Turkiako Hauteskunde Batzorde Gorenak betoa kendu die hautagai kurduei

Zortzi hautagaik ekaineko bozetan aurkeztu ahal izango dute; beste biren debekua berretsi dute, eta bi erabakiaren zain daudeKurdistanen liskarrak jazo dira hainbat hiritan, eta Poliziak indarrez erantzun du

2011ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Turkiako Hauteskunde Batzorde Gorenak atzera bota du hainbat hautagai kurduri datozen ekainean egingo diren presidentetzarako bozetan aurkezteko ezarritako debekua. Astelehenean, hain zuzen ere, hamabi hautagai independenteri betoa ezarri zien, iraganean bete zituzten kartzela zigorrek «hautagai izateko gaitasuna mugatzen» zietela argudiatuta.

Atzo, aho batez, betoa ezarri zieten hamabi hautagaitik zortzik bozetan parte har dezaketela erabaki zuten batzordeko kideek. Izan ere, horien parte hartzea «mehatxua» ez dela ebatzi dute. Horietatik seik BDP Demokrazia eta Bakerako Alderdi kurduarekin aurkezteko asmoa dute, beti ere independente gisa. Beste bi hautagaien betoa berretsi egin du, ordea, batzordeak, eta beste bi erabakiaren zain daude oraindik.

Hauteskunde Batzorde Gorenak ezarritako debekuak haserrea eragin zuen kurduen artean, eta astelehenaz geroztik liskarrak jazo dira manifestarien eta segurtasun indarren artean Turkian eta Kurdistanen. Atzoko eguna ez zen salbuespena izan. Ehunka kurduk kalera jo zuten, eta hainbat tokitan liskarrak piztu ziren: Batman, Van eta Bismil hirietan poliziek negar gasekin eta ur kanoiekin desegin zituzten manifestazioak.

Herenegun, Poliziak manifestari bat hil zuen tiroz Bismilen, eta beste hainbat zauritu zituen. Politikari kurduak, hain justu, Hauteskunde Batzorde Gorenak atzera egin duelako pozik badaude ere, manifestariaren heriotza gogoratu nahi izan dute. Sirri Sakik abokatu kurduak, esaterako, erabakia odolarekin zikindu dutela adierazi du. Emaitza demokraziarako onuragarri dela dio Sakik, baina «prezioa oso garestia» izan dela gaineratu du.

Hauteskundeak kolokan

Hautagai kurduei bozetara aurkezteko ezarritako debekuak kolokan jarri zituen hauteskundeak. Izan ere, Hauteskunde Batzorde Gorenaren erabakiaren berri izan eta gero boikota egingo zuela iragarri zuen BDP alderdiak. Izan ere, hauteskundeetara aurkezteko debekua ezarri zieten hamabi hautagaitik zazpi alderdi horrekin aurkeztekoak ziren. Erabakia «faxista» izan zela salatu zuen Selahattin Demirtas alderdiko buruak. Atzo, ordea, debekua atzera bota zutela jakin ostean, BDPk ekaineko bozetan parte hartuko duela iragarri zuen.

Turkian laugarren indarra da BDP, hogei eserlekurekin. Ekaineko bozetara hautagai independenteekin aurkezteko apustua egin du, izan ere, Parlamentuan sartzeko beharrezkoa da bozen %10 gainditzea. Hautagai independenteekin aukera handiagoa dute muga hori gainditzeko.

Azken inkesten arabera, 28 eta 35 eserleku artean lor ditzake BDPk. Hauteskunde Batzorde Gorenaren debekua hazkunde hori oztopatzeko ahalegina izan dela uste dute alderdiko kideek. Astelehenean, hain justu, betoaren onuradun bakarra agintean dagoen AKP Justizia eta Garapenerako Alderdia dela azaldu zuten. Izan ere, Kurdistan iparraldean BDPrekin lehia bizia du Recep Tayyip Erdogan presidentearen alderdiak. AKPko hainbat kidek, dena den, betoa salatu zuten, eta Hauteskunde Batzorde Gorenari atzera egiteko eskatu zioten.

Atzo, berriz, Turkiako segurtasun indarrek PKK Kurdistango Langileen Alderdiko hiru gerrillari hil zituzten Siriatik gertu tiroketa batean. Asteazkenean, berriz, Turkiako landa polizia bat hil zuten gerrillari kurduek. Otsailean bertan behera utzi zuen PKK-k iazko abuztutik indarrean zuen su-etena, gobernuak auzi kurdua konpontzeko urratsik egin ez zuela argudiatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.