Alkategai kurdu bati garaipena itzuli diote, protesta handien ondoren

Van hiriko emaitzak adierazitakoaren kontra egiten ahalegindu da Ankara, baina Dem alderdi kurduaren helegitea onartu du Turkiako Hauteskunde Batzordeak, eta Abdullah Zeydan hautagaiari garaipena itzuli behar izan diote.

Protestak Van hirian (Kurdistan), alkategai kurduaren garaipena baliogabetu ostean, gaur. YENI YASAM
Mikel Garcia Martikorena - Igor Susaeta
2024ko apirilaren 3a
19:30
Entzun

Dem alderdi kurdu ezkertiarraren helegite bat onartu du gaur Turkiako Hauteskunde Batzordeak, eta, horrenbestez, Van hiri kurduko alkatetza Abdullah Zeydanen eskuetara itzuli da. Turkiako udal hauteskundeak egin zituzten igandean, eta Demen hautagaia Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentearen AKP alderdiaren Abdulahat Arvas hautagaiari gailendu zitzaion han, botoen %55,5 lortuta. Herenegun, baina, Demekoaren garaipena baliogabetu zuen Ankarak, Zeydan hauteskundeetara ezin zela aurkeztu ondorioztatzen duen epai batean oinarrituta. Horrek protestak eragin ditu Kurdistango hainbat hiritan, eta Demek X sare sozialean idatzi duen mezu baten arabera, «herri kurduaren erresistentziari esker» itzuli diete bozetan irabazitako alkatetza.

Zeydanek BERRIAri azaldu dionez, justizia «gailendu» da. «Zegokigun agindua itzuli digute. Eta guri zegokigun, hori zelako herriak eskatu zuena, hauteslekuetara joanez igandean». Herritarrek erakutsitako babesaren aurrean esker ona agertu du. «Justizia aldarrikatu dugu elkarrekin, eta elkarrekin irabazi dugu». Kurduen alderdiek irabazi ohi dituzte Turkian bost urtean behin egiten diren udal hauteskundeak Kurdistango leku gehienetan, eta Ankarak emaitza horiek bertan behera uzteko ahaleginak egin ohi ditu. Erdoganen alderdiak kolpe gogorra hartu zuen igandeko bozetan, oposizioa nagusitu baita herrialdeko hiri handi gehienetan.

Ostiralean —hau da, bozkatu baino bi egun lehenago— Justizia Ministerioak hartutako erabakia dago alkatetza kentzeko epaiaren oinarrian. Hartan, Ankarak legez aurkakotzat jo zuen Zeydanen hautagaitza. Izan ere, Vango hauteskundeetan boto gehien eskuratu duen hautagaia atxilotu egin zuten 2016an, Turkiako parlamentaria zela Ankarak Kurdistanen aurka egindako bonbardaketak kritikatzeagatik. Atxilo hartzeaz gain, hauteskundeetan aurkezteko gaitasunik gabe utzi zuten. Azken zigor hori aurten kendu diotela argudiatu du alderdi kurduak, ordea. Justizia Ministerioak, bestalde, inhabilitazio hori bere horretan mantendu behar dela iritzi dio.

«Zegokigun agindua itzuli digute. Eta guri zegokigun, hori zelako herriak eskatu zuena, hauteslekuetara joanez igandean».

ABDULLAH ZEYDAN Dem-en alkategaia Van-en

Hauteskunde batzordeak helegitea onartu duela jakinarazi duten arte, manifestazio jendetsuak egin dituzte Van hiriko kaleetan zehar. Hango hedabideen arabera, Turkiako Poliziak kalera irten direnen aurka egin du: ehunka pertsona atxilotu ditu, eta protestak desegin, ur kanoiak eta negar gasak erabiliz.

(ID_17121504834375) Vaneko protestak
Vango (Kurdistan) liskarrak, gaur. YENI YASAM

Hedabidek salatu dute atzo gaueko protestak amaitu ostean Turkiako indarrak zenbait herritarren etxean sartu zirela, eta hainbat kurdu atxilo eraman zituztela. «Estatu kolpe bat ematen ari dira Vanen», esan dute kalera atera direnek, komunikabideek argitaratu dutenez. Turkiako Barne Ministerioak adierazi du 89 lagun atxilotu dituztela manifestazioak baimenik gabe egiteagatik eta PKK  Kurdistango Langileen Alderdiaren aldeko leloak oihukatzeagatik.

Erantzuna ez da soilik alderdi kurduetatik heldu. Oposizioko CHP alderdi sozialdemokratak ere —igandean egindako hauteskundeetan hiri handi gehienetan nagusitzea lortu zuen—  Erdoganen gobernuaren aurka egin du. Alderdi horren buruzagi Kemal Kiliçdarogluk —kurdua da— X sare sozialaren bidez erantzun dio alkatetza kentzeko erabakiari. «Suarekin jolasean zabiltza», ohartarazi dio presidenteari: «Turkiako Errepublika estatu laiko eta demokratikoa da. Hori ez duzue inoiz aldatuko!». Vango herritarren erabakia errespetatzeko eskatu dio Arvasi: «Vango herritarrek erabaki bat hartu dute; zure esku dago hori errespetatzea. Ohorea izan, eta eman dizuten karguarekin [alkatetza] apurtu lehenbailehen».

Bozen errepikapena

Van, hala ere, ez da oihal zuri bateko zertzelada bakan bat. Alderdi kurduaren aurkako ekintzak aurrera eraman dira beste hainbat lekutan. Demek salatu duenez, Sanliurfan (kurdueraz Riha) hauteskundeetako emaitzak indargabetu dituzte, AKPk hala eskatu duelako. Igandean, Demek botoen %33,2 eskuratu zituen, eta AKPk %30,72. Eskualdeko hauteskunde batzordeak zenbait bototan arazoak zeudela argudiatu zuen atzo. Hori dela eta, hiriko alkatetzarako hauteskundeak ekainaren 2an egingo dira berriro.

«Boto ilegalak» ere aipatu izan dituzte behin eta berriz alderdi kurduko kideek hauteskundeen harira; azkena, alderdiko kopresidente Tuncer Bakirhanek, X bidez. Boto horiek Sirnaken eman zirela esan zuen Bakirhanek, nahiz eta ez zuen azaldu zerk egiten dituen legez kontrako. Guztira 6.541 boto «ilegal» izan direla salatu zuen politikariak. Demek 2.500 botoren aldeagatik galdu zituen hiri horretako hauteskundeak. Turkiako legeak modua ematen du poliziek eta militarrek destino duten lurraldean bozkatzeko, erroldan egon gabe ere. Klausula hori abusuz erabiltzea egotzi dio Demek gobernuari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.