Turkiako Gobernuak hiru alkate kurdu kargugabetu ditu

PKK Kurdistango Langileen Alderdiarekin harremana izatea eta «terrorismoa» leporatu die Ankarak. Protestak izan dira, eta gutxienez 60 lagun atxilotu dituzte.

Eskualdeko Polizia protestan parte hartzen ari zen herritar bat atxilotzen, gaur, Batman herrian (Kurdistan). BERRIA
Eskualdeko Polizia protestan parte hartzen ari zen herritar bat atxilotzen, gaur, Batman herrian (Kurdistan). BERRIA
maddi iztueta olano
2024ko azaroaren 4a
17:46
Entzun

Turkiako Gobernuak jarraitzen du kurduen mendeko udaletan esku hartzen, eta horren erakusle da, hain justu, Dem alderdi kurdu ezkertiarreko hiru alkate kargugabetu dituela gaur bertan. Turkiako Barne Ministerioak komunikatu baten bidez jakinarazi duenez, Turkia hego-ekialdeko Mardin, Batman eta Helfeti hirietako alkateei leporatzen die PKK Kurdistango Langileen Alderdiarekin harremanak izatea, eta, horregatik, «terroristak» izatea. Hiru hiri horietako alkatetzak Turkiako Gobernuak aukeratutako «funtzionarioen» esku utzi dituzte.

Mardingo alkate Ahmed Turkek Turkiako Gobernuaren ekintzak salatu ditu X sare sozialaren bidez, eta eskatu du «inoiz ez» amore emateko: «Ez dugu atzerapausorik emango demokraziaren, bakearen eta askatasunaren aldeko borrokan». Bide beretik, Demeko zuzendaritzak gaitzetsi egin du neurria, zeina «erasotzat» jo duen. Gaur kaleratutako komunikatu baten bidez salatu duenez, hiru alkateen kargugabetzea Turkiako Gobernuaren «beste saiakera bat» baino ez da, hots, «kurduak politika demokratikotik baztertzeko estrategia bat».

Are gehiago, Demeko zuzendaritzaren arabera, goizeko ekintzak «urratu» egiten dute herri kurduak botoa emateko eta aukeratua izateko daukan eskubidea. Hain justu, hiru hiri horietako alkateak joan den martxoan aukeratu zituzten, Turkiako udal hauteskundeetan. Oposizioko CHP Herrien Alderdi Errepublikanoak bat egin du Demeko alkateen kargugabetzeak salatzeko protestekin.

Protestak eta atxiloketak

Turkiako Gobernuaren erabakiak haserrea eragin du Turkiaren menpeko Kurdistanen, eta ehunka lagun atera dira kalera protestan. Van eskualdean negarra eragiteko gasa erabili du Poliziak, eta lau manifestari atxilotu dituzte, eskualdeko hedabideek jakinarazi dutenez. Halaber, Demen gertuko iturrien arabera, Batman hirian 60 lagun atxilotu dituzte; horien artean, kazetari bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.