPk azken hogei urteotan jaso dituen okerrenak izan dira, azken hauteskunde orokorretatik urtebete ere pasatu ez den honetan. Joan den maiatzean, Erdogan gailendu zitzaion CHPko hautagai Kemal Kiliçdarogluri —botoen %52 bildu zituen lehenak, eta %48 bigarrenak—. Presidentearen egoitzatik eman zuen hitzaldian, Erdoganek autokritika egin zuen atzo. «Gure akatsak eta gabeziak zuzenduko ditugu».
Hamar probintzia hiriburutan nagusitu da DEM ezker kurdua, zortzi eskuratu ditu MHP ultranazionalistak, bi AKPren aliatu izandako YRP islamistak, eta bana IYI nazionalistak eta BBP eskuindarrak.
Parte hartzea %78koa izan da, 2019ko udal bozetan izan zena baino sei puntu txikiagoa. Turkiako Hauteskunde Batzorde Goreneko presidente Ahmed Yenerren esanetan, herritarrek «lasaitasunez eta segurtasunez» bozkatu ahal izan dute, «gertaera tragiko bakanak» kenduta.
Gertaera horietako batean, bi pertsona hil ziren, Kurdistanen. DEM alderdi kurduko eta AKPko jarraitzaileen arteko liskarretan zendu ziren. DEMek salatu duenez, gobernuak «milaka» polizia eta soldadu eraman ditu bozkatzera Turkiaren menpeko Kurdistanera, emaitzetan AKPri mesede egin diezaieten. Izan ere, Turkiako legeak aukera ematen die militarrei eta poliziei destino duten lurraldean bozkatzeko, erroldan egon gabe ere. Klausula hori abusuz erabiltzea egotzi dio DEMek gobernuari. Lurralde kurduetan AKPk garaipena lortzeko erabiltzen duela salatu du.