Turkiako Gobernua, protestak ito nahian

Abokatuak eta adituak bat datoz gobernuak legeaz abusatzen duela protestak debekatzeko, manifestariak atxilotzeko eta ziorik gabe behin-behinean espetxeratzeko.

(ID_14190889) TURKIA. Protestak
Polizia aurtengo harrotasunaren eguneko protestan parte hartzen ari ziren emakume batzuk inguratzen, joan den ekainaren 28an, Izmirren (Turkia).
Istanbul / Izmir
2024ko irailaren 7a
05:05
Entzun

«Goizaldeko laurak ziren. Polizia armatu batzuk ate joka hasi zitzaizkigun. Atxilo hartu ninduten, eta ez zidaten utzi familiakoak lasaitzen», kontatu du Bilgek, bere egiatako izena eman nahi ez duen 22 urteko ikasle batek. «Ez nekien zergatik neramaten atxilotuta; pentsatu nuen txio batengatik izango zela, baina ez: protesta batengatik atxilotu ninduten. Autoritateari aurre egin izana leporatu zidaten». Turkian atxilotutako ehunka pertsonetako bat da Bilge, eta gero eta gehiagotan gertatzen da hari gertatu zaiona: parte hartu agintarien baimenik gabeko protesta batean, eta Poliziak esku hartu; handik egun batzuetara, segurtasun indarrek manifestariak atxilotzen dituzte, etxez etxe egindako sarekadetan. Batzuk preso sartzen dituzte, behin-behinean; beste batzuk, aske utzi, noiz epaituko zain. Hainbat abokaturen arabera, halako kasuek ezaugarri bat dute beti: arbitrarioak izaten dira.

Apirilaren 2an, milaka lagun protestaka aritu ziren Turkian, agintariek ez zutelako onartu Abdullah Zeidan-en agintaldia: kurduen aldeko DEM alderdiaren hautagaia izanik, Van hiriko alkatetza eskuratu zuen Zeidanek. Maiatzaren 15ean, Poliziak 31 manifestari atxilotu zituen etxez etxeko sarekada batean, eta haietatik bederatzi preso sartu zituzten behin-behinean, autoritateari aurre egin izana egotzirik. «Gazteenak kartzelan sartu zituzten, zigor gisa, protesta gehiagorik egin ez dezaten», adierazi du auzia daramaten abokatuetako batek, Sena Yazibaglik. «Hala ere, Poliziak unitate antiterrorista bidaltzen die etxera, eta goizaldean agertzen dira, maskara jantzita, gaizkile handi bat atxilotzen ariko balira bezala».

Berriki izandako beste kasu bat: Istanbulen maiatzaren 1ean bildutako manifestarien kontrako epaiketa. Poliziak itxi egin zuen hiriaren erdialdea, sindikatuak eta alderdiak manifestatu ezinik uzteko, eta 216 lagun atzeman zituen. Aste batzuk geroago, sarekada bat egin zuten etxez etxe, eta 65 atxilotu. Fiskaltzak 13 urteko kartzela zigorra eskatu du haien kontra, «autoritateari aurre egiteagatik». Abokatuak bat datoz zigor eskaerak gero eta gogorragoak direla azken urteetan, eta ez da kasualitatea, gero eta bortitzago zapaltzen baitituzte adierazpen askatasuna eta Recep Tayyip Erdogan-en gobernuaren kontrako kritikak.

«Atxiloketetan, legea ez da errespetatzen Turkian, eta, ondorioz, eskubide asko urratzen dituzte sistematikoki, eta tortura erabili», esplikatu du Coskun Usterci-k, TIHV Giza Eskubideen Turkiako Fundazioko idazkari nagusiak. Erakunde horrek jakin duenez, 528 tortura salaketa izan dira 2023ko atxiloketei dagokienez: jipoiak, eskuburdinek eragindako zauriak eta lesioak, ileetatik tiraka egin, atxilotuari orduak eta orduak zutik egonarazi, gorputzaren toki berean kolpeak eman behin eta berriz.

«Poliziak esku hartu ala ez, horrek ez luke agintarien baimenaren mende egon behar, jende guztiak eskubidea baitu protestatzeko, manifestatzeko, martxak egiteko...»

SENA YAZIBAGLIAbokatua

TIHVk ohartarazi du segurtasun indarrek bortizkeria handia erabili dutela protestetan, eta torturak edo tratu txarrak eman zizkietela 2023an atxilotutako 3.679 laguni —haietako 58, adingabeak—. «Miaketan dabilenean, Poliziak askotan ez du errespetatzen protokoloa. Batzuetan, biluzik miatzen dituzte atxilotuak, beste ofizial batzuen aurrean, edo kamerak jarrita dauzkate abokatuak bezeroa lehen aldiz ikusten duen gelan, eta horrek urratu egiten du konfidentzialtasunerako eskubidea», kontatu du Yazibaglik.

Jopuntuan daudenak

Halaxe jokatu ohi dute ezkerreko alderdien kontra, kurduen auziarekin edo LGBTI komunitatearekin zerikusia duten aferetan. Agintarien gehiegikerietan aurrena manifestazioak debekatzea izaten da: probintzietako gobernazioen bitartez, ez diote baimenik ematen ekitaldi jakin bati, edo betoa jartzen diote kalean egin beharreko zernahi jarduerari. «Halako debekuak ez dituzte ezartzen legediaren barruan hartutako erabaki baten ondorioz: modu arbitrarioan hartzen dituzte; izan ere, protesta bat galarazteko, segurtasun publikoaren kontrako arriskuren bat behar da tartean», azaldu du Yazibaglik.

180

Zenbat egunetan debekatu diren ekitaldiak. Prentsa askatasunaren aldeko MLSA erakundearen arabera, aurtengo lehendabiziko sei hilabeteetan 180 egunetan debekatu dira ekitaldiak Turkiako hainbat hiritan.

Urteko lehenbiziko sei hilabeteetan, 180 egunetan debekatu dira ekitaldiak hainbat hiritan, prentsa askatasunaren aldeko MLSA erakundeak dioenez. Turkiako konstituzioaren arabera, herritar guztiek dute topaketak eta protestak antolatzeko eskubidea, aurretik abisatu beharrik gabe, baina gobernazioek hamabost egunez ere debeka ditzakete ekitaldiak, probintziako administrazio kodearen artikulu batean oinarrituta. Besteak beste, LGBTI komunitatearen harrotasunaren eguna galarazi dute, eta amen larunbateko protesta, 80ko eta 90eko urteetan desagertutako disidenteen gaineko informazioa eskatzeko egiten dutena. «Poliziak esku hartu ala ez, horrek ez luke agintarien baimenaren mende egon behar, jende guztiak eskubidea baitu protestatzeko, manifestatzeko, martxak egiteko...», zehaztu du Yazibaglik. TIHVko kide Ustercik nabarmendu du manifestazioak debekatzea ez dela legezkoa, nahiz eta gobernazioek probintzietako administrazio kode bati heltzen dioten hori egiteko. «Debeku horiek zera dira, larrialdi egoera etengabe bat, izenik gabea. Legea gehiegikeriaz erabiltzen dute etengabe».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.